Urgentzia hipermodernoa daukagu
Biziera hipermodernoak nola eragiten du auzi sozio-ekologikoak lantzeko orduan? Krisi klimatikoa auzi transbertsala da, eta abiapuntu horretatik heldu diogu gaiari Iñigo Martinez filosofoarekin eta Eneko Axpe zientzilariarekin izandako solasaldian.
Este navegador no soporta el elemento audio.
Garai hipermodernoetan bizi garela diote, ulerkera horretatik bizi dugula mundua, eta gaia gure kontestura ekarri dugu Naiz Irratian Iñigo Martinez filosofoarekin. Haren ustez, gure garaiko ezaugarrietako bat da teknologia, «honen miresmena», zehazki. Aldi berean, mundua aldatuko duten soluzioak eskatzen zaizkio zientzialariari, eta askok uste du teknologiak salba dezakeela mundua. Baina, urgentzia hipermodernoa daukagu, aizue! Egunero egiten diren eta inpaktu handia duten ekintzen artean kokatzen da elikadura. Alternatiba jasangarrien bila ari da Eneko Axpe zientzialaria, eta aurkitzekotan, teknologiari esker izango da. Horra hor txanponaren bi aldeak.
Elikadura sistema jatea baino askoz gehiago da eta, ongi erreparatuz gero, jasangarria izatetik ez dago horren gertu. Jasangarri izatea, baina, ez da berariazko ezaugarri bat, baliabideen erabilera intentsitateari lotuta dago, beraz, zeresan handia du gizarte-kulturak.
Garaian garaikoa. Iñigo Martinez Filosofiako irakaslearen eta Agora Filosofia Elkarteko kidearen arabera, gure aroa edo garaia ulertzeko distantzia falta arren, saiakera egitea lagungarria da, garaia ulertuz, maniobrarako tarte handiagoa izateko. Horrela, bizi dugun aroari hiru bereizgarri nagusi lotzen dizkio: indibidualismoaren kultura, teknologiarekiko miresmena eta bizitzaren esparru guztien merkantilizazioa.
Likidoa, ia gaseosoa
Aspaldi errotu den beste kontzeptu bat da likidotasunarena, ia gaseosorako jauzia egiten ari dena. Askatasun indibiduala goraipatzen duen aroak konpromisoarekiko mesfidantza dauka, are gehiago: norberaganako konpromisoa aldarrikatzen da eta indibiduotik haragoko engaiamenduak lotura gaitzesgarriak dira. Izan ere, Martinezek azaldu du neoliberalismo politikoaz eta ekonomikoaz gain, psikologikoa ere badugula. Hortik eratorri daiteke hipermodernitatea.
Hiper horrek gehiegikeria azaltzen du, dena da gehiegi, denak egin du gainezka. Martinezen arabera, hazkundearen logika gailentzen da eta ez soilik ekonomiarena. Informazioaren edo irudien arloan ere nabaria omen logika, informazio gaindosia eta irudi gehiegikeria baitago. Gure adikzioaren logikari jarraituta, hiperbizitza da gurea, hiperaktibitateak itotakoa.
Martinezek argi du «hiper» horretan pisu handia dutela urgentziak eta denboraren aprobetxamenduak; helburua da hutsunerik gabeko agenda antolatua, horrek arreta sakabanatzen du eta zaildu aisialdia eta lana bereiztea. Horren ondorioz, egungo bi diagnostiko, erdi sozial-erdi psikologiko, esanguratsu azaleratzen dira: estresa eta hiperaktibitatea.
Elefantea logelan dago
Biziera hipermodernoak nola eragiten du auzi sozio-ekologikoak lantzeko orduan? Egungo belaunaldien erronka handiena omen da larrialdi klimatikoa, baina honen eragina ez da berehalakoa, baizik eta denboran luzatzen da. Etorkizuna irudikatzeko erremintarik utzi ez diotena, nola kokatzen da gai hauen aurrean? Martinezek teknologiarekiko faszinazioa aipatzen du eta, agian, miresmen itsurik ez, baina esperantzarik izan daiteke garapen teknologikoan.
Horretan ari da Eneko Axpe fisikari eta zientzia dibulgatzailea. Klima larrialdiak kezkatuta, fisika arloan duen ezagutza elikadura ereduan aplikatuz aurkitu du eragiteko bidea, hau baita kutsadura iturri nagusienetako bat. Gaia logelan sartutako elefante batekin alderatzen du Axpek, beti erreparatu izan baitiegu kotxeei edota hegazkinei, baina ez elikadurak klima aldaketan duen eraginari.
Faktore ugari daude, esaterako, inpaktu handiagoa du jaten dugunak gidatzen dugunak baino, zeren garraio osoaren CO2 gasen isuri baliokidea %11 da eta elikagaiena, berriz %26. Faktore horien artean daude aipatutako CO2 isuri baliokideak, ur kontsumo izugarria eta lurraren erabilera.
Zientzialariaren esanetan, bizi gintezkeen landaren erdia baino gehiago erabiltzen dugu, jadanik, elikagaiak hazteko. Alderaketa eginik, hiriek hartzen duten landa-azalera %1 bakarrik da. Elikagaiak hazteko baliatzen den landa xehatuz gero, %12 erabiltzen da landareak hazteko eta gainerako %38 animaliak hazteko. bestelako erreferentziak erabiliz, basoek landaren %37 hartzen dute, alegia, jada animaliak haztera bideratutako lur gehiago dago eremu basatiak baino eta beste datu adierazgarri bat da ugaztunen %4 bakarrik dela basatia, %34 gizakiak garela, %35 behiak eta %12 txerriak.
Datu horien arabera, basa animaliak ez dira iristen %5era eta hazitako animaliak ia bi heren dira. Horrek sekulako eragina du biodibertsitatean. Axpe irakurketa egitetik harago joan da. Material biologikoen propietate mekaniko eta fisikoak ditu ikergai eta jakintza hori baliatu nahi du elikagai jasangarriak ekoizteko.
Haragiaren alternatibak
«Proteinan aberatsak diren baina jasangarriak eta osasuntsuak diren elikagaiekin ari naiz lanean, zehazki, haragiari alternatiba bila». Eta, zergatik? Bada, «jende askorentzat zaila delako okela jateari uztea», dio Axpek. Horregatik sortu dira bestela egindako okelak. Haragiaren alternatibak lau multzotan bereizi ditu: barazki bidezko haragiaren imitazioa, kultiboak, mizelioa eta hidrogenotropoak.
Imitazioari dagokionez, landareekin haragia egiten da eta fisika ugari aplikatzen da amaierako produktuak haragiaren zaporea izan dezan. Haragiaren propietate mekaniko edo testura lortzeko asko inbertitu da. Adibidez, haragi kolorea izan dezan eta sutan jarritakoan, gorritik griserako trantsizioa egiteko.
Kultibo zelularraren kasuan haragia jaten da baina animalia hil gabe. Hau da, behi baten fibroblasto bat eta hiru dimentsioko kultiboa egiten da. Mikroskopiotik begira, hori haragia da, kontua da, aberearen zelula gutxi batzuetatik abiatuta bioerreaktoreetan ekoitzi dela okela.
Hirugarren aukera da mizelioa, onddoen sustraia. Oso arin hazten dira eta proteina portzentaje oso altua dute. Horregatik, mizelioa proteina iturri bezala erabiltzen saiatzen ari direla azaldu digu Eneko Axpek. «Uste dugu etorkizunean elikagai garrantzitsua izan daitekeela», dio.
Laugarren estrategia hidrogenotropoak dira. 70. hamarkadan NASAn sortutako alternatiba bat dira «CO2a irentsi eta proteina ematen duten mikroorganismoak», dio, «esan genezake elikagai ultrajasangarriak direla».
Ona, ona, baina...
Baina, jasangarria ez bada, zergatik imitatu haragia? Axpek argi du haragia oso kulturala dela. Jendeak ez du aldatu nahi eta ate bat zabaltzen da jakinarazten bada ordezko elikagai hauek planetarentzat eta guretzat osasuntsuagoak direla.
Iñigo Martinez filosofia irakasleak azaldu duen bezala, «nahikoa daukat» esatea kontu konplexua da eta geure burua autosuntsitzen dugu, planeta bezala. Guztiak gaude erdibituta gure desira eta joera batzuekin. Aipatzen da gure gizartea bereziki adiktiboa dela eta adikzioaren ideia dela gehitzen joatea lehertu arte.
Axpek azpimarra egin du jaten dugunaren garrantzian eta, neurri bat hartu behar bada, «izan dadila barazki lokalak eta freskoak, fruitu lehorrak eta fruta gehiago jatea eta haragi gutxiago, bereziki, gorria».
Gaira ekarriz, Martinezek dio ezin dela atzera egin, helbura ez dela iraganera itzultzea, baizik eta, konparaketa historikoetan erori gabe, daukagunarekin nola egin beste era batera antolatzeko. Etorkizuneko elikadura, beraz, landutako alternatibetan oinarrituko al da?