En directo
«Museoa ontziola baino hobea denaren argudioak ez du balio»
Guggenheim Urdaibai Stop plataformako kide den Eider Gotxik salatu du museoak «turismo masiboa» ekarriko lukeela. Halaber, deitoratu du Muruetak eragindako lurren kutsadura herritarren kontura garbitu nahi dutela.
«Museoa ontziola baino hobea denaren argudioak ez du balio»

Guggenheim Urdaibai Stop herri plataformak amaitutzat eman du Mediterraneoan Alliance Fort web sarearekin batera maiatzean abiatutako nazioarteko kanpaina. 378 ikertzailek sinatutako adierazpenaren bidez, Urdaibain beste Guggenheim bat eraikitzearen aurka azaldu dira. Kanpainaren amaierarekin batera aurkeztu dute manifestua, eta idatziaren bidez bi eskari nagusi egin dituzte: museoa ez eraikitzea eta hezegune industrial lehorrak berreskuratzea.
Plataformako kidea den Eider Gotxik NAIZ Irratian adierazi duenez, «ekintza honek proiektu horrek ekarriko lituzkeen larritasun guztiak salatu egiten ditu», eta kritikatu du erakundeek oraindik ez dutela proiektua publikoki aurkeztu, ezta egindako entzute prozesuaren lehen ondorioei buruzko adierazpenik egin ere.
Uztailaren 23an Agirre Lehendakaria Centerrek entzute prozesuaren lehen txostena aurkeztu zuen eta agerian utzi zuen jendartea Guggenheim museoa eraikitzearen aurka dagoela. Gotxik adierazi duenez, «instituzioen adierazpenik inork ez du entzun, guk uste dugu ez zutela inondik inora emaitza hau espero». Plataformaren iritziz, emaitzak gustuko ez dituztelako ez dira erantzunik ematen ari.
Entzute prozesuak abendura arte jarraituko du eta plataformak jendeari parte hartzeko deia egin dio, aurkako jarrerak jasota gera daitezen: «Hainbat dira Busturialdean proiektu honen kontra dauden ahotsak eta ahots guzti horiek dokumentatuta gelditu daitezen, prozesu honetan parte hartzea garrantzitsua da».
Muruetako ontziola eta kutsadura
Ikertzaileen manifestuak berariaz aipatzen du lehortutako hezegune bat eta Gotxik azaldu duenez, Muruetako ontziolari egiten dio erreferentzia. Gogora ekarri duenez, Ontziola 1943tik dago bertan eta, gaur egun, lurra kutsatuta dago, ia bost hektarea guztira. Gotxik ohartarazi du Kosta Legearen aldaketa baliatuta lur horiek publiko izatetik pribatu izatera pasatu nahi dituztela.
Museoaren proiektua aurrera eramateko, lur horien deskutsatzea beharrezkoa litzatekeela azaldu du Gotxik: «Momentu honetan, herritarren lepo egingo dela sinatuta dago, bai Trantsizio Ekologikorako Ministerioak, bai Aldundiak izenpetuta». Horrez gain, lur horien kalifikazioa ere aldatu beharko litzateke, gaur egun industrialak baitira eta museo bat eraikitzeko «ekipamendu pasibo» bezala sailkatu behar lirateke.
Gotxik argi utzi du: «Museoa ontziola baino hobea denaren argudioak ez du balio. Balorazio osoa egin behar da eta balorazioa da museo horrek zer erakarriko lukeen».
Proiektuaren itzalpean, hirigintza akordioak
Eider Gotxik azaldu duenez, dagoeneko idatzita dago Muruetako plan berezia, Gernikako Udalarekin batera sinatu dutena, eta udalerriz gaindiko hitzarmen baten parte da. Plataformak uste du udan aurkezteko asmoa zutela, baina entzute prozesuaren lehen txostenaren emaitzak ikusita, atzeratu egin dutela.
Gotxik adierazi duenez, «proiektu hau hain onuragarria bada, ez dakigu zergatik daukaten kajoi batean gordeta oraindik». Urdaibai Stop plataformak, beraz, proiektuaren gardentasun falta eta arrisku ekologikoak salatzen jarraitu du, eta herritarrak mobilizatzera deitu ditu.


