Zuzenean

NAIZ Irratia

Pello Reparaz: «Jendeari zerbait ezberdina ikusteko jarrerarekin etortzeko eskatuko nioke»

«Guretzat inflexio puntua hau da, hona iritsi nahi genuen». Konfinamendu osteko lehen kontzertua emateko gogo biziz daude Zetak taldekoak, Pello Reparazek NAIZ Irratian azaldu duenez. NAIZ Kontzertuetako saioa asko landu dutela dio eta jendeari «zerbait berezia» ikusteko prest joateko deia egin dio. Primiziatxo bat, Jon Maia bertsolaria ere Sanagustineko taulan izango da ostiralean.

Pello Reparaz
Pello Reparaz

NAIZ Kontzertuetako hurrengo protagonista Zetak da. Ostiral honetan izango da Azpeitiko Sanagustin Kulturgunetik zuzenean (22.00) eta proiektuaren beraren neurriko ikuskizun «berezia» iragarri du Pello Reparazek NAIZ Irratian, «guretzat hau da inflexio puntua, hona iritsi nahi genuen». Konfinamendu garaian euren jardunari eutsi dioten arren ostiralekoa oso berezia izango dela aurreratu du, «nahikotxo ari gara lantzen eta NAIZek eskaintzen dizkigun tresnak eta baliabideak oso potenteak dira. Oso intentsoa izan den fase berezi honi amaiera emateko aukera ezin hobea izango da ostiralekoa».

Koronabirus garaian ere eskaintzari eutsi dio Zetak taldeak, baina, ezinean: «krisian zehar egin dugu ahal izan duguna. Talde oso potentea sortu genuen, azpiegiturarekin eta artearekin asko jokatu genuen eta oso mugatuta egon gara». Eta orain? «Orain ekipo guztiarekin gatoz, aurrelanketa egin ahal izan dugu».

Kontzertu berezia dela dio Reparazek eta «zerbait are bereziagoa» eskaini nahi dutela, zer? «Gure zuzenekoan zati inprobisatu batzuk izango dira eta hor Jon Maia bertsolari eta sortzailea ere gurekin izango da».

Berezkoa du proiektuak ikusgarritasuna eta ostiraleko saioan ere garrantzia handia izango du. «Nik 10 urte pasa ditut beste proiektu batean eta orain aldaketa erabateakoa da. Euskara hutsez gatoz, musika elektronikoarekin, sonoritatea, ikukizun aldetik... zerbait berezia egiten saiatu gara eta eskatuko nioke jendeari irekita egon dadila zerbait ezberdina ikusteko».

Streaming kontzertuak

Streaming bidezko kontzertuen inguruan, Pello Reparazek eman ditu emanaldi batzuk konfinamendu garaian eta aipatu du asko somatu duela jendearen falta, «borroka potentea izan dut nire buruarekin streaming kontzertu hauen harira, taula gainera atera eta publikoaren falta izatea...». NAIZ Kontzertuen kasuan, streamingaz gain bertatik bertara ere dozenaka batzuk izango dira ikusten, «zorionez publikoa izango da NAIZ kontzertu honetan eta aupegira begira abestu ahal izateak eta erreakzioa jaso ahal izateak asko pozten nau». Baina, kasu, «bertan daudenetan asko kontzentratzen bazara ahaztu dezakezu etxean askoz ere jende gehiago dagoela». Beraz, bertakoek eta etxekoek, biek gozatzeko moduko emanaldia egin asmo du Zetakek ostiralean.

Jaurlaritza Logoa