En directo

NAIZ Irratia

«Gainturismoa neurtzean aspektu subjektiboak ere aintzat hartu behar ditugu»

«Estres turistikoa» donostiarren artean nabarmena da eta bertakoen bazterketa sentsazioa handituz doa EHUko talde batek egindako ikerketaren arabera. Ikerketan parte hartu duten Xabi Minguezek eta Julen Izagirrek ondorio nagusiak ekarri dituzte Naiz Irratira.

Audio_placeholder

«Gainturismoa neurtzean aspektu subjektiboak ere aintzat hartu behar ditugu»

Loading player...
Julen Izagirrek eta Xabi Minguezek Donostiako turismo ereduaren ondorioak ikertu dituzte.
Julen Izagirrek eta Xabi Minguezek Donostiako turismo ereduaren ondorioak ikertu dituzte. (Naiz Irratia)

Turismo ereduak toki jakin batean dituen ondorioak eta herritarrek honekiko duten iritzia neurtzen hasi aurretik, ikertu beharreko metodologia eta aldagaiak ongi aukeratu behar dira. Azaleko zenbakiez harago, herritarrek euren egunerokotasunean eta bizi ohituretan sentitzen duten pertzepzioan egin behar da azpimarra. «Gainturismoa neurtzean aspektu subjektiboak ere aintzat hartu behar ditugu», dio Xabi Minguez EHUko ikerlariak.

Donostiarrek eta turismoak duten harreman gatazkatsuari begiratu diote EHUko hainbat ikerlarik; Minguezek berak parte hartu du ikerketan eta asteazken honetan (martxoak 13) Julen Izagirrerekin batera antzeman dituzten emaitza nagusien berri eman du. Egungo turismo ereduak, donostiar askoren bazterkeria sentsazioa eragiten du Minguezen esanetan, «jendearen pertzepzioak erakusten du jendeak ezin duela erabili espazio publikoa lehen egiten zuen bezala».

Eredua eta kudeaketa

Ikerketa horretatik ateratzen diren ondorioetako batzuk agerikoak dira, eta ekonomiaren esparruaz gain, azpiegituretan eta bizi ohituretan ere agerikoak dira. Besteak beste, galdekatuen %55ek uste du denda txikien galera dakarrela, %82k denden prezioen gorakada eragiten duela eta %95ek uste du prezioen gorakada eragiten duela taberna eta jatetxeetan. 10etik 9k uste du, gainera, etxebizitzaren prezioaren eragina duela eta bizitzeko alokairuaren eskaintza gutxitzea eragiten duela. %91k trafiko arazoak aipatzen ditu, %73k zarata eta zikinkeria, %78k aipatzen ditu tabernen terrazek egiten duten espazio publikoaren okupazioa eta 10etik 9k kalean sortzen den jende pilaketa aipatzen du. 10etik ia 8k diote, gainera, euren aisialdi lekua aldatu behar izan dutela turismoaren eraginez.

Ondorio hauek eskuartean, diote ikerketa taldetik euren helburua ez dela turismoa propio kritikatzea, baizik eta «fokua mugitu eta beste ikuspegi batetik aztertzea hiritarren iritzia», Julen Izagirrek azaldu duenez, «interesak askotan kontrajarriak dira eta oreka kontua da», ikerlariaren arabera.

Jaurlaritza Logoa