IRRATIA

Azpeitiko Sanagustin kulturgunea edo Ibizako 'Ushuaïa'?

Elektronikaren indarra publiko zabalago bati eskaini zion Zetak taldeak ostiralean, Azpeitian. Ibizako diskoteka handietan izaten diren DJek ematen dituzten emanaldien pare jarri genezake bertakoa, baina zuzeneko musikarekin. Euskal Herriko musikari zerbait apurtzailea eta ausarta ekarri nahian sortu ziren, eta, momentuz lortu dute. Musikaren belaunaldi aldaketa nabarmena den honetan, erreferentzia handietako bat izan daiteke Zetak.

Udako irekiera festa baten modukoa izan zen ostiralekoa. (Jon URBE | FOKU)

Este navegador no soporta el elemento audio.


'Naiz Kontzertuak' bereziak izaten ari dira. Aulkian eserita mantentzen kosta bazitzaigun aurreko kontzertuetan, Zetak taldeak eskaini duen honetan are gehiago kosta zen. Ostirala arte bost kontzertu zituzten emanak, eta, elektronika maite dutenek proposamen oso interesgarria ikusi eta entzuteko aukera izango dute aurrerantzean ere. Ostiralean eman zuten kontzertuak, elektronika munduan mugitzen den edozein aretotako irekiera festa zirudien, osasun-araudiaren muga guztiekin jakina.

Izkander Fernandezen ustetan «elektronika poparen zerbitzura» jartzen du Zetak taldeak. 'EDM' eta 'Drum & Bass' estiloak oso nabariak dira Pello Reparaz buru duen taldean, eta zuzenekoan are nabariago geratzen dira. Eta, elektronika da bai, baina zuzenean jotzearen artea oso presente dago.

«Guztia neurtuta zegoen kontzertuan, Jon Maiaren sartu-irtenez harago, eta horrek emaitza borobila izatea dakar» esan digu Fernandezek. Eta ez zaio arrazoirik falta. Ikus-entzuneko aparta bai bertan zeudenentzat eta baita pantailaz bestalde ikusi zutenentzat ere. Argien jokoak, Jon Maiaren hitzaldiak –edo hitzaurreak, kanten aurkezpena egiten baitzuen modu liturgiko batean–, kameren errealizazioak… emanaldi borobila egiten lagun zuen hainbat elementu elkartu ziren.

Une hunkigarriena, berriz, azken kantuaren aurretik iritsi zen. Pello Reparazek bere gurasoei omenaldia egin zien, 38 urte elkarrekin daramatela eta haiek gabe egiten duena ez zela posible izango aipatuta, negar malkotan ekin zion 'Errepidean' kantua abesteari.

Baina denetarik izan zuen emanaldiak, instrumentu aldaketak eta elektronikaren pieza klasikoen moldaketak, esaterako. Hori guztia jorratu dugu hemen entzuteko moduan daukazuen hizketaldian Izkander Fernandezekin. Zeinen ederra izan zen ostiralekoa eta zeinen ederra izango den datorren guztia. Momentuz, ostiral honetan, Huntza taldearen txanda. Gero, gerokoak.