En directo
Basoko bainuak Japonian praktikatzen hasi ziren aurreko mendeko 80ko hamarkadan. Helburua argia zen: naturarekin kontaktua berreskuratzea, norberaren estres maila murrizteko. Baina, zer egin behar da baso-bainu bat hartzeko? Ba, erreza da: basoan zehar paseatzea. Garrantzitsuena zera: bost zentzumenak aktibatzea.
Bi baso-bainu hartzeko proposamena egingo dizuegu ‘Bidaiari’ saioan. Poloniara joango gara, bertan baitago Europako basorik handiena: Bialowieza. Baina Euskal Herrian ere badugu baso ederrik, noski. Nafarroara bidaiatuko dugu basoko bainuaz gozatzeko: Iratiko oihanean galduko gara, Euskal Herriko basorik handienean.
Bialowiezako basoa Europako azken baso birjinetakoa da. Tamaina handiko ungulatu ugari daude bertan, eta ia desagertua dagoen bisonte europarra ere bizi da bertan. 1945etik Polonia eta Bielorrusia artean banatuta dago baso ikusgarri hau. Hala ere Bialowiezara gerturatu aurretik, Poloniako herrialdea bisitatzeko bertze gomendio batzuk elkarbanatuko ditugu zuekin: laku ederrak ditu, kostan dunak, hiri ederrak...
Iratiko oihanak ez dio zertan inbidiarik izan Bialowiezakoari. Iratiko oihana Euskal Herriko basorik handiena da, Europako pagadi-izeidi handienetan bigarrena (Alemaniako Oihan Beltza baizik ez da handiagoa). [1] Guztira 17.000 bat hektarea ditu, [1] Nafarroa Beherean, Zuberoan eta Nafarroa Garaian.
Oreinak dira oihanean bizi diren animaliarik handienak. Baina badira basurdeak, orkatzak, basakatuak, erbinudeak, azeriak eta azkonarrak ere, besteak beste.