Zuzenean

‘Alde bereko etsai’ kantuaren bideoklipa kaleratu du Mugan taldeak

‘Aurrera ez den alde batera’ diskoari biziberritze bat eman dio talde donostiarrak kantu honen bideoklipa kaleratuta. 

Audio_placeholder

‘Alde bereko etsai’ kantuaren bideoklipa kaleratu du Mugan taldeak

Loading player...

Iazko azaroa bukatzear zela kaleratu zuen Mugan talde donostiarrak bere bigarren lana. 2022ko maiatzan kaleratu zuten estreinako lana eta zazpi kantu berrirekin agertu ziren urte eta erdi beranduago.

Folka eta popa bikain uztartzen dituen taldea dira eta indartsu sartu dira eszenan, are gehiago bigarren lan honekin eman duten aurrerapausoa eta gero. Iazko abuztuan Donostiako Piratetan eman zuten kontzertua mugarri garbia izan zen eta ordutik aurrera publikoa poltsikoratu zutela esan daiteke.

Maiatzaren 10ean Oiartzunen eta 12an Oñatin emango dituzte datozen kontzertuak eta ekainaren 15ean Soraluzeko SOUR jaialdian ere izango dira. Bitartean, NAIZ Irratiko MusikHaria saioan izan zuten elkarrizketa entzun dezakezue goiko erreproduzitzeko gailuan klikatuta. Diskoaren inguruko elkarrizketa luze eta zabala izan genuen Joseba Pastor eta Pablo Zurutuza taldekideekin.

Bideoklip berria

Diskoa irekitzen duen kantua da ‘Alde bereko etsai’. Intro berezi batekin hasi eta pop egitura garbia duen kantu epikoa, pianoaren presentzia nabarmenarekin. Taldekideak izan dira aktore lanetan oraingoan eta protagonista papera, berriz,  taldeko abeslaria den eta bideokliparen zuzendaritzan eta gidoigintzan ibili den Pablo Zurutuzak hartu du. Ondoan izan ditu, halaber, Marta Buendia eta Aitor Erkizia bideoklipa zuzentzeko. Berako MIK Estudioaren ataria ikusten da, besteak beste, bideoklipean, bertan grabatu baitzuten diskoa.

Aurretik Sua Enparantza aktorea protagonista zuen beste bideoklip bat kaleratu zuen single moduan Mugan taldeak, ‘Mina baino lehen’ kantuarena, Urbasa aldean grabatutakoa.

 

Jaurlaritza Logoa