IRRATIA

Liherren berriena Izkander Fernandezen denboraldiko lehen tartean

Aurreko ostiralean diskoak pilatuta zituela harrapatu zuen MusikHariako deiak Izkander Fernandez. Asteburuan hamar disko entzun zituen, nahiz eta aste honetan ekarri diguna, udako uztakoa den: «Errepidean entzun duguna, bidaiatzen izan garen denboran kotxean entzundako diskoak ekarri dut gaurkoan».

Badator estudioak egindako bideoklipak jantzi du Liherren ‘Hortzak’ kantua. (BADATOR)

Este navegador no soporta el elemento audio.


Jason Isbell & The 400 Unit - Death Wish

«Drive-By Truckers taldekoa da eta uste dut taldetik atera zenetik ez berak ez eta taldeak ere ez duela disko hobeagorik atera. Disko berri honekin, Weatherleavs, akaso Drive-By Truckers mailara iritsi dela esan daiteke, beraz, ez da gutxi. Hegoaldeko musika da entzungo duguna, Alabaman denbora luzez ibilia delako Jason Isvelt. Rocka, countrya eta americana nahastu izan ditu, eta Nashvillen sekulako arrakasta izan du bakarkako bidean», hasi du ikasturtea Izkander Fernandezek.

Rival sons - Bird in the Hand

«Talde estatubatuarra da, Longbeachen sortua. Bere garaian Longbeachen kontzertu pila bat izaten ziren eta historiako zuzeneko asko bertako pabilioi batean grabatuta daude. Bertan izandakoa naiz, eta ez du ezer berezirik itsasoaz aparte. Rival Sons bertakoak dira eta, nik dakidala, Euskal Herriko hainbat talderi asko gustatzen zaie, hala nola Kristonak taldekoei edota Liher taldeko Lide Hernando eta Iñigo Etxarriri ere bai. Soul eta bluesaren jolasa badago ahotsetan, badu berotasun hori Rival Sonsen musikak, nahiz eta bestelako doinuak jorratu eta hor Liherrekin egon daiteke paralelismo bat», dio lemoaztarrak. Darkfighter da diskoa eta azal oso berezia duela esan dezakegu: «Ekainaren 2an kaleratu zen diskoa eta, datu bitxi moduan, datorren hilabetean disko berria kaleratuko du, Lightbringer deitzen dena».

King Gizzard & The Lizard Wizard - Gila monster

Beste azal kurioso bat duen diskoa ekarri digu hirugarren tokian, Kuraiaren Piztu da Piztia ekartzen duena hein batean burura: «Kuraia politikoagoa izango da hitzetan ziur, baina bai, badu antzarik diskoaren azalak. Lan asko kaleratzen dituen taldea da, urteren batean bost ere kaleratu ditu Australiako talde honek, eta, normalean, gutxienez bi publikatzen dituzte. Kuriosoa da talde honek gazteekin konektatzen duela eta ez da ohikoena, baina hauen kontzertuetan gazte ugari ikusten da irudietan. Diskoaren titulua oso luzea da, ‘PetroDragonic Apocalypse; or, Dawn of Eternal Night: An Annihilation of Planet Earth and the Beginning of Merciless Damnation’, baina ‘Petrodragonic Apocalypse’ izango da jendearentzat».

Mamooth WVA - Like a pastime

«Eddie Van Halen gitarrista mitikoaren semearen taldea da eta honek ere badu gitarrarekin halako jario berezi bat. Berak konposatzen du guztia eta aurreko diskoan, gutxienez, grabatu ere dena berak grabatu zuen. Jarraitzen du gaur egungo hard rockaren argazkia osatu nahian, baina disko honetan beste genero batzuetan murgiltzen ere saiatu dela esango nuke. Emotik eta rock alternatibotik mugitzen zen Dreth taldearen eragina duela esango nuke. Hortaz, jolastea maite duela esan dezakegu», uste du Fernandezek.

Liher - Hortzak

Aurten MusikHaria gaueko ordutegiarekin izango denez, Izkander Fernandezen tarteak gauerdia pasa dezake, eta, oraingoan horrela izan denez, sorpresa bat eman diogu eta Liher taldearen berriena zuzenean berarekin estreinatu dugu, kaleratu den orduko. Sua taldeko Ane Barrenetxearen kolaborazioa du aurten kaleratu duten bigarren eta azken kantuak: «Lehendabizikoz entzun dut eta oso itxura ona duela esan dezaket, osagai interesgarri asko ditu. Liher dela nabarmena da, gitarra lodiak eta ahots melodikoak, bi ahotsetara gainera, nire munduan sartzen den kantua da», bukatu du MusikHaria saioko kolaboratzaileak.