Zuzenean

Iker GURRUTXAGA

Lehen zikloaren ostean badatoz aukera berriak

En Tol Sarmiento izan zen ostiralean 'NAIZ kontzertuak' ekimenaren lehen zikloari bukaera ematen Bilboko Santana 27 aretoan. Ekorako taldeak orain arteko emanaldirik luzeena eskaini zuen, tartean 'Aukera berriak' diskoko kantu asko aurkeztuaz. Erreleboa pasa dio Belako taldeari, eredu berriarekin, eta etenik gabe aste honetan bertan hasiko da bigarren zikloa.

Audio_placeholder

Lehen zikloaren ostean badatoz aukera berriak

Loading player...
ETSrena NAIZ Kontzertuak lehen ataleko azken saioa izan da. (Gaizka PEÑAFIEL / FOKU)
ETSrena NAIZ Kontzertuak lehen ataleko azken saioa izan da. (Gaizka PEÑAFIEL / FOKU)

Jende asko ikusi zitekeen Santan 27 aretoan ETSk eman zuen kontzertuan, «gehienak gazteak, orain arte ikusi dugun publiko gazteena behintzat» esan digu Izkander Fernandezek. Hasierako planotik orain arteko kontzertu «ortodoxoena» izango zela ere aurreikusi zuen NAIZeko musika kritikariak.

Argiekin jolasean arituko zirela aurreratu zuen 'Bigarren kafea' saioan Iñigo Etxezarretak eta hori nabari zen etxetik. «Nahiz eta garai bateko bideoklipetan bezala argiekin sekulako intentzioa jarri, ez da erraza izaten etxetik ongi ikustea atzetik dagoen lana. Baina bertatik bertara edota plano orokorrean ikusi zitekeen argien jolasa» aipatzen du Fernandezek. Musikariak planotik irteten ziren NAIZen logoa erdi-erdian garbi ikusteko, esaterako, eta haren bueltan egiten zituzten hainbat kontu argi teknikariek.

Momentu akustikoa ere izan zuen kontzertuak eta Fernandezen ustez «Nøgenekin edota Huntzarekin gertatu bezala, momentu akustikoa oso ederra izan zen. Badirudi une horrek asko funtzionatu duela 'NAIZ kontzertuak' ekimenaren barruan. Gauza xume eta sotil batek emozioan eragin dezake, eta, orain arte, asmatu dute guztiek ere».

Dantzarako beta ere izan zen eta «festa girora ederki eraman» zigutela kontatu digu Izkander Fernandezek. Hori baita hein batean En Tol Sarmientok lortzen duena. Guztiok dantzan jartzea.

Ostiral honetatik aurrera eredu mistoari emango zaio hasiera Belakorekin. Kontzertua bertatik bertara ikusteko sarrera guztiak agortuta dauden arren, streaming bidez, etxetik ikusteko aukera 2,5€an izango du nahi duenak. Gainera, datozenak ere ikusteko aukera ematen duen bonua eskuratzeko aukera dago 8€ren truke. Horrela, Belakoz gainera Esne Beltza, Liher eta Skabideanen emanaldiak etxetik ikusteko aukera ere edukiko luke bonua duen orok.

Jarrai dezagun eman digutena itzultzen, gure musikaren alde.

Jaurlaritza Logoa