En directo

NAIZ Irratia

OPA Herri Plataforma: «Ez da kasualitatea, modelo bat da»

Lehen Arretaren alde eta pribatuari «zentimo bakar bat ere ez» ematea aldarrikatzeko EAEko hiriburuetako kaleak betetzera deitu du larunbat honetan OPA Osasun Publikoaren Aldeko Herri Plataformak. Kontxi Rebollok eta Itziar Mujikak Osakidetzan bizi den une kritikoaz ohartarazi dute.

Audio_placeholder

OPA Herri Plataforma: «Ez da kasualitatea, modelo bat da»

Loading player...
OPA plataformako Kontxi Rebollok erabiltzailearen ikuspegia eskaini du, Itziar Mujikak profesionalena.
OPA plataformako Kontxi Rebollok erabiltzailearen ikuspegia eskaini du, Itziar Mujikak profesionalena. (NAIZ Irratia)

Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako Osasun Publikoaren Aldeko Herri Plataformak Bilbon eta Gasteizen 12:00etan Jesusen Bihotzetik eta Bilbo plazatik, hurrenez hurren, eta Donostian 17:00etan Boulevardetik abiatuko diren manifestazioetan parte hartzeko deia luzatu du, larunbat honetan (martxoak 16), sindikatuen babes zabalarekin gainera.

Hitzorduaren atariko herri plataformako bi kide izan dira NAIZ Irratian, bakoitzak ikuspegi ezberdinetatik hitz egiteko, betiere osasun sistema publikoarekiko konpromisoz. «Ez da kasualitatea, modelo bat da», dio Itziar Mujika erizainak, egungo gabeziak Osakidetzan egindako murrizketen ondorio direla azaldu eta gero. «Pentsatzen dute (agintariek) Osakidetza beraiena dela, mesede bat egiten digutela eta ez, gurea da», gaineratu du Mujikak, Osakidetza herritarren zergekin finantzatzen delako.

ESIetako antolakuntza eredua arazo nagusien artean kokatu du Mujikak, lehen arretaren egoerarekin bereziki kezkatuta, gainera. Egungo martxan, osasun arloko eraikin handiak aurreikusten ditu erizainak etorkizunean, baina langilerik gabekoak. Hain zuzen, gertutasuna da herritar gehienek eskatzen dutena lehen arretan, Kontxi Rebolloren esanetan, «guk joan nahi dugu eta gure medikua topatu; ez gaur batekin eta bihar beste batekin».

Handituz doan haserrea

Izan erabiltzaile, langile ala kudeatzaile, Osakidetzak bizi duen garapenak, protesta egitea eskatzen duela argi dute Osasun Publikoaren Aldeko Herri Plataforman, baita zer den aldarrikatu behar dutena. Gogora ekarri ditu beraien eskariak Kontxi Rebollok: «Lehen Arreta hornitu ondo eta pribatizazioentzako zentimo bakar bat ere ez».

Jaurlaritza Logoa