Zuzenean

Eli Pagola

«Ibaien dinamikotasuna baliatu behar dugu»

Zenbateraino eskatzen zaio zientzialariari, batetik, ikergai duen gai zehatz baten gainean soilik aritzea eta, bestetik, izen propioz? EHUko Ibai Ekologia Taldeko Arturo Elosegirekin, Maite Arroitarekin eta Aitor Larrañagarekin bildu gara ikerketa taldeaz eta euren jakintza-arloaz hitz egiteko.

Audio_placeholder

«Ibaien dinamikotasuna baliatu behar dugu»

Loading player...
Maite Arroitarekin, Aitor Larrañagarekin Arturo Elosegirekin, Maite Arroitarekin eta Aitor Larrañaga zientzilariak
Maite Arroitarekin, Aitor Larrañagarekin Arturo Elosegirekin, Maite Arroitarekin eta Aitor Larrañaga zientzilariak (NAIZ irratia)

Ibaia ulertzeko arroari begiratu behar zaio. Kontrara, ibaiari begira jasotzen al da ingurukoaren berri?

Arturo Elosegi: Ibaiak arroan gertatzen den guztia islatzen du eta ibaia ulertzeko arroari begiratu, baina, txanponaren beste aldea da ibaiari begira arroan gertatzen dena ulertzen dugula. Ibai bat gaixorik dagoenean guretzat hori berez interesgarria da baina aldi berean islatzen du gizarte bat gaixo dagoela edo gizarte baten lurralde antolamendua ez dela egokia.

Kutsadura gutxitzean jarri da arreta eta emaitza onak jaso badira ere, hobekuntza tasa beherantz doa. Estrategiaz aldatzeko garaia da?

Aitor Larrañaga: Kutsadura aldetik baditugu oraindik puntu beltz batzuk eta horietan lan egin behar da. Baina, egia da, adibidez, aktiboki gauza gutxi egin dela ibai ertzeko basoa kudeatzeko eta hor baditugu espezie exotiko pila bat presentzia handia hartu dutenak. Horiek kentzeko planak bideratzea aukera bat da.

Habitataren dibertsitatearen ikuspuntutik, oztopoak kentzeko lan pixka bat egiten ari da eta hori onuragarria da, ekintza horiei esker espezie askok onura zuzenak pairatzen dituzte. Baina oraindik beste bide batzuk urratzeko daude, leheneratzea, adibidez.

Ibaietako Ekologia Taldeak ia 30 urteko ibilbidea du. Zertan aldatu da ikuspegia?

AE: Hasieran, gure funtzioa izan zen ulertzea nola funtzionatzen duten gure ibai naturalenek. Hasi ginen ikusten zenbait ibai orduan pentsatzen genuena baino aktiboago zirela, askoz ere gaitasun gehiago zutela autodepuratzeko, bertan gertatzen ziren prozesuak garrantzia handikoak zirela, etab. Denborarekin hasi ginen ikusten lortzen genuen informazioa oso baliagarria zela kudeatzaileentzat, beraz, eurekin lan egiten hasi ginen eta horrek eraman gaitu, poliki poliki, ikerketa aplikatuagoetara. Gure helburua ez da inoiz izan Euskal Herriko ibaien kalitatea neurtzea —nahiz eta hori ere egin izan dugun—, baizik eta jakitea, batetik, nola funtzionatzen duten eta, bestetik, nola hobetu dezakegun kudeatzaileekin batera eta horrek eraman gaitu errestauraziora eta plangintza lanetara.

Maite Arroita: Gure taldean adierazle asko ikertzen ditugu eta, ibaien kalitatea diogunean, uraren ezaugarri fisiko-kimikoak neurtzen ditugu baina, hortik harago, biodibertsitatean zer espezie agertzen diren ere aztertzen dugu, baita nola funtzionatzen duten eta zer prozesu gertatzen diren ere. Beraz, kalitateari ikuspegi zabalarekin erantzuten diogu.

Kutsadura murriztu bai, baina, konplexuagoa omen da.

A.L: Kutsadura, orokorrean, jaitsi egin da eta beheranzko joera du, baina, egia da gizakiak sortzen dituen produktu ia denak iristen direla, lehenago edo beranduago, uretara. Hau ez da berria, hala ere, produktu kimikoen barietatea izugarri handitzen ari da eta oraintsu hasi gara ikusten sekulako koktela dagoela ur masetan. Horien eragina aztertzen orain hasi gara, zeren, toxikoen nolakotasuna ugaritu denez eta detekzioa berri samarra denez, konplexuagoa da kudeaketa.

A.E: Jada ez da ohikoa enpresa industrialek isuriak egin eta ibaiak erretzea, arrainik gabeko ibairik ez da Euskal Herrian baina gero eta gizarte zahartuago eta medikalizatuago bat dugu, gero eta industria kimiko indartsuago bat dugu milaka produktu kimiko ekoizten ari dena eta, azkenean, duguna da koktel konplexu bat, diluitua eta sustantziak kontzentrazio nahiko baxuetan baditu ere eragin biologikoak dituena.

Zer nolako eragin biologikoak?

M.A:  Hirietatik pasatzen den euri uraren eragina aztertzen ari gara eta sustantzia-koktel izugarri dibertsoa agertu da, baina, zorionez, eragin nahiko apalak topatu ditugu bertako ornogabeetan eta prozesuetan. Hala ere, tentuz aztertu beharrekoa da, zeren, ikusi da arrainen feminizazioa, antibiotikoen erresistentzia geneak ugaritzea, bazka-sareen eraldatzea… ez da espezieak hiltzea bezainbesteko eragina, baina, bai epe luzera eragin kaltegarriak izan ditzakeenaren adierazle.

Euri ura izateak, eta ez isuri-iturri bat, are konplexuago egiten du?

A.L: Bai, jakina. Iturriak bi modutan sailkatzen dira: puntualak edo difusoak. Puntualak dira industria konkretu batek sortzen dituen kutsadurak leku konkretu batean eta horiek tratatu daitezke eta neurri zuzentzaileak hartu. Difusoak dira, adibidez, errepideetan, industria-guneetan eta herrietan askatzen diren kutsatzaile guzti horiek euri urak jasotzen dituenean. Arazoa konplikatuagoa da ez dagoelako iturri bat kutsatzaile guzti horiek biltzen dituena eta neurri zuzentzaile zabalagoak behar dira.

A.E: Lehen arroaz hitz egin dugu eta badirudi errekari arroan gertatzen denak bakarrik eragiten diola eta hori ez da egia. Garai batean euri azidoarekin ikusi genuen  kutsadura milaka kilometrotara heltzen zela eta orain ikusten da zenbait konposatu (pestizida batzuk, kasu) oso hegakorrak direla eta, beraz, ez da bakarrik bertan zer gertatzen den, baizik eta kanpotik zer datorren. Gure kasuan ez dugu ikusten euri ura hain kaltegarria denik baina arrisku handia da.

Dibulgatzeko nahiko aukera ba al dituzue? edo etengabe azalpenak ematera bideratuta zaudetela sumatzen duzue?

A.L: Gutxi behartzen gaituzte dibulgatzera, hau da, guk nahi dugulako inplikatzen gara. Alabaina, ari da aldatzen eta dibulgazioa gehiago ari da baloratzen gure kurrikulumetan.
M.A: nik uste Arturok bidea ireki diola taldeari eta, horri eskerrak baditugula aukerak: elkarrizketak, mahai-inguruak, hitzaldiak, lan-saioak…


Zientzialariak katastrofistak omen zarete. Zein da zuentzako etorkizun desiragarria?

A.E: Niretzat ibaiak dira antikatastrokikoaren adibide onena. Ibaiak hiperkutsatuak genituen eta normala iruditzen zitzaigun eta begira nola aldatu diren eta zer azkar erantzuten duten. Presa eraitsi eta hilabete gutxiren buruan erabat aldatzen da ingurua eta ikusten dugu naturak zer indar duen berreskuratzeko. Itxaropena badago, ezin duguna da aukerak pasatzen utzi; gaur egiten ez duguna, agian, hemendik hamar urtera ez da posible izango. Aingirak, esaterako. Oso litekeena da hemendik hamarkada bat edo bira espeziea erabat suntsituta izatea, beraz, orain dugu azken aukera zerbait egiteko. Etorkizun desiragarria izango litzateke ingurune egokiago baten bizitzera ohituta edo moldatuta dagoen gizarte bat, jasangarritasuna barru-barruraino sartuta daukana eta ez dena etengabe pentsatzen ari gero eta gehiago, gero eta azkarrago hazi, gero eta ekonomia gehiago mugitu. Nire ustez, etengabeko hazkunde horrek iruzur piramidal batera garamatza eta horri buelta eman behar diogu.

M.A: Batzuetan katastrofistak izan gaitezke, baina proiektu askotan emaitza itxaropengarriak lortu ditugu. Ibaiak oso dinamikoak dira eta oso azkar erantzuten dute. Nik uste hori erabili behar dugula indar egiteko, zeren, ekosistema bat gaizki egoteak ezin du aitzakia izan ezer ez egiteko.

Jaurlaritza Logoa