Pandemoniyua | Kattalin Miner
Este navegador no soporta el elemento audio.
2020an abiatutako 'Etxeko Uzta' podcastaren adar bat da 'Pandemoniyua'. Elkarrizketa sorta zabal bat. Gure herriko sortzaileekin arituko gara solasean, pandemiak haien bizitzara eta lanetara ekarri duena ezagutu eta hausnartzeko. Kattalin Miner gonbidatu dugu gurera.
«Konfinamendua benetan 15 egun izango zirela uste zuen horietako bat nintzen ni» esan digu Minerrek, horregatik akaso, ongi aprobetxatu du denbora: Pandemiaren erdian kooperatiba bat martxan jarri du eta liburu bat ere idatzi du 'Turista Klasea'. Bizi dugun egoerak hainbat kezka sortzen badizkio ere, mezu optimista utzi dio Pandemoniyuako entzuleari: «Pasako da. Errekuperatuko ditugu kaleak, gaua eta militantzia. Denbora hau konspiraziorako erabili. Elkar topo egingo dugu laster».
Kulturaren egoera, nerabe eta belaunaldi berrien ohitura aldaketak, militantzia eredua, poliziaren presentzia, ezkerretik eraikitzen den diskurtsoa...kezka ugari baditu Minerrek. «Kultura segurua bai, baina noren kultura?» dio hernaniarrak. Osasun publikoarekin gertatu bezala, berdin gertatu da kulturarekin bere ustez, eta ez da gauza berria: «hau aspalditik dator, eta orain ikusten ari gara zein hausgarria den gure kultur sorkuntza. Ni larrituta nago egoerarekin». Kezka ere hurrengo belaunaldiekin, nerabeekin lan egitea tokaltzen baitzaio Minerri eta dio «super txintxo daude eta ohitutzen ari dira, eta horrek bai ematen dit sustoa». Kezka baino gehiago duda, ezkerretik eraikitzen ari den diskutsoarekin ere. Baina aitortzen du berari ere zaila egiten zaiola, eta ez dakiela zein den bidea, izan ere: «oso obedienteak izaten ari gara, baina nola izan desobediente kolektiboa jokoan dagoenean? Nola izkin egin autoritarismoari insolidaria izan gabe?
Datorren abenduaren 14 eta 15 ean izango da Feministaldia eta egungo egoeran hura antolatzea erreza izaten ez dela ari dio. «Lan handia da eta dena dago ari batetik zintzilik», baina «pentsamendu feministarako ere oso interesgarriak dira bizi ditugun garai hauek».