En directo

Iker Gurrutxaga
NAIZ Irratia. MusikHaria saioko gidaria

Esperimentatzeari utzi gabe, popera gerturatu da Eneritz Furyak

Esperimentazioaren munduan kokatzen dugu askok Eneritz Furyaken musika eta, egiari zor, ‘hhh’ diskoan ere esperimentatu duela esan dezakegu, eta ez gutxi, gainera nahiz eta pop mundua besarkatu. Elektronikoa da diskoa, oso elektronikoa, eta xehetasunez josita dator. MusikHaria saioan izan da.

Audio_placeholder

Esperimentatzeari utzi gabe, popera gerturatu da Eneritz Furyak

Loading player...
‘hhh’ diskoarekin hirugarren lan luzea du Furyakek.
‘hhh’ diskoarekin hirugarren lan luzea du Furyakek. (Eneritz FURYAK)

Gure belarrientzat ‘ohikoagoa’ den musikarekin egiten dugula topo disko honetan (hori horrela esatea posible bada, behintzat) eta pixka bat lekuz kanpo harrapatu gaitu Eneritz Furyak artista irundarrak. 

‘Hiltzen uztera’ kantuarekin hasten da diskoa, Berlingo club batean lasai asko entzun daitekeen abestia. Bonboa beltzetara, sinteak eta zaratak espazioa betez, baina armoniarekin asko jolasten du, akaso lehen itxuran ez dirudien arren. Heriotzaren inguruan mintzo da abestia, bortxaz bizitzea baino hiltzen uztea hobea dela iradokiko baligu bezala abestuz. ‘Luzaz’ singlearekin jarraitzen du, akaso ‘Emadan’ aurreko diskotik gertuago sentitzen dugun kantua. Soinu tribal batzuk badira abesti honetan, sakontasun dezente hartzen du guztiak eta dagoeneko konturatzen gara ahotsari zer nolako protagonismoa eman dion Furyakek lan honetan, kantatzeko modua ere garatu baitu diskotik diskora irundarrak.

Spoken wordera egiten dugu salto ‘Azkenagina’ abestiarekin. Itzaletik argira egiten du diskoak nolabait ere kantu honekin, sendatze bat bailitzan kontatzen baitu istorioa. Ahotsaren efektuarekin egiten den lana ere nabarmentzekoa. Orain distortsio bat, orain oihartzuna, orain lehen planoan, robotizatutako zatiren bat… Ahotsa, perkua eta zaratatxoak, gehiago ez duen kantua harik eta bukaeran handitu eta beste elektronika batetara bideratzen gaituen arte. Beno, eta Fer Apoaren kolaborazioa, haren hitzak ere bai baititu abestiak.

Piano hotz batekin ematen dio segida diskoari Furyakek. Giroa da oso aipagarria hemen, gauez leihoa zabalik dugunean eta isilik entzuten den halako soinu bat nabaritu daitekeelako. Pianoa hotza, baina hego haizeko gaua dela esan daiteke eta hori baieztatzen digu «hego haizearen ahoan sartu haiz» kantatzen duen unean. Hara hor diskoaren tituluko hiru hatxeak. Testurak eta koloreak nabaritu ditzakegu, berriz, ‘Argia’ abestian. Berak dion moduan «umearen ahotsa» entzun dezakegu kantu honetan, sentimendu primitiboenen bilaketara bideratzen gaituen abestian. Halako batean, ordea, bonbo bat dator eta Billie Eilishen mundura eramaten gaitu Furyakek. Beste sorpresa itzela.

Hitzei nolako mimoz heltzen dion ere aipatu behar Furyaken kasuan, nahiz eta horrek batzuetan ekarriko dion buruhausterik. Esaldi luzeak ditu eta arnasa bikain kontrolatzea eskatzen duen abestia baita ‘Hobietan muxu’. Fonetikarekin jolasean aritu da hemen eta mezu indartsua gehitu dio horri, ezarri diguten bizi eredu kapitalistari kritika oso fina egiten baitio. Eta sistemari kontra egiten segi du ‘Begiztan’ kantuan, «politika sadikoen babesleak» seinalatuz. Kantu oso berezia, Idoia Hernandez ‘Hatxe’ artista ere ohiko esparrutik atera duelako. Gitarra klasiko bat, 8 bit mundua eta technoa uztartu dituzte abesti honetan. Horrelakoa harribitxiak eskertzen dira.

Bi ekoizle bidelagun

Azken bi kantuetan beste bi mundutan barna ibili da Furyak. ‘Hegoa’ oso gordin eta organikoa izatea hautatu baitu, behetik gora egiten duen abesti bat osatuz. Bukatzeko, berriz, kantu nahikoa atmosferikoa den ‘Antzinako hondakinak’ daukagu, Mobyren elektronika mundura eramaten gaituen kantua. Hitzetan, berriz, «etxea norbera dela ikastea» aipatzen digu lehenengoan eta elkar zaintzearen balioaz ari da bigarrenean. Bikotean lanean aritu den bakarlari baten gogoetak. Oriol Flores eta Mono Irazirekin ekoitzi baititu abestiak, lehenarekin zortzi eta bigarrenarekin azkena.

Zuzenekoak ere abiatu ditu, Berlinen hasi zen guztia eta Donostiako Kutxa Kultur eta DabaDaba aretoetan, Arrasateko gaztetxean, Bonberenean eta Matadeixen aritu ostean, lehen takada Iruñeko Txintxarrin itxiko du, azaroaren 22an, Twinekin batera. Hortik aurrerakoak, gerora jakingo dira, baina, bitartean, 12 hazbeteko diskoa eskura daiteke bere bandcampean, Aidan Hermans artistaren azal dotore eta guzti.

Jaurlaritza Logoa