IRRATIA

Rap musikaren bilakaera meteorikoa aztertzen, Bronxetik Euskal Herrira

Gaurkoan lirikaz beteriko atala izango dugu Ad Libitum saioan. Esanahi handiko abestiak, errima
eta sonoritate zainduko esaldiak, letra interpretatzeko flow itzela eta (kasu gehienetan) gizarte
kausekiko konpromezu maila altua: horixe da rap musika, Bronxetik Euskal Herrira. Fight the
power!

Nerea Lorón, La Furia rap abeslaria oholtza gainean (Marison Ramirez | FOKU)

Este navegador no soporta el elemento audio.


Rap eta hip hop hitzak txirikordatu egin ohi dira askoren elkarrizketetan, sinonimoak balira bezala. Eta ez dira, ez. Hip hopa kultur mugimendu zabalagoa da, New Yorkeko Bronx auzoan 70. hamarkadan sortua, eta hainbat praktika barnebiltzen ditu: alde oral lirikoa, rapa izango litzatekeena; soinuen eta erritmoen manipulazioa, DJing deitzen zaiona; breakdance izeneko dantza, eta amaitzeko, alde piktoriko eta bisuala, graffiti izango litzatekeena. Rapaz ari garenean, beraz, MC deiturikoek botatzen dituzten errimadun abestien genero musikalaz ari gara; nahiz eta egia den rapa eta DJing praktika, normalean, eskutik helduta doazela.

Bronx auzoan genero hau sortu zenetik izan duen bilakaera aztertuko dugu: 80. hamarkadan rapa arrakastatsu bihurtu zuten taldeak ezagutu (Run DMC eta Public Enemy), gangsta raparen eta beste baitako liskarren protagonistak entzun (Notorious B.I.G eta Tupac Shakur), rapa klase ertain zurietara zabaldu zuen hartaz hitz egin (Eminem), emakumeek generoan izan duten presentzia ezkutu baina indartsua aldarrikatu (Queen Latifah) eta, beti bezala, estilo honen euskal ordezkariez gozatu: Selektah kolektiboa, Odei, La Furia, La Basu, Espinelis edota Glaukoma. Zabaldu ateak rapari!