BTN Baiona: tematiken garrantzia, errima zerrendak eta «uau»
Baionan ospatu zen finalaurrekoen bigarren itzuliko bigarren fasea, Nerea Ibarzabalek irabazi zuen saioa eta finalerako hautagai ia ziurra da. Axier Iriondo eta Koldo Gezuraga izan ditugu NAIZ irratian saioen tematikaz, erabilitako errima eta kontzeptuez eta bertan bizitakoaz hitz egiten.
Este navegador no soporta el elemento audio.
Baionako saioa aipatu eta Nerea Ibarzabalen izena etorri zaie bi gonbidatuei burura. Koldo Gezuragak sorpresak ere aipatu ditu: «Inkognita asko egon dira, ezuste asko eta sorpresak egon dira alor negatibotik, eta bigarren fase honetan itxaropena genuen bestelako sorpresak egoteko. Eta oso sorpresa positiboa egon zen, Nereak irabazi izana da poz horren ardatz, puntuei dagokionez ez zuen erraza, eta oso saio ona egin zuen, kiniela guztiak puskatzeko besteko saioa egin zuen, eta plazera da Nerea entzutea».
Bigarren faseko ariketa aldaketei eta orden aldaketari erreferentzia eginez, Axier Iriondok gustura aditu zituela aldaketak azaldu du: «Astuna ez zitzaidan egin, egia da lehendabiziko bi ariketek nahiz eta egitura aldetik ezberdinak izan karga antzekoa dutela, eta hirugarrena dela bizitasuna ekartzen duena».
«Leku konkretu batean jartzeak laguntzen du bertsoetarako, eta bertsoaldi batean baino gehiagotan kokatu ziren bertsolariak, zehaztasunak lortu zituzten eta hori oso aberasgarria da». Eta hortik abiatuta tematikek duten garrantziaren inguruan mintzatu gara, Nerea Ibarzabal eta Beñat Gaztelumendik zortziko nagusian egindako lana aipagai hartu eta bertsoak naziogintzan egin dezaken ekarpenaren inguruan hitz egin dugu.
Txapelketan errima eta hitz berriak ikusten ari garela azpimarratu zuen Iriondok, bereziak iruditu zitzaizkion zenbait ekarri zituen, «exita» esate baterako, eta bertsolariek errimak lantzeko erabiltzen dituzten teknika ezberdinak izan ditugu hizpide, zerrendak, talde semantikoak, petaloak...
Azken puntua: peto naranjadunen lana
Aste honetan, bertsozaleak sarri ikusten ez duen lanari jarri diogu ahotsa. Irantzu Idoate bolondres lanetan ibili zen Baionan, eta guztiak iritsi baino lehen, eta guztiak joandakoan aulkiak nork jarri eta eskuorriak nork jasotzen dituen kontatu digu.