En directo
Kontzeptu berri samarra da solastalgia, 2005ean erabili omen zuen Glenn Albrecht filosofoak. Zer da, zehazki?
Solastalgia da gure inguruko lurraldean gertatzen diren eraldaketek gizakiongan sortzen duten ezinegona edo mina. Izaeraren galerak dakarren sentimendu triste bat da. Glenn Albrecht filosofo australiarrak sortu zuen sakoneko aldaketa horiek gertatzen direnean gizakiarengan duten eragina aztertzeko eta, batez ere, erreferentzia egiten dio osasun mentalari eta identitate krisiari; hau da, ez du gizakiaren biziraupena zalantzan jartzen baina badu inpaktu oso negatiboa paisaiarekin batera kultura gal daitekeela ikusten baita.
Zer nolako kalteak izan daitezke solastalgia eragile?
Euskal Herrian bizi izan dugu landa eremuaren eta gure paisaiaren eraldaketa ekarri duen prozesu luze bat. Landa eremu bizi bat ikustetik igaro gara fabrikaz betea, landa husten, errepidez betetzen ikustera eta, eraldaketa horrek, gure kultura eta bizimodua aldatu du. Izan baitaitezke momentu zehatz batean emandako aldaketak edo hamarkadatan aldatzen joandako ingurua. Gure kasuan, egun, presentzia handia hartzen duela ikusten dugu etxetik gertu eoliko handiak jartzearen ondorioz garatutako solastalgiak, sentitutako minak.
Zergatik landu nahi duzue solastalgia?
Solastalgia ez da nostalgia bakarrik, ez da zer izan ginen penaz oroitzea. Baita ere da emozio horiek konpartitzearen ondorioz, komunitate bezala kohesionatzeko aukera eta lurraldea beste modu batean irudikatzeko. Horregatik, topaketa hauetan, batez ere, nahi duguna da zer lurralde mota nahi dugun eztabaidatu, irudikatu eta hausnarketa horretan murgildu elkarrekin.
Arteako Herriko Benta da antolatzailea eta laguntzaile figuran izan ditu Ekopol (iraunkortasuna ikergai duen EHUko taldea), Parte Hartuz (herritarren parte hartzea jomugan duen ikerketa taldea) eta Makatzak (Arratiako talde ekologista). Zer dela eta elkartu zarete?
Ideia herriko Bentakoena izan zen. Oso aktiboak dira, beti dabiltza zerbait antolatzen eta, oraingo honetan, topaketa batzuk egin nahi zituzten. Unibertsitatekooi laguntza eskatu ziguten ideia delako herri ezagutza eta ezagutza akademikoa uztartzea. Uste dut diziplina arteko lankidetza oso emankorra izango dela, orain arte hala izan da, zeren gai artistikoak daude, ezagutza baserritarra, akademikoa… polita izango da. Gainera, antolakuntzan bi eragile lokal eta beste bi akademiko izateak ate berriak zabaldu ditu.
Kultura, kritika eta lurraldea dira ardatzak. Zergatik?
Ezberdintzen dira lurralde materiala eta immateriala. Materiala da inguruan ikusten ditugun gauzak: mendiak, etxeak, animaliak eta beste eta horiek birpentsatzeko topaketak dira hauek. Baina, baita ere badaude balioak, kultura, ohiturak, diskurtsoak eta mundu sinboliko hori ere lehiatu egin behar dugu bizitza bizigarriagoak sortzeko eta lurralde bizigarriagoak izateko. Horregatik, kultura eta lurraldea uztartuta daude eta kritika beharrezkoa da bestelako eredu batera joateko.
Solastalgia topaketak
Maiatzaren 4an hasi eta 26ra bitarte, hamaika ekintza, tailer eta hitzaldi izango dira Solastalgia topaketetan, Artean. Informazio gehiago nahi duenak, solastalgia.eus atarian jaso ditzake xehetasun guztiak.