En directo

Hegoi Belategi-Martin Arratibel

Ia 30 nazio eta komunitate ezagutu ostean, heldu da Mundu Bat Herriren amaiera

Amaitu da Mundu Bat Herri, baina baita indartsu amaitu ere; Argentinan berriz ere Markos Tedin-Uriburu kazetariarekin, Balutxistanera lehen aldiz Karlos Zurutuza gidari eta genozidio amaiezinaren aurrean, erbesteko palestinarren lekukotasuna Nadia Nemeh Shomaly bermeotarraren laguntzaz.

Audio_placeholder

Ia 30 nazio eta komunitate ezagutu ostean, heldu da Mundu Bat Herriren amaiera

Loading player...
Blokeo informatiboa gora-behera, hamarkadak daramatzate borrokan gerrilla eta mugimendu balutxeek.
Blokeo informatiboa gora-behera, hamarkadak daramatzate borrokan gerrilla eta mugimendu balutxeek. (Karlos Zurutuza)

Soinu gehiegirik egin gabe heldu zen Mundu Bat Herri eta soinu gehiegirik egin gabe amaitu da, hori bai, euskaraz orain arte egin ez den soinu-bilduma utzita, ia 30 herri ezberdinen ikuspegi ezberdinetatik egindako kontakizun sakona eta entretenigarria. Eta saio honen azken atalean, nostalgiarako tokirik ez, herri bakar bat ez, hiru bisitatzeko aukera egon du-eta.

Herri horietako batzuk dagoeneko ezagunak dira saioan, eta beste batzuk ordea, mundu osoan ezezagunenen artean kokatzen kokatzen dira. Gutxi baitira Balutxistan izena entzun dutenak, are gutxiago herrialdea mapa batean kokatzeko gai direnak. «Balutxistan Asia Hego-erdialdeko eskualde nahiko handia da, Frantziar Estatuaren lurralde (tamainaz) berekoa omen da», dio Karlos Zurutuza kazetariak, «15-20 milioiren bueltan kalkulatzen da direla balutxeak. Beren hizkuntza propioa dauka eta beren kultur propioa. Baina hiru estatuk (Pakistan, Iran eta Afganistan) banatutako lurraldea da», gaineratu du.

Mundu Bat Herriren esku utzi ditu Zurutuzak Balutxistanen egindako hainbat argazki

Nagorno-Karabajeko armeniarren exodoa eman zenean gonbidatu izan zen Karlos Zurutuza, eta orain idatzi duen 'Una trinchera en Marte Historias de Baluchistán' (Libros del K.O. 2024) liburu paregabea aitzaki, Mundu Bat Herriren azken atalera itzuli da. Gutxik jakingo dute, baina ekialdeko «balutxeek beren independentzia aldarrikatu zuten 1947an, Pakistanek baino bi egun lehenago», New York Times hedabideak gaiaz egindako artikulua eta guzti, Zurutuzak gogora ekarri duenez. «Bestalde Irango balutxeak 1925etik daude pertsiarren menpean», sunia izateak dakarrenarenarekin, munduan xiitan gehien dituen estatuan. Azkenik, gaur egungo Afganistanen daude kokatuta, iparraldeko balutxeak, «eskualde txikiena, baina aldi berean oso estrategikoa». Zerbaitek ezaugarritzen badute alde bateko zein besteko komunitate balutxeak, bazterkeria politiko eta ekonomikoa da, erabateko blokeo informatiboa, baina baita burujabetasunaren aldeko borroka nekaezin bat ere.

Pobreziaren gurua

Oraindik ere, estatuen logikak Euskal Herriko gaurkotasunean duen eraginaren seinale akaso, Argentina eta Espainiako Gobernuen artean sortutako azken talka diplomatikoa da batez ere azken asteotan arreta gehien erakarri duena; albistea berez, nazio oso baten txirotze sistematikoa denean. Egoerak hala eskatuta, Argentinara bueltatu da Mundu Bat Herri, Markos Tedin Uriburu euskal jatorria duen Berriako kazetari argentinarrari galdetzeko, Javier Mileiren gobernuaren kudeaketaz. «Mileik esan zituen gauza asko kanpainan. Horietako bat izan zen, beso bat moztuko zuela zergaren bat igoko balu. Zerga asko igo zituen, igotzen ari da ere eta oraindik beso bi ditu», azaldu du ezin argiago, Markos Tedin-Uriburuk.

Mileik jomugan ditu jantoki sozialak. Juan Mabromata - AFP

Askok Milei guru kapitalistatzat jo duten arren, errealitatea da Bilbon bizi den argentinarraren esanetan, «argentinar ia guztiak txirotzen ari direla», eta horren eredu, ikasleei, pentsiodunei edota klase baxuenei inposatutako murrizketa basatiak. Eta lorpen txiki horietan begirada jarriz ere, agerian gelditzen da, ez dagoela inolako mirari ekonomikorik Tedin-Uriburuk ondorioztatu duenez, «kontsumorik ez badago  ezin da inflaziorik egon. Estatuaren gastuak ere jaitsi ditu, hori egia da. Baina zein da arazoa? lehen funtzionatzen zuena orain ez da ia existitzen.

Argentina lehen eskutik ezagutzen dutenek, jakin badakite gaur gaurkoz ezinezkoa dela peronismo ala kirschnerismotik igarotzen ez den alternatiba politikotik. Eta hori da Mileik utzitako egoerari aurre egin dakiokeen aukera bakarra gaur egun, «peronismo indartsu» bat Berriako kazetariak dionez, Macri, de la Rua ala diktaduraren ostean gertatu bezala.

Zisjordaniatik Bermeora

Gatazken hasieran pentsatutakoa baino gehiago baldintzatu du Mundu Bat Herriren garapena; eta azken atala ezin amaitu berriz ere palestinar lurretara begiratu gabe, Zisjordania okupatuan eta orain bereziki Gazak bizi duten «genozidioa» salatzeko. Gazatarrek bizi dutena definitzeko «genozidio» hitza baino ez dagoelako jatorri palestinarra duen Nadia Nemeh Shomalyren aburuz. Baina gogora ekarri du ere, Israelgo Estatuaren sorrerak eragin zuen Naqbatik (palestinarren hondamendia), beste gatazka bat baino ez dela, «hau da Palestinaren historia, egunero errepikatzen da».

1970eko hamarkadan, aitaren medikuntza ikasketek eman zioten Nemehren familiari aukera Yom Kippurreko gerraren ondorioetatik aldentzeko; lehenik Iruñera heldu zen familia ostera Bermeon errotzeko eta hemen jaio ziren gainontzeko kideak. Etxetik urrun, erkideen sufrimendu zuzenean ikusi eta ezin ezer egin nolakoa den galdetuta, «inpotentziaz haratago, amorruaz eta borrokarako gogoegaz», erantzun palestinarren alaba den bermeotarrak.

Saio hau zuzenean emititu zenean, ia 40.000 ziren Gazatarren aurkako genozidioan hildakoak. AFP Omar Al-Qattaa
Saioa hau zuzenean emititu zenean, ia 40.000 ziren Gazatarren aurkako genozidioan hildakoak. AFP Omar Al-Qattaa

Zailtasunak zailtasun, okupazioari aurre eginez, ia urtero senideekin batzeko bidea (beti Jordaniatik, ez baitago prest oinak Tel Aviven jartzeko) egiten du Nemehk; «pasaporte atzerritarra dut eta sartzen naiz atzerritarren erreskadan. Baina ikusten dutenean nire izen abizenak palestinarrak direla, oso momentu gogorrak pasatzen ditugu», adierazi du israeldarrek kontrolatzen duten mugako pasabideari erreferentzia eginez.

Berdin dio zenbatekoa den errepresioa, palestinarrek tinko eutsi eta aurrera egiten dutelako, lurralde okupatuan ala atzerrian. Zentzun horretan, nekez pentsatuko zuten medikuntza ikasle palestinar horiek Euskal Herrira iritsi zirenean, euren alaba Bermeoko alkate izango zela. 2023tik, Bizkaiko udalerriko alkate da Nadia Nemeh Shomaly, EH Bildu ordezkatuz. Horrek ardura bat suposatzen duela dio Nemehk, «ikur» bat bilakatzea dakarrelako, bereziki palestinar emakumeen artean. Eta hauei, dauden tokian daudela, honakoa gomendatu die: «ikasi, ikasi eta ikasi».

Jaurlaritza Logoa