IRRATIA

«Dena txikitu nahi dute, eta, aurrera ateratzeko, gure hizkuntzak laguntza behar du»

2016an sortu zen Iruñean Bastardix taldea eta bost urte hauetan bigarren lan luzea kaleratu berri dute, ‘Amestutako lurraldea’, Baga-Biga zigiluarekin. Bederatzi lagunek osatzen duten taldeak, folk ukitu nabarmenak dituen arren, rockaren hainbat atal ere lantzen ditu. Ander Nagore izan da gurekin.

Diskoa berria kaleratu berritan, urtarrilaren 28an aurkeztuko dute Iruñeko Zentralen Bastardix taldekoek.

Este navegador no soporta el elemento audio.


‘Bakardadean’ kantua aukeratu dut diskoaren eta taldearen aurkezpen moduan, zuek 9 zaretelako.

Ez da partaide kopuruagatik letra e? Ikusi dugu, pandemiaren kontuarekin bakoitza bere aldetik geratzen ari zenean, putzu sakonetan sartu dela jendea, sekulako arazo psikologikoekin. Elkartasunean aritu garenean aurrera atera garela ikusi da eta bakarrik egon garenean, berriz, kili-kolo.

Taldean bederatzi izateak aldeko gauzak eta kontrakoak izango ditu noski.

Noski! Pentsa, hiru lagunen artean ados jartzea zaila izaten bada, zer izan daitekeen bederatzirekin. Demokrazia purua aplikatzen dugu eta gehiengoak nahi duena egin, baina eztabaidak izaten ditugu eta dinamita hutsa gara. Hortaz, doinuren batekin hasten garen bakoitzeko izaten da gatazka txikiren bat.

Edonork sortzen ditu abestietarako ideiak edota taldean nukleo bat duzue sorkuntzarako?

Edonork ekarri dezake ideia bat eta gero hasten gara lantzen. Baina, eztabaidak ekiditearren, normalean nik proto-abesti bat eramaten dut eta hortik hasten gara guztiarekin. Hala produktiboagoak gara eta ez dugu denbora galtzen alferrikako bueltak ematen abestiei edota inora ez doazen melodiak lantzen.

Baina zuk abestu bakarrik egiten duzu.

Uste dut belarri nahiko ona dudala eta sortzen gaitasuna dudala. Gitarrarekin, ordea, ez naiz batere abila eta zeharo itsusiak diren txistuak joz sortzen dira melodiak eta mugikorrarekin grabatu eta pasatzen dizkiet taldekoei. Gainera, zertarako joko dut nik gitarra, ditugun gitarra-jotzaileak izanda taldean!

Abesterako orduan baduzue punk-oi indartsuaren eraginik koralean, eta abestietan, berriz, Bizardunaken folka, metal ukituetan Mago de Oz gogoratu daiteke edota ‘Disnei kanta’ abestian Ska-P edota Dropkick Murphys etortzen da burura.

Denak daude gure eraginen artean. Bederatzi izatearen abantaila bada hori, bakoitzak badituelako bere gustu pertsonalak eta bizitzan entzundako kantu gogokoenak. Ez gara originalak, bakoitzak bestearen estiloetatik edaten dugu, sortzen hasten gara eta itxura taxuzkoa hartzen duela uste dugunean, kantarekin aurrera egiten dugu. Abesti honetan Ska-P-ren garrantzia garbi dago, baina Dropkick Murphys taldearen eragina disko osoan barreiaturik dago.

«Berreskuratuko dugu haien lekua, bortizkeria da bidea», akaso horrela sinisten duzue, baina musika estiloarekin bat egiten duen letra bat da gehiago, ezta?

Gauza kuriosoak esan eta atentzioa ematea izaten da gure nahia. Kantuaren sorreran, gure pertsonaia mitologikoak ahazten ditugula eta hor Disneyk egiten duen lanak eragina duela salatu nahi genuen, errazagoak edota erakargarriagoak direlako haien marrazkiak. Baina, gero, gure mitologia akaso umeentzat oso hezigarria ez zela iruditu zitzaidan, ez dira ez lirain ez politak, sekulako ankerkeriak egiten zituzten eta hori guztia, ez zuten ez gaur egungo moral edota etikarik, baina gureak dira. Hortaz, aldarrikapen txiki hori, haien memoriarena, egin nahi izan dut.

Letretan umoretik asko tiratzen duzue edota ironiatik. ‘Antisistema total’ abestiko Koldo benetakoa da?

Ez ez, benetako pertsona askorekin osatzen den pertsonaia da Koldo. Askotan joan gara sistemaren kontran, baina batzuetan ideia nahiko absurdoekin etortzen zaizkizu pegatinako anti-sistemak. Hortaz, askotan zera pentsatzen dut haien aurrean: «Benetan uste duzu horrekin sistemaren kontra zoazela? Askorik ez duzu egingo nire munduan behintzat». Hori ironikoki kritikatu nahi izan dut abestian.

Mezu ironiko-kritikoa da, baina aldarte ona eta festarako gogoa sortzen du!

Letra nahikoa gorabeheratsuak egiten ditugu, baina finean jendeak gure musikarekin ondo pasatzea nahi dugu, goza dezatela kontzertuetara datozenek, munduan badirela kezkatzeko bestelako nahikoa arrazoi.

‘Descanse en paz’ abestian hiriko bizitza estresagarriari kritika modu bat egiten diozue.

Jende asko bizitzan doktrina bati jarraika dabil eta ez dira zoriontsu, egiten ari dira ustez egin behar duten hori eta bukaeran lau helburu beteta badoaz. Baina disfrutatzen al dute bizitzaz?

‘Su legado’ berriz abesti punk bat da, zapaltzaileen aurrean tinko eusteari idatzia.

Duela 40 urtetatik punk taldeek zabaldu duten mezuari eutsi nahi izan diogu, klasiko bat da, baina badakigu hemen nola izan den kulturaren afera gurean. Euskaldunik ez balitz, espainiarrak ginateke Iruñean eta haiek pozik. Dena txikitu nahi dute, eta, aurrera ateratzeko, gure hizkuntzak laguntza behar du eta ez zapalkuntza.

Mezu horri berari sarkasmoz josita zuok erantzun diozue ‘La nueva revolución’ abestian. Bideoklipa grabatzean nola sentitu zineten?

Oso ondo pasa nuen, sekula ondoen pasa dudan grabaketa izan da. Pentsa Herrikoaren paretik horrela jantzita pasatzea, Espainiako banderarekin eta abar. Beldur pixka bat ere pasa genuen, ez pentsa, a zer nolako begiratuak! Faxismoak gizartean izan duen onarpena salatu nahi izan dut hitz hauekin, VOX bezalako alderdiek emakumeen kontra, migratzaileen kontra… sekulakoak esaten dituzte. Abestia idatzi ostean konturatu nintzen fikzioak ez zuela errealitatea gainditu, astakeria handiagoak bota zituztelako ordura arte esandakoekin alderatuz gero. Ezkerrekoak askoz ere gutxiagogatik kartzelan sartu dituzte.

Iruñeko Alde Zaharrean militarrak sartu zirenean, itxialdi garaian, ikusita zer pasa zen, zuek muturreko kirola egin zenuten grabaketan.

Egia da pixka bat probokatzea ere gustatzen zaigula, kar-kar. Bideoklipean asko esajeratu genuen eta dena parodia bat zela garbi ikusten da gero. Baina ez dakit oso ondo interpretatu ote duen jendeak kantua.

‘Abesti baten ipuina’ kantuan historia manipulatzen dela esaten da. Denok ez al dugu manipulatzen pixka bat komeni zaigunean gure historia?

Bai noski. Baina kantuan bada atzeko mezu bat, suizidioaren gaia dago. Jendeak sekulako arazoak ditu eta geroz eta gehiago ez denaren itxura ematearekin. Inpaktu handia du gai honek eta jende askok jotzen du suizidiora gaixotasun psikiko hauekin. Ez dute behar beste laguntza profesionalik, ez dira babesten eta ikusi besterik ez dago osasungintza publikoan nola dagoen kontua eta zeinen baliabide gutxi dagoen gai hauetarako.

Kantu berezi bat ere sartu duzue, festara eramaten gaituena. Beste hainbat taldek ere doinu zelta tradizionalekin egin duten moduan, zuek kutsu horretara bideratu duzue ‘Bolant dantza’. Nondik sortu da ideia?

Akordeoi-jotzailearen eta biolin-jotzailearen ideia izan da, Luzaiden lagunak dituzte eta bertan asko ibili dira. Haiek esan zuten ea zergatik ez genuen bertsio bat egiten euskal kantu bati omenaldia egiteko. Abesti polita geratu da, dantzagarria.

Festarako beharra sentituko duzue zuek ere.

Bai, oraindik ere gazteak sentitzen garelako eta denbora galtzen ari garela sentitzen ari garelako.

Publikoa zutik dela aurkeztu duzue kanta hau?

Oraindik ez, diskoa zuzenean aurkeztuko dugu urtarrilaren 28an, Iruñeko Zentralen, eta hor kantu guztiak jotzeko aukera izango dugu.

Eta badira gehiago edo suabe-suabe zoazte?

Badira, baina nik hurrengoa bakarrik dut gogoan. Hala ere bai, etorriko dira!

Bukaerarako mezu indartsua duten hiru kantu utzi ditut. Lehendabizikoa ‘Zuhurkeria’ deiturikoa, gaur egun bizi dugun lurraren suntsiketa hori salatzen duzuena.

Pelikula denok dakigu eta ez dakit jaramonik egiten ote diogun. Fisika eta kimika irakaslea naiz eta klase labur bat emango dut. Biodibertsitatearen galerarekin, birus hauek, geroz eta gehiago sortu eta zabalduko dira. Beroketa globalarekin gauza bera, biodibertsitatea suntsitzen da, korronteak aldatu… Pentsa zeinen gaizki gauden Europak 2050ean jarri duela CO2 emisioei bukaera emateko muga. Baina benetan atzerabueltarik ez duen unera iritsi arte iruditzen zait ez garela kontziente izango, horrelakoak garelako… Eta, orduan, ez du konponbiderik izango.

‘Pirañak’ izan zen lehen singlea. Nik ulertu dudana da gu igerileku handi batean gaudela eta inguruan kritikaz josten gaituzten pirañak ditugula igerian. Bada sare sozial bat ‘Abesti baten ipuina’-rekin lotu daikeetan; Instagram, eta Twitter izan daiteke ‘Pirañak’ daudena.

Izan daiteke, bai. Gertuko pertsona bat armairutik atera zen, homosexuala zela esan zuen eta familiak ez zuen onartu. Familia askok dio aurrerakoiak direla eta hori guztia, beren familian halako zerbait gertatzen den arte. Gaur egun ez da jipoitzen, zorionez, baina, egiten diren komentario desegokiak eta babes falta hori ere sumatzen dute pertsona horiek, norberari sekulako kaltea eragin dakioke, bakartua sentitzen delako. Ni saiatu nintzen lagun hau babesten, eta, kantua idatzi eta erakutsi nionean, asko gustatu zitzaiola esan zidan. Orduan kaleratu genuen. Ea beste norbaiti laguntzeko balio duen.

Kantu honek eta ‘La llegada’ kantuak, diskoaren itxierako eta hasierako abestiak dira eta itsasoak lotzen ditu. Zuek itsasorik ez Iruñean, ordea.

Ipar Poloa urtu eta Iruñea tropikala sortu zain gaude, kar-kar. Txantxa da! Ez dakit zergatik, baina itsasoari sekulako miresmena diogu.

Diskoaren azalean ere agertzen da txalupa bikingo bat-edo ur-azalean.

Tira, patera bat ere izan daiteke. Bakoitzak bere zentzua eman diezaiola.

Hori jakinda, diskoaren lehen kantua entzuten den unean ulertuko ditu entzuleak diskoaren titulua eta eman berri diguzun azalpena, ‘La llegada’ migrazioaren krisiari idatzitako kantua delako.

Askotan aipatu da eta ez da ezer berria. Enpatia falta handia dugu pertsona horiekin, animaliak baino okerrago tratatzen ditugu eta animaliek ere ez dute horrelako traturik merezi. Eskuina ez dut ulertzen, lanera datorren jendea da eta gure jaiotza-tasa behera doa nabarmen. Hartara, kotizatu egin dezakete eta pentsio-sistemari eutsi, haiengan inbertituko balute, kapitalismoaren gurpila ez litzateke lehertuko 20 urte barru. Pentsa norainokoa den haien zentzugabekeria. Ez diot daukagun dena eman behar diegunik edota etxeko atea zabaldu behar denik parez-pare, baina bai gutxienez haien azalean jarri eta haien aldeko neurriak eskatu.

Mila esker hain ongi azaltzearren diskoaren mezuak.

Mila esker zuei gu entzutearren.