En directo

Entrevista
Joanes Legarda-Ereño eta Jon Unzurrunzaga
Anker taldeko musikariak

«Guk ulertzen dugu metala nitxo bat dela eta agian ez dela hain erreza entzuteko»

Mistizismo handiarekin hasten da Anker taldearen ‘Lurperatutako istorioak’ disko berria. Eta, hori argitzeko, Joanes Legarda-Ereño eta Jon Unzurrunzaga izan dira MusikHaria saioan. Gainerako biak ere ezin ahaztu, Eneko Altzelai eta Unax Anza ere badirelako Anker. DOKAn izango dira azaroaren 25ean.

Audio_placeholder

«Guk ulertzen dugu metala nitxo bat dela eta agian ez dela hain erreza entzuteko»

Loading player...
‘Lurperatutako istorioak’ diskoa kaleratu berri du Legazpiako Anker taldeak.
‘Lurperatutako istorioak’ diskoa kaleratu berri du Legazpiako Anker taldeak. (Asier IMAZ)

Gai ilun dezente duen diskoa da hau.

Joanes Legarda-Ereño: Metal musikan zaila izaten da gauza politez hitz egitea, baina askatasunaren edota indarkeriaren inguruan sortzen diren emozioak partekatzen ditugu gure kantuetan. Abesti nahikoa gogorrak dira, baina emozio horiek transmititzeko sartzen dira.

Zuberoa Aznarezek kontatzen digun istorio batekin hasten da diskoa. Disko honetan istorioak ditugu eta ez historia protagonista, ezta?

Jon Unzurrunzaga: Zuk esan duzun moduan, Zuberoak diskoan azalduko diren gai guztien laburpen moduko bat egiten du.

Metal mundutik ezagutzen duzue Zuberoa?

J.L.E.: Bai, Diabulus in música taldeko abeslaria da bera eta, hortaz aparte, gure ekoizlearekin taldea partekatzen du.

Esan daiteke diskoa bera ere kolaboratiboa dela?

J.L.E.: Hiruzpalau abestitan kolaborazioak egitea erabaki dugu, aukera polita delako eta entzuleari ere diskoa interesgarriagoa egingo zaiola uste dugu. Dinamikoagoa egiten du horrek diskoa.

Metal eszenakoak dira guztiak ere, urriko Hellbonan ikusi ahal izango zen moduan, ezta?

J.L.E.: Jende dezente zegoen bertan eta Euskal Herriko metal taldeekin osatzen den jaialdia da. Pozik aritu ginen, diskoaren aurkezpena zelako eta plaza betea genuelako hori aurrera eramateko.

Diskoari izena ematen dion kantuan, Axi Enbil izan duzue kolaboratzen. Eszenako izen propio horietako bat, ikono bat.

J.U.: Guretzako oso berezia izan zen momentua, ez genuen uste hain erreza izango zenik. Ezezkoa bageneukan eta hori espero genuen, eta hasieratik babesa eman digu eta oso berezia izan da guretzat, Asgarth erreferente izan dira guretzat eta berarekin estudioa eta denbora partekatzea oparia izan da.

Kantua nahikoa thrasheroa da, baina metalaren mundua oso zabala da.

J.L.E.: Askotan etorri izan zaizkigu halako estiloa edota bestea egiten dugula esanaz, baina guk ateratzen zaigunetik gustatzen zaiguna egiten dugu. Gure eraginak hor daude, izan thrasha, death metal melodikoa edota grindcorea. Metala dela badakigu.

Galdutako gorpuak, ahaztutako izenak… aipatzen dira ‘Lurperatutako istorioak’ honetan. Zein dira ahaztuak?

J.U.: Abesti honen letra oso sakona da. Konposatzen hasi ginenean ez genuen halako emaitzarik espero eta ahotsekin jolasean ibili gara. Joanesen ahots melodikoa eta guturala aprobetxatu genuen eta letrarekin jolasean ibili gara, ahots batek pertsonaia bat egiteko eta besteak bestea. Gerra Zibilaren bueltan kokatzen dugu kantua, gaur egun bizi dugun egoeran oraindik ere eragina duelako horrek. Hortaz, guturalarekin Gerra Zibila pairatu duen pertsona da eta, ahots garbiagoan entzuten dena, egun oraindik ere bizirik dagoen pertsona da.

Abesterakoan oso argi izan beharko zenituen rolak, ezta Joanes?

J.L.E.: Bai, pixka bat bai. Letrak zer dion argi izan behar duzu ondo transmititu nahi baduzu abesterakoan. Arima galduko luke bestela.

‘Zendutako garunak’ egurra alde guztietatik duen abestia. Ezeztatzearen kulturaren inguruan ari zaretela iruditu zait hemen, zein da egun hori eragiten duena egun?

J.L.E.: Galdera ona.

J.U.: Letra honen kritika oso zuzena da, lobotomiari egindako kritika bat da. Egun nahiz eta hain zuzen ez diren egiten esperimentu hauek, beste gailu edota teknikak badaude gauza bera lortzen dutenak.

J.L.E.: Lobotomiaren gaia interesgarria iruditu zitzaigun eta Enekorekin entsegu batean hizketan ari ginela bururatu zitzaigun honi buruz idaztea. Halako tragediak egin dira historian eta hori erakustea interesgarria dela iruditu zaigu.

Musikalki ia une guztietan hiru gitarra daudela iruditu zait.

J.L.E.: Bai, baietz esango nuke.

J.U.: Gitarra bat gehiago sartu dugu taldeko biez gainera soinu hobea eskuratzeko diskoan.

Kantu bakoitzak bere ukitua du, zer da hori, taldeko kideen eraginaren ondorioa?

J.L.E.: Unzuri esaterako euskal taldeen metalaren oso zalea izan da, nazioartekoarena ere bai, baina, akaso, ni gehiago ibili naiz kanpora begira. Unzuk Su Ta Gar, Latzen, Asgarth… gehiago entzun ditu.

J.U.: Nik uste denok iritsi garela komunen ditugun eraginak argi ikustera. Nazioarteko taldeen artean oso kuttuna dugu Trivium taldea, adibidez, moderno bat aipatzearren. Euskal metal klasikoa ere oso landuta dugu eta gaur egun ere talde txikiagoak badira eta miresten ditugu. Batzuk aipatzearren, hor daude Hellbona antolatzen duten Meliora edota Basati taldeko kideak, edota Katez taldekoak. Dena dela guretzat talde bereziena Elbereth da, legazpiarrak gu bezala, lagunak eta ia-ia familia direna.

Legazpian musika talde dezente zaudetela esan daiteke, ezta?

J.L.E.: Bai bai, Su Beltza deitzen den kolektiboa daukagu eta denetarik dago bertan, izan metala, punka, erromeriak, elektro-txarangak… Giro ona daukagu denon artean eta taldeak nahikoa aktiboak direla esango genuke.

Nahasterakoan, nahasketa orokorra izan da edota kantu bakoitzari punta ateratzen saiatu zarete?

J.U.: Sustraiak nahikoa orokorrak izan dira eta gero kantu bakoitzari bere kolorea ematen saiatu gara. Gure ekoizlearen, Aimar Ibarzabal ‘Metal’-en, indarguneetako bat grabatu arte kantuak ez dituela entzuten da. Hau da, momentuan bururatzen zaizkion gauzak, freskoak izaten dira, eta, gustatzen bazaizkio, sartu egiten ditugu. Guretzat bosgarren taldekidea da, oso modu aktiboan jokatzen du baita konposatzeko garaian ere, eta, horren adibide da ‘Erretako malkoak’.

Bere estudioan grabatzen duzue edota zein da grabatzeko tokia?

J.L.E.: Grabatu gure lokalean egiten dugu, oso modu xumean, lokaleko erremintekin. Masterizazioa eta guzti Aimarren lana izaten da gero.

Sorgin ehizaren inguruan hitz egiten duzue abesti horretan eta plazan sorginak erretzen ziren uneko giroa sortzen duzue Iker Manso eta Nagore Imazek parte hartzen duten kantuan. Kristautasunari, matxismoari… ematen zaio egurra. Sorginen tokian egun matxistak jarrita ditugu edota oraindik gauza asko dago egiteke?

J.U.: Gure ideiak nabarmenak dira eta kristautasunari sekulako egurra ematen diogu. Zorionez gizartea aldatzen ari da, disko kritikoa da eta, kasu honetan, erlijioari egiten diogu kritika, baina gaian sartuta. Sadiko samarrak ere bagara, anker samarrak, eta irudi hori erakutsi nahi genuen kritika egiterakoan.

J.L.E.: Diskoak liburu itxura izango du eta abesti bakoitza ipuin moduko bat da, hortaz, horregatik eman diogu dramatismo dezente horri eta sorgina erretzearen unean jende asko entzuten da. Entzuten den plaza diskorako propio grabatu dugu, inguruko lagunekin eta ankerzaleak direnekin.

Punkaren ’No future’ mezua metalera ere ekarri duzue ‘Ezintasunaren izenean’ kantuan. Legazpiko gazteria ere etsita dago?

J.L.E.: Aurrera egiteko ditugun beldurrek balazta lana egiten dute askotan.

J.U.: Ezin diogu zure galdera horri erantzun, egiari zor. Urko Ventureirak konposatu zuen kantua eta berak hartu du parte hemen, taldea utzi aurreko azken kantua hau izan zen.

Guturalak presenteen dauden kantua izan daiteke hau?

J.L.E.: Garrasi asko dago, barruko amorru dena ateratzeko kantua da. Baina, bai, nahikoa presente daudela esan daiteke.

Gitarra akustikoa, chorus pixka bat eta oihartzun dezente ‘Zutik begira’ kantaun. Euskal metalean asko egin izan da gisa horretarako gitarra bat sartzearena, baina sintetizadore batzuk ere entzun ditudala iruditu zait. Ohe gozoa jartzen diozue eskola jazarpena bezalako gai potolo bati.

J.U.: Txirrina ere entzuten da, eskolan kokatzen delako.

Ez da gehiegi hitz egiten gai honen inguruan abestietan, baina denok ikusi dugun edo gertutik bizi izan dugun zerbait da.

J.L.E.: Albotik eta zutik begira egon ordez, hori ikusten dugunean lagundu egin behar dugu jazarpen horrekin bukatzeko. Askotan egiten den akatsa da albotik begira geratzearena.

Eta laguntzea arriskutsu iruditzen zaigula, ezta? Inguruan tokatu zaizue edota besterik gabe etorri zaizue gaia burura?

J.L.E.: Zerbait orokorra izan da eta ez gure bizipen bati buruz idatzitakoa.

Eskoletara zabaltzeko moduko kantua da, metalarekin ere halako mezuak zabaltzen baitira. Askotan zarata bezala sailkatu eta baztertuta sentitu zarete?

J.L.E.: Guk, ulertzen dugu metala nitxo bat dela eta agian ez dela hain erreza entzuteko. Ahots gogorrak ditu askotan, guturalak eta hor daude, baina jendearen ohitura falta ere izan daiteke. Sentimenduak transmititzeko beste modu bat da. Gogortasunarekin transmititu daiteke, gitarra akustiko batekin pop kantu batean egin daitekeen bezalaxe.

Baina pop abesti bat izango bazen, akaso, eskoletara errazago iritsiko zen, eta herri bezala edo entzule bezala ere autokritika egin behar dugu.

J.U.: Gertutik ikusi izan dut lagunei kantu bat erakutsi eta aukerarik ere ez ematearena. Metala ez zaiela gustatzen esaten didate, baina metala ez da buruan duzun hori bakarrik. Eta bai, amorrua sentitzen duzu hein batean, baina, bestetik, talde bezela dugun helburua ez da horren aurka egitea. Gure bidea sortu nahi dugu, gure musikarekin goaz aurrera.

J.L.E.: Guk diskoa ateratzen dugu, ondo pasatzen dugu eta kitto.

J.U.: Eta askotan, ez badirudi ere, jende askoren babesa sentitzen duzu, nahiz eta lagunak ez izan. Horietan zentratu behar gara eta ez besteei gure zirkuituan sartzeko konbentzitzen.

Esan dugun moduan istorioak dira kontatzen direnak, eta, aipatu dugun ‘Zutik begira’ kantuan Iñaki Mujika izan duzue istorioa kontatzeko lagun gisan.

J.U.: Gure lagun kuttuna da eta gure fana ere bada. Gisa horretara ezagutu genuen, gure kontzertuetara etortzen zelako. Baina, tira, ‘Go!Azen’ bezalako telesailetan ere ibili da eta hortik ere ezagutzen genuen. Ilusioa egiten zigun berarekin zerbait partekatzeak eta hau izan da horren emaitza. Meliora taldean ere ibiltzen da bera.

‘Garrasia’ kantua tempoz lasaiagoa da, baina lodi-lodi datorrena, tinbalen erabilerak eta iluntasun hori ematen die. Gaia sakona da, batek ezin duela izan nahi duena gizartearen presioa dagoelako tartean. Zein da atzean dagoen gaia?

J.U.: Letrak egiten ditugunean, interpretazio librerako tartea uzten dugu. Polita da guk ez dugun moduan ulertzea hau guztia.

J.L.E.: Garrasi moduko batekin kanporatu nahi izan dugu barruko amorrua.

Gitarrak halako efektu berezia egiten du ‘Itzala’ kantuan. Ez gailuren bat ibili delako, baizik eta soinu berezia hartzen duelako ezohikoa den akorde horretan.

J.L.E.: Etxean egun batez riff hori etorri zitzaidan burura eta horren gainean hasi ginen lanean Jon eta biok. Hainbat proba egin eta intro bezala uztea interesgarria iruditu zitzaigun.

Inaxio Esnaola da errezitatzen entzuten duguna?

J.U.: Ez, ez. Eneko izaten da letrak zuzentzen dituena, ‘Euskaltzaindia kapitaina’ deitzen diogu gure artean. Beti nahi izan du nolabait ere ahotsa sartzea kanturen batean, eta, hemen horretarako aukera ikusi zuen, bere burua proposatu zuen eta horrela geratu da.

Kontzertu batzuk emanak dituzue dagoeneko, baina zein dira kontatzeko moduan dituzuen datak?

J.U.: Hellbonan, Iruñean eta Donostiako Amara auzoan ibili gara. Asteburu honetan, azaroaren 25an, larunbatarekin Donostiako DOKA aretoan izango gara eta, abenduaren 2an, Trintxerpeko Mogambon ere eskainiko dugu kontzertua. Diskoa atera eta gero hau da gehien gustatzen zaiguna, kontzertuak eskaintzea, eta pixkanaka data gehiago lotzea da gure nahia desio hori asetzeko.

Edizio fisikoa zuzenekoetan bai, baina nola jarriko duzue eskuratzeko modua?

J.U.: Legazpi eta inguruko tabernetan jarriko dugu eskuratzeko modua, baina bestela jarri gurekin harremanetan eta moldatuko gara.

J.L.E.: Liburu zahar baten itxura izango du, pergamino itxurako orrialdeak izango ditu.

J.U.: Lehenengoa segituan atera nahi izan genuen, berehalakotasun hori sentitzen genuelako, nahiz eta asko landu genuen.

J.L.E.: Bigarren honetan beste konplexutasun bat nahi genuen, bai abestietan eta baita diseinuarekin eta gainerako elementuekin ere.

J.U.: Esijenteak gara gure buruarekin eta baita gure inguruan lanean ari direnekin ere. Eta, bai, irrika handia izaten dugu dena azkar egitekoa, baina beste lanketa bat egin dugu bai grabaketan eta baita azken emaitzako perfekzioaren bila ere.

Eta, istorioetan argi geratu bada ere, ez zaudete inori ‘Amen’ egiteko.

Mila esker!

Jaurlaritza Logoa