Zuzenean

Maite Bidarte
NAIZ Irratia. Saioen arduraduna. Bideokluba saioko gidaria

Arte handiz ospatu du 1000. saioa ‘Bigarren Kafea’k

Zabalaga baserriaren aurrean, Chillida Lekuko belardietan ospatu du NAIZ Irratiko 'Bigarren Kafea' magazinak 1000. saioa, ostegun honetan. Ospatu bai, baina eguneroko esentzia mantenduta: gai sozialak, kulturalak eta zuzeneko musika ez dira faltatu.

Audio_placeholder

Arte handiz ospatu du 1000. saioa ‘Bigarren Kafea’k

Loading player...
Bigarren Kafearen 1.000 saioa dela ta, saio berezia egin dute Chillidalekun.
Bigarren Kafearen 1.000 saioa dela ta, saio berezia egin dute Chillidalekun. (Andoni CANELLADA | FOKU)

Garazi Esnaola pianoan, hainbat euskal kulturgilek idatzitako testu collage batekin eman diote hasiera ‘Bigarren Kafea’ren 1000. saio ospakizunari. Aurretik, Chillida Lekuko belardietan bildutako jendeak aukera izan du bost urte hauetako laburpen bat aditzeko, momenturik onenak.

Baina hori bertaratutakoentzako oparia izan da soilik. «Gurekin kafea elkarbanatu duten horiek pertsona hobeak egin gaituzte» esan dute ongi etorri modura aurkezle zazpikoteak: Iñigo Asensiok, Goiuri Ezeizak, Julen Goikoetxea, May Gorostiagak, Pablo Zurutuza, Oihana Maritorenak eta June Romatetek.

Chillidatar Mikel izan da lehen elkarrizketatua. Aiton-amonen legatua nabarmen du honek. Japoniar Kamishibai paperezko-ipuina kontatu du May Gorostiagak, eta gogoan izan du Gaza. Ez du gauza handirik behar kontalaritza japoniar honek: egurreko kutxa bat, ilustrazioak, eta narratzaile bat, eta harrapatuta geratu dira entzuleak Gorostiagaren ekainaren 12ko efemerideekin.

Ondoren, Oihana Maritorenak hartu du lekukoa dantza eginez. Berrikuntza zaleak dira Bigarren Kafekoak, bai, baina, nork dauka zerbait ospatzearen atrebentzia bertsorik gabe? Beñat Gaztelumendik jarri du ginda, koplaka.

Hutsuneaz aritu da Martin Etxeberria Euskadiko Arkitektura Institutuko edukien arduraduna, baita Izan Inurri elkarteko Julene Ilaramendi eta Lara Alonso ere.

Aurrera begira jarri eta aurkeztu dute 'Kafe nobelak: Habana' podcasta, Euskal Herriko hainbat umek gerra garaian bizitakoetan oinarritutako fikzio sonoroa. Ekainaren 20an estreinatuko da lehen kapitulua. Hain zuzen, memoria ariketa egiten dute hamabostero 'Bigarren Kafea' saioan Kontxita Beitiak eta Maribi Ugarte beteranek.

Txikitako lagunak ‘Bigarren Kafea‘k elkartu zituen berriro. Andre borrokalariak izan dira beti, aldarrikatzaileak, eta hala izan dira Chillida Lekun ere, zuri, gorri eta berde koloreak soinean «Gora Euskal Herria askatuta!» esan du batak, eta «gustatu ez zaionari belarriak itxi!», besteak. Horrelaxe bukatu dute haien partea.

Saioa borobiltze aldera, Iñaki Sotok eta Ane Urkirik, GARAko eta NAIZeko zuzendariek, hartu dute hitza. Sotok 'Labankada' podcastean izan zuen partehartzea gogoratu –ertzainburu jarri zuten desagerpen bat ikertzeko–, eta serio jarrita, bi zuzendariek aitortu dute 'Bigarren Kafea' saioak aniztasuna ematen diola etxeari, gauzak egiteko beste modu bat, «Kardashianismo politikoa».

Musika, nola ez

Ohiko saioetan gertatu bezala, 1000.enean ere zuzeneko musikak protagonismo handia izan du. Motorrak berotzeko, kaleratu berri duen 'Lore' abestia kantatu du Janus Lester beratarrak, besteak beste. 'Mugan' taldeko Pablo Zurutuza eta 'Esan Ezineko' Ianire Aranzabe ere aritu dira kantuan.

Ezin zen beste modu batean izan, musika maite dute Bigarren Kafea saioko kideek, eta hala eman diote bukaeran 1000. saio bereziari ere, kantuan.

 

Jaurlaritza Logoa