Zuzenean
«Gauzak lehenengo aldiz egitearen plazeretik joango naiz»
671 puntu eta erdi eskuratuta, Baionako saioa irabazi zuen larunbatean Nerea Ibarzabalek (Markina-Xemein, 1994). «Has dadila leiha» kantatuz abiatu zituen bertsoak. Esan eta egin; finalean hanka bat sartua du.
«Gauzak lehenengo aldiz egitearen plazeretik joango naiz»
Lehenik eta behin, zorionak. Zer moduz saioaren biharamuna?
Oso-oso nekatua nago. Ez dakit sinistu dudan oraindik zer gertatu zen Baionan. Oraindik gorputzetik pasa gabe dut. Pozik eta nekatuta nago, labur esateko.
Hasierako agurrean argi azaldu zenituen zure asmoak, leiharako gogoz zinen. Arantza bat kendu izanaren sentsazioa duzu?
Bai. Eta ez nuen espero hain argi amaituko zenik puntuazioa. Ni joan nintzen kalera joango nintzanaren ustearekin edo bestela puntu gehixeago batu eta Bilboren zain egon beharko nintzenarekin. Ez nuen uste finalean jada hanka hain sartua amaituko nuenik. Horregatik agurra prestatu nuen txoro xamarra. Txoroa ez dakit; amorru pilo bat baina aldi berean graziaren arteko nahasketa bat izan zen. Irungoa eta gero ez nekielako oso ondo nola kokatu eta erabaki nuen horrela joatea. Nahiz eta ez sinetsi gladiadoreen lehian, nahiz eta beste modu bateko bertsolaritzan sinistu, pentsatu nuen: «behintzat hasieran sartuko dut super-super fuerte natorrela eta gero ezin bada, ezin da».
Irungo saioaren ostean, zein aldarterekin iritsi zinen larunbatera?
Irungoa izan zen, indibidualki zein kolektiboki, kolpe bat. Liseritu beharrekoa. Eta ez genuen denbora asko izan eta ez dugu. Hortaz, nola egin leku disgustu bati, baina gero aldi berean indarrak hartu hurrengorako? Uste dut ez dudala batere ondo kudeatu Baionarako nola nengoen, uste nuen astea askoz hobeto pasako nuela, eta oraindik jarraitzen nuen arraro. Nebulosa batean nengoen eta pentsatzen nuen «Baionan egingo dut kriston kaka». Eta bestetik pentsatzen nuen: «agian dena-dena-dena emanda joaten banaiz, agian ondo egin dezaket eta behintzat txapelketa ondo amaitu».
Ez nekien Baionan oholtzara igo arte nola egongo nintzen. Eta gero oso pozik nengoen saioa amaituta, gai izan nintzelako joan eta lan egiteko. Uste nuen agian ez nuela lortuko.
Bertsokideekin ere eroso ikusi zintugun. Zer moduz haiekin kantuan?
Kantukideekin, oso gustora. Denak iruditzen zitzaizkidan ofizio kide onak. Bakoitza bere berezitasunean, denek ematen zidaten konfiantza handia eta zentzu horretan zozketan tokatutakoak tokatuta ere, berdin zitzaidan. Baina kasu honetan pozik hartu nituen gainera: bai Unai (Agirre), bai Beñat (Gaztelumendi) eta Eñaut (Martikorena) ere bai txikirako. Ez dakit, oso azkar pasa zitzaidan lehenego buelta eta oraindik ez dut berriz entzuteko aukera izan. Agian ez ditut entzun ere egingo (barrerak). Ikusten nuen azkar gindoazela, ni zentratua nengoela, batzuetan esateko gauza gehiagorekin, beste batzuetan gutxiagorekin; eroso, deseroro, arraro.. Baina beno, orokorrean argi sumatzen nuen neure burua eta ondo, gustura beraiekin ere.
Unairekin hamarreko txikian saltoki txikietako horretan uste dut Unaik oso ondo egin zuela, oso ondo argudiatzen zuen zergatik berak ixteko arrazoiak izan zitzakeen. Nik agian ez nion gauza handirik esan nire paperetik; baina nire buruari esaten nion eusteko, eta jotzeko optimismorantz, kolektiborantz edo ez dakit norantz.
Beñatekin, Seaskako ikasleen paperetik, berdin. Uste dut agian zortziko handian elkarri erantzuteko tartea dagoela, baina modu honetako gaiak norberetik egitekoak izaten direla . Baina uste dut nahiko ondo osatu genuela ariketa elkarrekin. Eta gero, Eñautekin umoregileenean, uste dut bazela gai konplexu bat. Zortziko txikian jarri beharrean beste edozein neurritan ere jar daitekeena. Azkenean, umorea ez da sinplea. Eta gainera zortziko txikian umorea egitea umoreari buruz, bi umoregile izan, zein motatakoak, bakoitza nola irakurria den... Eñautek beste elkarrizketa batean esan zuen berarekin jendeak barre egiten duela, berehala berak seriorantz egin nahi duenean ere. Bazeuden nere ustez gai batzuk hor, nire ustez potenteak zirenak. Eta neure buruari galdetzen nion ea zortziko txikian gaia ondo zaintzeko eta borobiltzeko gai izango ote ginen. Eta beno, egin genuen; nahiko borobila iruditu zitzaidan nola osatu genuen. Eta horrelaxe, lehen fasea azkar pasa zen.
Ganbarako bakarkako lanean bertso sorta ederra ondu zenuen. Gaia entzun eta zer pasa zitzaizun burutik?
Nahi baino gauza gutxiago. Eta hor pixka bat estutzen naiz. “Egun handia” esaten zuen eta horrek jada mugatzen zuen pila bat. Egoera posibleak mugatzen zituen. Eta hor etortzen zitzaizkidan ezkontza, enterrua... Azkenean, hori hartu nuen nik. Gero, ez joateko arrazoien bila hasi nintzen. Hor etorri zitzaidan familia arazo bat; joatea beharrezkotat jotzen diren kasu horiek, baina berez ez genuenak zertan joan... Ez dakit, famili-konpromisoak gauza batzuetan uste dut apurtu egin behar direla. Orduan bide hori hartu nuen.
Banuen Irungo mamua, denborarena. Denbora pixka bat joan zitzaidan eta ez nintzen ezta konturatu ere egin. Ez nion nire buruari gehigi galtzen edo nora jo pentsatzen utzi. Uste dut txapelketako hiru saioetan, Gotainen, Irunen eta Baionan, bakarka oso desberdin aurkitu dudala nire burua. Eta ez dakit esaten bakoitzean nola: batzuetan oso galdua, batzuetan kontrolpe sentsazio handiagoarekin... Baina Baiona zen ez kontrolatua nuena, baina bai Irunen baino kontrolatuagoa nuena. Era berean pozik nago, jendeak esan izan dit konektatu zuela Iruneko bakarkakoarekin ere. Eta nire buruari esaten nion nahikoa egin nuela, barrutik oso solte neraman bakarkako bat baitzen. Zentzu horretan, oso pozik nago nire buruarekin. Beldur handiarekin hasi nuelako txapelketa, beno beti hasten dira txapelketak beldur handiarekin; baina sentitzen dudalako lurra dardarka izan dudanetan ere salbatu dudala une horretako lana. Beti ez dela horrela izaten eta askotan huts egiten dugu, baina zortea izan dudanaren ustea dut gorpuztaldi desberdinetan behintzat lana amaitzeko.
1.344 puntu eta erdi batuta, behin behineko sailkapenaren 4. postuan zuade. Finalean kantatzeko aukera errealak dituzu. Abenduaren 3an argituko da. Zein espektatibarekin zaude?
Uste dut oraindik ez dudala sinetsi. Jakin-minez, ilusionatuta nago. Aldi berean uste dut eguna heldu ahala sentituko dudala ardura brutal bat. Imajinatu, Irungoa fasean zeuden puntukakoa eta seiko motza eta niretzat ariketa exijenteak dira. Eta haietaz ni agurtu egin nintzen nolabait. “Benga, listo; beno, agur!” Baina orain, finalean orain arteko ariketa guztiak daude, munduko ariketa guztiak batera! Eta ez dut entrenatzeko asti pila bat. Konfiantza dut orain arte egindako lanak ere egun horretan balioko duela. Eta batez ere, eguna gozatuko dudala, kontzentrazioari eutsi diodala. Argi eta garbi badaudela egun horretan bestelako ardura eta bestelako espektatibak dituzten bertsolariak eta beteranoak. Beraz gauzak lehenengo aldiz egitearen plazeretik joango naiz.
Txapelketa honetan asko aipatu da, alde batetik, emakume bertsolariek egindako lan kolketiboa eta horren uzta. Eta bestetik, belaunaldi berri baten presentzia eta lur-hartzea txapelketan. Zure kasuan, bien parte zarela esan genezake. Nola ikusten ari zara txapelketa bi elementu horiei dagokionez?
Uste dut zortea dugula aurretik emakume bertsolariek izugarrizko bidea egin dutelako. Beharbada konfrontazioz edo askoz zailagoak ziren egoerei aurre eginez, gu gauden tokian egon ahal izateko eta jendea dagoen lekuan egon ahal izateko.
Irungoa eta gero ez nekien haserrea nola kokatu. Alde batetik, haserrea norberaren buruarena edo nahiena. Baina gero, justu bost emakume ginen espektatiba handiko saio batean, eta eroaldi hori egon zenean puntuetan haserrealdi hori kolektiboki kokatzen nuen. Ezin nuen sinistu. Plazan dagoeneko beste irudi bat ematen ari garenean astebururo (...) bat-batean finalean plaza hori atzerago egotea.
Txapelketa da eta gauza asko daude tartean. Baina banuen beldur hori. 2017an galdera zen ea bigarren emakumea finalean sartuko zen ala ez. Eta uste dut aurten ez zela ezta hori planteatzen ere. Edo behintzat bigarren emakumearena ere jada gutxi da, ikusita zer maila dagoen.
Uste dut aldaketa etorri dela plazatik plazarako gure arteko saretze, ahalduntze bertso eskola, señora sariketa edo feminismoaren inguruan egin ditugun milaka ekimenetatik. Azkenean saretze baten ondorio izaten da txapelketa ere. Eta ez alderantziz. Eta nik dut hortik jarraituko dugula, txapelketan hurrengo urteetan gauza askoz gehiago gertatu daitezen. Baina plazan astebururo ari dira gauza interesgarriak gertatzen.