Zuzenean
Pasa den larunbatean jokoatu zen Bertsolari Txapelketako azken finalaurrekoa, eta tentsioa zen nabari oholtzan zein oholtzatik kanpo. Jon Abril eta Igor Galartzarekin aletu dugu bertako saioa. Finalerako txartela lortzeko azken geltokia zuten bertsolari batek baino gehiagok eta horrek eragina izan zuen gure gonbidatuen ustetan.
Hasierako agurretik, norberaren aldartea, asmoak eta helburuak zehaztu zituzten Abrilen arabera: «Hasieratik joan zen bakoitza berea aldarrikatzera». Eta saioan ere aldarte horri eutsiz jarraitu zutela azpimarratu du.
Saioa oparoa izan zen, hasieratik sumatu zen hori Galartzaren esanetan: «Lehen ofizioa eta hamarreko txikia oso goian hasi zen, eta eusteko tekla jotzen ez zuten asko asmatu. Saioa hasteko ederra izan zen lehen ofizioa gotik hastea, baina gero erritmo horri eustea zaila izan zen».
Ganbarako lanean gaiari nola erantzun, eta bertsolari bakoitzak zein «bidezidor» erabili zituen ere aipatu dute. Guztiek hartu zuten posizio edo pertsonaia «interesgarria» Galartzaren arabera, baina «bete betean jo» zuena Jone Uria izan zela aitortu du. Abril ere ados dago gaiari hobekien heldu zion bertsolaria Uria izan zela esatearekin, nahiz eta, bere ustez, bertso hobeak egon ziren.
Azken puntua: Barakaldotik Iruñera
Abenduaren 18an jokatuko da finala, eta kokalekua aldatuko du txapelketak, Barakaldotik Iruñera igaroko da. Bertako bertsolaritzaren zein hizkuntzaren egoera aski ongi ezagutzen duen Irati Majuelok azaldu du berri «pozgarria» izan dela, eta zein ekarpen egiten duen horrelako ekimen kultural handi bat Nafarroan kokatzeak.