En directo

NAIZ Irratia

«Ikusten duguna da Lemoizkoa errepikatu daitekeela eta hori oso larria da»

Espainiako Gobernuak emandako kontzesioa 2018an amaitu zen arren, lanean jarraitzen du Busturialdeko Murueta Ontziolak, are gehiago, aste honetan bertan ontzi bat itsasoratu dute. Gaiaz galdetu dio Guggenheim Urdaibai Stop plataformak Espainiako Gobernuari, Eider Gotxik azaldu duenez.

Audio_placeholder

«Ikusten duguna da Lemoizkoa errepikatu daitekeela eta hori oso larria da»

Loading player...
Martxoaren 12an eman zuen prentsaurrekoa Guggenheim Stop plataformak. Eider Gotxi eskuinean.
Martxoaren 12an eman zuen prentsaurrekoa Guggenheim Stop plataformak. Eider Gotxi eskuinean. (Endika PORTILLO | FOKU)

Guggenheim Urdaibai Stop plataforma osatzen duten elkarte eta gizarte-eragileek agerraldia egin dute aste honetan, berriz ere salatzeko Guggenheim museoaren hedapena Busturialdean, proiektua ustez etenda dagoen arren. Dena den, museoaz harago, eskualdeari eragiten dioten bestelako gai batzuetan ere egin zuten azpimarra. Francoren gobernuak Astilleros de Murueta S.A. ontziolari 1943an jabari publikoan 75 urterako kontzesioa esleitu zion. Kontzesioa 2018an bukatu zen eta orduan, ontziolak eremu horretatik alde egin beharko luke, orubea lehen zegoen bezala utzita.

Baina aste honetan bertan toki horretan ontzi bat itsasoratu dutela kritikatu du Guggenheim Urdaibai Stop plataformako Eider Gotxik, «ikusten duguna da Lemoizkoa errepikatu daitekeela eta hori oso larria da». Izan ere, Gotxik azaldu du berriki Elixabete Etxanobe Bizkaiko Ahaldun Nagusiak baieztatu zuela ontziolako lursaila erosiko zutela, baina plataformako kideak dionez, «gauza bi» baino ez ditu Foru Aldundiak bertan, «eraikinak eta kutsadura besterik ez». Guggenheim Urdaibai Stop plataformak dionez, itsaso eta lurreko jabari publikoko izaera du eremuak. «Guk jakin nahiko genukeena da zer den negoziatzen ari diren subjektua, zer erosi nahi du aldundiak?», galdetu du Gotxik.

Muruetak Busturialdean jarduna mantentzearen inguruan espainiar gobernuari ere galdetu diotela azaldu du Gotxik, eta momentuz erantzunik ez dutela jaso, «erantzun bakarra egon beharko litzateke, 75 urtekoa da eman daitekeen eperik luzeena. Ez dago beste aukerarik».

Jaurlaritza Logoa