IRRATIA

Azkena Rock Festivalen atarikoa Izkander Fernandezen eskutik

Ekainaren 15etik 17ra egingo da aurtengo Azkena Rock Festival jaialdia Gasteizko Mendizabalan. Urtero izan da bertan Izkander Fernandez eta berarekin egin dugu 2023ko jaialdiaren inguruko errepasoa bertara joan aurretik.

Calexico taldeak Arizonako doinuak ekarriko ditu aurtengo Azkena Rock Festivalera (CALEXICO)

Este navegador no soporta el elemento audio.


«2002an 25 urte nituela gogoratu dut eta pena pixka bat sartu zait, baina asteburu bikaina espero dugu aurretik Gasteizen. Ondo pasatzeko aukera izango dugu, rocka entzuten eta gitarra entzuten. Jaialdi berezia da, txikia delako eta erosoa delako, Azkena herri bat litzateke eta BBK Live hiri bat», hasi du aste honetako tartea Izkander Fernandezek.

Steve Earle - Guitar Town

Incubus taldearekin egin genuen sarrera moduko bat aurreko astean, baina aste honetarako bestelako doinuak aukeratu ditu Lemoako musika adituak. «Egun bakoitzeko artista bat aukeratu dut. Steve Earle ostegunean izango da eta 2003an izan zen bere The Dukes taldearekin Azkena Rock Festivalean. Bitxia da, urtebete lehenago, Bilboko Azkena aretoan lehenengo akustikoa eman zuela gure inguruan. Gaur ere akustikoan izango da eta akaso gogorra izango da ezagutzen ez duenarentzat, baina ezagutzen dugunok ongi pasako dugu ziur. The Birds taldeko kide baten ustez kantugilerik onenen artean dago azken 30 urteetan. Entzungo dugun abestia bere lehen diskotik aterata dago, 1986ko diskotik, country estiloan, baina handik gutxira bere ideia politikoengatik Nashville soinutik ihes egin zuen», azaldu digu Izkanderrek.

Calexico - Sunken waltz

 «Uste nuen talde honek jo zuela Azken Rocken, baina nahastuta nago agidanez. Lehen diskoetan goia jo zutela esango nuke sormen aldetik, 2003-2007 artean, talde oso garrantzitsua izan zela esango nuke ‘Feast of wire’ diskoarekin. Aurten disko horren 20. urteurrena da eta pentsatzen dut disko honi errepasoa emango diotela. Audience talde gernikarrari eragin diola esango nuke ezbairik gabe. Soinu berezia dute, countrya, americana eta filmetako soinu banden musika egiten dute. Pasadena, Incubus eta Soundtracks of our lifes taldeekin batera ostiralerako azpimarratuta ditudanen artean dago Calexico. Arriskatu egiten dute eta estilo aldetik asko zabalduta dago, mariatxia, countrya edota cumbia lantzen dituztelako», kontatu digu Musikharia saioko kolaboratzaileak.

Melvins - Honey bucket

«Grungea nagusi zen garaian Seattlen, hardcoretik metala sartzen hasi ziren Melvins taldekoak. Soundgardenentzat garrantzitsua izan zen taldea eta Kurt Cobain haien laguna zen, disko batean ere abestu zuen, gainera. Undergroundean ibili izan dira beti, ez dute nahi izan mainstreamean ibili. Black Sabbath taldearen eragina dute, gogorragoak eta lehoarragoak dira akaso, eta ‘Houdini’ diskotik ateratako kantu bat aukeratu dut, hain disko handiena eta eraginkorrena dela uste dudalako», esan du lemoaztarrak.

Monster Magnet - Powertrip

«Azkenakoei kritika egin izan diet bai esanda eta baita idatzita ere eta orain irratian esango dut. Ordutegi aldetik ez dute askorik arriskatzen euskal musikarekin, beti lehen orduetan jartzen dutelako eta Last Tour Internationalekoek nahiz eta geroz eta euskal talde gehiago jarri, gure taldeek beste ordutegi bat merezi dute, daukaten kalitatea sekulakoa delako. Gaur hala ere jendea gogotsu sartuko da eta Liher hasiera ona emango duen taldea izango da ziur eta pozik horrekin. Dena dela, azken kantua gaur ikusiko dugun Monster Magnet taldearena da, Queens Of The Stone Age taldearen atzetik jo zuten Azkena Rocken behin. Kantu hau ekarri dut enpresa pribatuan lan egiten dugunoi eskainita, uda sasoian beti estututa ibiltzen garelako. Kontua da, kantu honetan Monster Magnetekoek diotela jainkoak esan diela bizitza lasai hartzeko eta lan gehiago ez dutela egingo. Nire bitxikeria gehituko diot honi, pandemia aurretik hauen kontzertua izan zela ikusi nuen azken kontzertua. Hortaz, gaur norbaitek korrika ikusten banau eta pozik, ez dadila harritu», bukatu du Izkander Fernandezek.