Zuzenean

Hegoi Belategi

«Garbiketa etniko hutsa da eta denek ospa egiten badute zerbaitengatik da»

Naiz Irratiko Mundu Bat Herri saio berria estreinatu orduko, kasik ez da armeniarrik gelditzen Nagorno Karabaj eskualdean. Etorriko zena nahiko argi zegoen arren, hedabideek gaiari tartea eskaini ziotenean «beranduegi» zela dio Karlos Zurutuza kazetariak.

Audio_placeholder

«Garbiketa etniko hutsa da eta denek ospa egiten badute zerbaitengatik da»

Loading player...
Erbestera jo behar izan dute Nagorno Karabajeko 100.000 armeniar baino gehiagok
Erbestera jo behar izan dute Nagorno Karabajeko 100.000 armeniar baino gehiagok (SIRANUSH SARGSYAN | AFP)

Kaukasoko hegoaldera jo du Mundu Bat Herri irratsaioak, gatazka post-sobietar odoltsuenaren eta zaharrenaren ondorioen bila. Irailaren erdialdean abiatutako 24 ordu eskaseko erasoaldian behin betirako gailendu zuen Azerbaijanek, armeniar gehiengoa zuen Nagorno Karabajeko eskualde matxinoa.

Azken kolpe horrekin hiru hamarkadez ingurua de facto kontrolatu zuen Artsakheko Errepublikari amaiera eman zion Bakuk, baina baita ere armeniar herriaren milaka urteko historiari eskualde horretan. «Garbiketa etniko hutsa da eta denek ospa egiten badute zerbaitengatik da» adierazi du, saioko lehen ataleko gonbidatu Karlos Zurutuza kazetariak. 2020ko gerra tokian bertan jarraitu zuen kazetari donostiarrak, 2021ean dagoeneko ez zioten sartzen utzi eta 2022tik ari zen Lachingo korridoreko blokeoak ekarriko zituen ondorioez ohartarazten. Kritiko da nazioarteko hedabide handiekin, «beranduegi» jarri zirelako begira Karabajera; «fokua jarri da, bertako armeniarrek ospa egin duten unean», Zurutuzaren arabera.

Armeniar herriarena mehatxuz eta hondamendiz betetako milaka urteko istorio luze bat da. Martin Arratibelek izan du armeniarren historia eta kultura laburbiltzeko ardura. Arratibel bera astero-astero arduratuko da azterketarako proposatzen den herri hori aurkezteaz entzuleari.

 

 

Jaurlaritza Logoa