Zuzenean

Disko berriaren atarian, Beste Bat saioak egiten ari da Mugan taldea

Donostian sortutako taldea aurkezteko aukera baliatu dugu MusikHaria saioan. Oraindik ez dute lanik kaleratu, baina 2021ean Kutxa Kultur egonaldia egin ostean, ikasi dutena praktikan jarri eta 2022an etorriko da Mugan taldearen lehen diskoa.

Audio_placeholder

Disko berriaren atarian, Beste Bat saioak egiten ari da Mugan taldea

Loading player...
Kresala elkarteko dantza taldearen bueltan sortu zen Mugan talde donostiarra. (FARIZZANO)
Kresala elkarteko dantza taldearen bueltan sortu zen Mugan talde donostiarra. (FARIZZANO)

2016an Pablo Zurutuza eta Joseba Pastor etxean hasi ziren bertsioak egiten eta handik gutxira Pablok kantuak sortu zituen. Josebak gustuko zituela ikusita, Donostiako Kresala elkartearen bueltan sortu zen Mugan, bertako dantza taldean aritzen zirelako hainbat taldekide. Taldean sartzen azkena Ander Murua izan zen: «nahiz eta lehengusua, Markos, talde berean egon, ez nintzen haren bidez sartu. Pablorekin parranda batean elkartu ginen, eta, gauzak errazago esaten direnez aldarte horretan, hor hasi ginen hartu-emanean. Biharamunean, Pabloren etxera joan nintzen eta bertan zeukan jostailuzko bateria batekin eta horrela egin genuen froga». Markosek horri gaineratu dio «entseatzen ere» bateria hori erabili zuela. Zerotik hasi zela esan daiteke, beraz Mugan taldea.

Eman zuten lehendabiziko kontzertua gogoan dute oraindik. «Amara Berriko jaiak ziren, ez gintuen inork ezagutzen eta nola festen antolakuntzan bagenuen lagunen bat, esan ziguten ea joko genuen eta guk baietz esan. Eszenario oso txikia zen, ez ginen kabitzen… baina ume txikiak Olentzeroren opariak irekitzean bezain ongi pasa genuen. Familia, lagunak… denak bertan ziren eta oso pozik geratu ginen», kontatu digu Markosek. «Zazpi izateak gauza onak baditu eta jende asko mugitzen dugula bada horietako bat. Fan inkondizionalen multzoa sortu zen bertan, bazekiten abestiak egiten genituela eta sekulako matraka eman genuen horrekin urtebetez, harik-eta kontzertu horretan egosten genbiltzana erakutsi genien arte. Gero, kontzertuko bideoa ikusi ostean, akaso beste gauza bat sentitzen da, baina oso oroitzapen ona da ordukoa», gaineratu du Pablok. Anderrek gogoratzen ditu kontzertu hartako hainbat baldintza eta baita «sekulako buila» sortu zuela ere: «Bateria gogotsu jotzen dut, ekipo txikia zen, teknikariak festa batzordekoak… Baina, gertatu zitzaidana da gauzarik bitxiena, oholtzan nintzela zerbait ahaztu, bila jaitsi, berriz igo, bateria ondoan utzi eta, handik jaisterakoan, oholtzatik erori nintzela da».

Lehen grabaketa
2019an izan zen kontzertu hura eta 2020an estudiora sartu ziren lehenengo aldiz, ‘Udabiberri’ kantua grabatzeko. «Esperientzia horri esker, ni ere grabaketa kontutan saltsan hasi nintzen. Dena eskertu beharra diogu Maikeli, Joseberen familiakoa delako eta dena eman digulako. MIK estudioan grabatu dugu, zuzenekoetan teknikari lanak egin dizkigu askotan eta lehendabiziko froga hori ere berari esker egin genuen, lehen aukera eman zigun, estudioan grabatzea zer den jakiteko. Beldurtzen gintuen pixka bat, baina aurrera egin genuen», kontatu digu Zurutuzak. Maketa soinua duen kantua da eta atzetik etorri diren abestietan nabaritzen da soinuaren eboluzioa. «Estudio batean sartzean hainbat gauza ikasten da: klaketarekin jotzen, zure burua entzunaz, bakarrik… Kontzertu baterako ikasi behar den bezala, estudioan jotzeko ere ikasi egin behar da. Grabatu genuen hartan, ez genuen buruan disko bat kaleratuko genuenik, hartara, ez zen sekulako ekoizpen lanik egon eta horregatik maketara baten gisako soinua izatearena», gehitu du Anderrek.

Bideoklipa eta guzti grabatu zuten ‘Udabiberri’ kantuarekin eta «lekua topatzea bera ere asko kostatu» zitzaien. «Igeldoko belardi batean egin genuen, lauzpabost lagunek lagundu ziguten dena mugitzeko eta abar. Eta estudioan bezala, hemen ere ikasi egin behar da egoten. Tranpa egiten ari zareneko sentsazio moduko bat sentitzen da, ez zaudelako zuzenean jotzen. Nire buruari esan nion ea zer egiten nuen bertan. Baina egun ederra pasa genuen, txikituta bukatu genuen arren, eta esperientzia bat gehiago eskuratuta», dio Markosek. Teknika desberdinak erabili zituzten bideoklipean, hori ere lagunartean egin zuten arren: «Aitor Erkizia da bideo horren egilea eta berarentzat ere lehendabiziko aldia zen. Pintx FPV ere etorri zen dronarekin eta irudi dotoreak eskuratu zituen. Denontzat zerbait berria zen eta egun oso polita pasa genuen».

Kutxa Kultur egonaldia
Kutxa Kultur egonaldirako aukera sortu zaie 2021 honetarako, ‘Udabiberri’ eta ‘Pangea’ aurkeztu ostean,  beste hainbat talderen artean hautatuak izan eta egonaldia egiteko aukera eman zietelako. «Gure frikismoa handitu da hein batean. Ordura arte egonaldi horretan egoten ziren taldeei jarraika ibilia nintzen eta, orain, lokala uztea, aholkularitza zerbitzua ematea, mentoringa, kontzertuak, estudiorako laguntza… sekulakoa izan da. Oso ona da halako zerbait 18 urteko pertsona batzuentzat», dio Zurutuzak. «Halako egonaldietan asko ikasten da, baina jarrera ere aldatu behar da. Lagunak izaten jarraitzen dugu, baina talde bezala egiten dugun lanarekin konpromisoa askoz ere handiagoa da. Izan ere diru bat ematen digute honengatik, kontzertuak ematen dizkigute… eta horrek guztiak txip aldaketa bat eskatzen du. Gure gorabeherak izan ditugu, baina asko ikasi dugu eta oso eskertuta gaude», dio Markosek. Anderrek, berriz, zazpikote izatearen abantailak ere kontatu dizkigu: «Asteburuetan ziren ekintza asko, eta txandaka joateko aukera genuen eta horretarako, adibidez, talde handia izatea abantaila da, beste askotan akaso zailtasunak ematen dituen arren».

Kontzertuen artean Atlantikaldian izan zuten aukeretako bat: «Irailaren 25ean jotzen genuen eta 26an Markos Austriara joan zen ikasketa kontuekin. Jonxa, Herenegun taldekoa, da orain gurekin gitarra-jotzaile moduan dabilena eta denek batera jotzeko aukera izan genuen. Tokietara joateko aukera izan dugu eta lehen joaten ez ginen tokietako bat da Atlantikaldia eta horretatik ere asko ikasten da».

‘Kalean’ abestiarekin beste soinu bat lortu zuten eta bideoklipean ere beste jarrera bat ikusi zaie. «Abesti hau entzutean sentitu nuena ez dut beste abestiren batekin sentitu. Maikelekin grabatu genuen, baina Mikel Irazoki izan genuen ekoizle lanetan eta aldaketa txiki bakoitzarekin soinuan sekulako aldea zegoen. Gorpuzkera bat jartzen zidan, deskribaezina dena», adierazi du Markosek. Mikel Irazokirekin izandako esperientziarekin ere pozik daude: «Ordura arte ez genuen sekula ekoizle batekin lanik egin. Zer egiten gabiltzan, zertarako, zein sentimendu nahi dugun jarri… Hori guztia ikasi genuen eta ordutik hona produkzioan arreta handia jartzen dugu. Guretzako presio moduko bat bazen halako artista puska batekin aritzea», gehitu du Zurutuzak. «Nik ez nekien nor zen Mikel Irazoki eta begiratu nuenean nor zen, esaten nuen ea zer zebilen gurekin, ea etxean asko aspertzen zen gurea bezalako talde batengana gerturatzeko», harriduraz Markosek.

Urteko azken kontzertua eta Beste Bat saioak
Abenduaren 30an DOKAn izango dira Mugan taldekoak, eta Markosek bertan ezingo badu egon ere, udaberrirako itzultzekotan da Austriatik. Taldeari eskaera bakarra egin dio: itzuli arte ez kaleratzea diskoa. «Otsaila edota martxoa tartean izango da diskoaren kaleratzea eta hura kaleratu bitartean azken kontzertua izango da DOKAkoa. Askotan esan diogu, Markosi urtarriletik diskoa atera bitartean kontzerturen bat lortuz gero Austrian, salbuespena egingo dugula», aipatu digute beste bi taldekideek.

Beste bat saioak ere ari dira egiten abendu honetan eta pozik daude esperientziarekin: «Hasi berriak gara eta uhinetako lehen esperientzia irailean izan genuen Hala Bedi irratian. Ordutik hona gehiagotan jarri gara irratiko mikrofono aurrean eta kontzertuetan ez bezalako urduritasuna sumatzen da. Orain, ordea, ez da elkarrizketa batean sortzen den sentsaziorik pizten eta gure musikaz hitz egiteko aukera izatea asko gustatzen zaigun zerbait da. Biluzten ari gara, banaka, ez talde bezala, eta filtrorik gabe ari gara egiten aukeraketak». Markosek gainera nabaritu du berak taldean eman izan dituen «plastadak balio izan dutela zerbaitetarako», kantuen hautaketan berak gomendatutako gauzak entzun ditugulako.

Disko berriaren zain, irratiaren webgunean edota podcast plataformetan daude entzuteko moduan Mugan taldearen Beste Bat saioak.