En directo

NAIZ Irratia
Entrevista
Larraitz Ugarte
Abokatua eta Gipuzkoako Azpiegitura eta Mugikortasun diputatu ohia

«Bidegi auzian diru publikoaren erabilera desegokia salatzeagatik ondorioak jasan genituen»

Duela hamarkada bat baino gehiago azaleratu zen Bidegi auzia. Gainkostuak antzeman zirenean, Bilduko Larraitz Ugarte zen Azpiegitura eta Mugikortasun diputatu Gipuzkoan. Aferak «kostu pertsonala» izan zuela aitortuz, garai hartan ikusi zuenaren lekukotasuna ekarri du NAIZ Irratira.

Audio_placeholder

«Bidegi auzian diru publikoaren erabilera desegokia salatzeagatik ondorioak jasan genituen»

Loading player...
Larraitz Ugarte EH Bilduko kidearen artxiboko irudia.
Larraitz Ugarte EH Bilduko kidearen artxiboko irudia. (Aritz LOIOLA | FOKU)

Hamarkada bat baino gehiago pasata, Bidegi auzia behin-behinean artxibatzeko agindu zuen Azpeitiko epaile batek. Handik aste batzuetara, oraindik ere salatutako afera ebazteke zegoela adieraziz, EH Bilduren helegitea onartu eta auzia berrirekitzeko agindua eman zuen Gipuzkoako Lurralde Auzitegiak, 80.000 eurora arteko ikerketa eskatuz.

Eta guztiaren erdian, erantzuteke dagoen galdera bat. Zer dela-eta eman zen AP1 errepideko Gipuzkoako obren zati batean halako gainkostua? Epai irmorik gabe halakorik zehaztea «ausartegia» litzatekeela uste du Larraitz Ugartek, argi du ordea ezker subiranista Gipuzkoako Foru Aldundira heldu ostea, sakoneko aldaketak eman zirela obren finantzaketa eta kontratazioa ereduetan.

«Gu egon ondoren obrak modu efizienteagoan likidatzen dira», nabarmendu du Ugartek, eurena ondasun publikoekiko kezkak bultzatutako salaketa izan zela ziurtatuz, eta ez auzi politiko bat beste alderi batzuek salatu bezala. «Egin genuen uste dugulako diru publikoa ondo erabili behar dela eta zor geniela gipuzkoarrei», dio Ugartek. Hasierako aurrekontuaren %45 baino gehiago suposatzen zuten gainkostuok kasu askotan.

Ikerketa

Lehen eskutik ezagutzen du afera Ugartek, bera baitzen Gipuzkoako Azpiegitura eta Mugikortasun foru diputatua, AP1 errepideko Arlabango Gipuzkoako tartean gainkostuak detektatu zirenean. Hala, kronologia txiki bat eginez, «garaiko testuingurua kontuan hartu behar dela» azaldu du. Izan ere, 2004 eta 2011 artean obra asko egin ziren Gipuzkoako errepideetan.

«Lehengo gauza ikusi genuena izan zen obra horietan izugarrizko gainkostuak egon zirela, 300 milioi eurokoa. Beti egon daitezke gainkostuak, baina betiere portzentaje batzuen mugetan. Muga guzti horiek gainditu egin ziren eta konturatu ginen obra askotan %45etik gorako gainkostua zegoela», azpimarratu du.

Ondoren, 2013an, Bergara inguruan obra agiten ari zirenean, lur horiek depositatzeko toki bat behar zutela gogoratu du, baina ez zuten aurkitzen. «Kasualitatez, teknikariek aipatu ziguten bazegoela Aretxabaletan deposito huts bat. Hasi ginen dokumentazioa begiratzen, eta sorpresa zen aurreikusten zela beteta egon behar zela, baina toki asko zegoela», adierazi du.

Momentu horretan detektatu zuten «ordaindu zirela 900.000 metro kubiko lur eraman gabe zeudenak, hutsik zegoelako biltegia». Dokumentazioa begiratu ondoren, ohartu ziren hau puztu egin zela, gehiago ordaintzeko enpresa eraikitzaileei. «Hor hasi genuen ikerketa eta konturatu ginen milioi dezenteko zuloak zeudela», azaldu du.

Afera kudeatzeko hartu zuten bidea azalduz, Ugartek nabarmendu du Gipuzkoako Aldundiko «gainontzeko gobernukideen babesa» izan zuela eta lehenengo kereila aurkeztu zutela, «salatuz bazeudela 14 milioi euro ordaindu zirenak eta justifikatu gabe zeudenak», aipatu du.

Ibilbidean aurkitutako oztopoen inguruan, Ugartek «epaitegiek dituzten mugak» aipatu ditu, eta Ertzaintza eta UCOren ezetza jaso zutela ikerketa bat martan jartzeko. «Ez zegoen bide publikoen bitartez ikerketa hau baieztatzeko modurik», azpimarratu du Ugartek.

Eraso politiko eta mediatikoa

«Bagenekien zein zen egia, diru publiko hori bidegabe erabili zela, nahiz eta jakin epaitegiek agian ez zutela muturreraino eramango», adierazi du abokatuak.

Hala, EAJk egin duen gaiaren erabilera politikoa eta mediatikoa kritikatu du. «Kontuan hartu behar dugu aurretik Gobernuan egon zirenen partetik zer nolako eraso politiko eta mediatikoa egin zuten gure kereilaren aurrean», esan du.

«Herri honetan, gaur gaurkoz, diru publikoaren erabilera desegokia egiteagatik salaketa bat jartzeagatik eta egia ezagutzeko ibilbide bate egiteagatik ondorio pertsonal eta profesionalak jasan daitezke. Mehatxuak esplizituak izan ziren ere», azpimarratu du.

Era berean, Gipuzkoako Lurralde Auzitegiak afera berrirekitzeko agindua eman ostean, «egia osoa» ezagutzeko «itxaropena» mantentzen duela dio.

Jaurlaritza Logoa