En directo
«Bizitzan badira guk kontrolpean eduki ezin ditugun gauzak eta horregatik dira kantu ilunak»
Txus Billalabeitia, Gorka Lazkano, Mikel Salcedo eta Ibon Salterain 2018an elkartu ziren Gasteizen Lepora taldea sortzeko. Lehendabiziko lana, zortzi abestiz osatutako disko homonimoa, 2020an kaleratu zuten. Hiru urte beranduago atera dute ‘Zulotik’, hau ere Bonberenea Ekintzak zigiluarekin.
«Bizitzan badira guk kontrolpean eduki ezin ditugun gauzak eta horregatik dira kantu ilunak»
Diskoa leherketa baten atariko tentsioarekin hasten da, bitxia ez dakit, baina ez dakit gehiegitan entzun ditugun gisa horretara.
Gorka Lazkano: Tentsio pixka bat badu abesti horrek egia esanda.
Dena dela ez zaizue bareegi izatea guztia.
Ibon Salterain: Kaña gustatzen zaigu, baina modu neurtuan, ez egurra eman emateagatik. Baxuaren eta bateriaren artean oinarri bat egin dugu, estilo bat garatu dugu eta Txus Billalabeitiak zukua ateratzen die kantuei gitarrarekin.
Oinarri erritmiko sendoa da kantuetan bilatuko duguna, ezta?
I.S.: Bai, lokalean horrela landu ditugulako. Abesti asko Gorkaren baxutik atera dira, erritmo kurioso batekin, gainera. Ez dugu riffetan oinarritzen eta Txusi erritmoaren barruan sigi-sagan ibiltzea gustatzen zaio.
Aipatu behar ibilbide luzeko taldea zaretela. Noiz elkartzen da Lepora?
I.S.: Aspalditik ezagutzen dugu elkar eta Tutan Come On eta Same Old taldeen artean bira bat egin genuen eta elkarrekin zerbait egiteko esaten genuen. Baxu jotzaile bila hasi ginenean Gorkaren izena etorri zitzaigun eta ahotserako Txusta unibertsitatetik ezagutzen nuenez, horrela hasi ginen. Lehen diskoa pandemia aurretik atera genuen eta hor geratu zen guztia, horregatik orain bigarrena.
G.L.: Gasteizko endogamiaz hitz egiten da askotan, baina afinitate musikalaren baitan sortzen dira horrelako loturak eta Lepora ere gisa horretara sortu zen.
‘Ez dago inor’ da diskoa irekitzen duen kantua, halako zarata batzuk entzuten dira. Langile borrokaren gainbehera irudikatu nahi izan da?
G.L.: Ez ez, lehenengo pertsonan kontatu nahi genuen istorioa eta entzuten dena zabor poltsa bat eskilaretan behera entzuten da, katua baita istorioa kontatzen duena. Gaiak izan dezake, ordea, diozunarekin lotura.
Jon Urbizuren saxoa ere entzun dugu.
I.S.: Lokalean hasi ginen dagoeneko halako soinuren bat sartu genezakeela eta Tolosako Bonberenean ginenez, Turbini esan genion jotzeko. Guk nahi genuen ukitu zikin eta jazzero hori ematen dio. Horrez gainera, Txapek errezitatzen ditu azken momentuko definizio horiek.
Zuloaren ingurukoak dira, zulo asko ikusi dituzue konposatzerako garaian edo?
G.L.: Hiztegi batua hautatu dugu oso ofizialistak garelako, kar-kar. Diskoaren titulua ere ‘Zulotik’ izanda eta diskoaren inguruko haize bat ere badute definizio horiek, eta Txapek oso plano esaten dituenez, ederki geratu dela uste dugu.
‘Zulotik’ kantuan zikintasuna da akaso nagusi egurra baino.
I.S.: Akaso zikindu ez nuke esango, azkartasuna eta naturaltasuna esango nituzke nik.
G.L.: Baxua eta bateria ari dira berea egiten, baina Txus halako kolpe zakarrak ematen ari da, beste erritmo batean doa, ez doa batera baxu eta bateriarekin eta efektu berezia sortzen du.
Erritmo bitxia duen abestia da, baina laburra era berean. Kuriosoa.
I.S.: Erritmoa bagenuen eta baxua eta bateria landuta zeuden. Aldagaiak bilatzen hasi ginen abestiari forma emateko eta Txusek egin zuen erritmo hori eta pozik geratu ginen.
G.L.: Beste abesti batzuetan ere errepikatu da formula hori. Zati bat gehitu edo ez erabakitzerakoan, askotan erabaki genuen ezetz, nahikoa zela, eta horregatik kantuak nahiko zuzenak direla esango nuke.
Grabatu bakoitzak bere aldetik grabatu duzue?
I.S.: Bateria Iñigo Irazokiren Atala estudioan grabatu genuen Txapekin, analogikoan. Baina denbora genuenez eta logistika aldetik ondo ginenez, Gorkak baxuak grabatu zituen nirekin batera.
G.L.: Nik uste baxua eta bateriak elkarrekin grabatzean, lortu dela halako freskotasun bat. Gitarrak eta ahotsak Bonberenean grabatu genituen, Txapekin, eta Txusek dena oso argi zuenez, inprobisaziorako tarte bat hartu zuen, baina ez gehiegi.
Errepikatu egin duzue Karlos Osinaga ‘Txap’ekin.
I.S.: Esperientzia oso ona izan zen lehen diskoan eta oraingoan ere zakartasuna eta bere ukitua bilatzen genituen, nabaritu egiten baita hor atzean dagoena.
G.L.: Txapek gainera ez du grabatu eta nahastu soilik egiten, prozesuan aholku asko ematen dizkizu eta ideiak ere ematen ditu, hortaz, aberastu egiten du guztia. Gainera, Turbin ere berak fitxatu zigun eta gauzak asko errazten ditu.
«Negarrean artean algara bat, sua pizten duen txinparta». Depresioaren inguruan dago idatzita abestia edota gizartearen ikuspegi orokorretik?
G.L.: Ikuspegi pertsonaletik dago idatzia, taldeko batzuk garai gogorra bizi izan zutelako diskoa egiterakoan eta emaitza orokorrean nabaritzen dela esango nuke. Baina argi printza bat dago beti, esaldi horretan ikusi daitekeenez, baikortasuna ere badela gure artean.
Zuen soinuak 90etako eta 2000etako hasieratara eramaten gaituzte. Ez dakit sentsazio partekatua ote den hau.
I.S.: Jendearen partetik iritsi zaigu soinu oso ona duen abesti arraroak dituen lana dela. Eta bai, bada egitura aldetik eta nahiko berezia den lana. Badu 90etako kutsu hori eta guk entzun dugu asko garai hartatik, gainera Gorka Kashbad taldean ibilitakoa da eta nire eragina ere izan da. Ez dugu bilatu hori, baizik eta horrela atera da.
Kashbad, Dut eta halakoak etorriko zaizkio burura askori halakoak entzutean. Horregatik diot askok eskertuko duela hau.
G.L.: Touch and Go deituriko diskografika bat bazen eta jende askori zigilu hura ekarri omen dio burura. Euskal Herrian entzun dugun musika askok ere eragin digu. Komentatzen genuen, akaso ez dakigu beste deus ere egiten, baina hori ateratzen zaigu.
‘Aterako dira’ abestian ahotsari eman diozue protagonismoa, spoken word estiloan dagoena.
G.L.: Txustak ekarri zuen hau hasieratik. Guri esaten zigun kabroi batzuk ginela, egindako artefaktuari ahotsa nola sartu ez zekielako. Hortaz, egitura berezi eta musika zakarretan ahotsa nola sartu duen ikusita, harrituta geratu ginen, oso ondo geratu delakoan nago.
Matxismoari kritika zuzena da, ezta?
G.L.: Bai, zuzena da eta ez du bigarren bueltarik. Badira pare bat letra guztiz osatu gabe joan zirenak eta nahikoa azkar eginda, eta hau ere nahikoa boteprontoan atera zen.
Erritmoetan eta ez naiz gehiegi sartzen ari, oso bereziak direlako.
G.L.: Ibon da horren errudun, asko landu duzu.
I.S.: Bateria aldetik inoiz baino gehiago landu dut guztia, materialak, erritmoa, entseatzeko hartu dudan denbora… Baina konposatzerakoan, ‘Ezin menderatu’ kantuan, esaterako, bateriarik gabe hasi zen dena eta zegoenaren gainean jotzen hasi nintzelako geratu da horrela. Hasieratik egon izan banintz, akaso ez zen horrela sartuko.
‘Hegaldia’ kantuak burua astintzeaz harago, dantza egitera gonbidatzen du.
G.L.: Bixia da, aldaketak ditu eta agian diskoko melodikoenetakoa ere izango da.
Hitzekin ere bat egiten du bixitasun horrek, kartzelako ihesaldi bat kontatzen delako.
G.L.: ‘Txori urdinak’ berez artikulu bat zen, Zigor Olabarriarena, baina liburu batetarako ematen zuela ikusi zuen Argiak eta atera zuten. Santi Cobosen bizipenetan oinarritzen da eta Santik sekulan ere ez zuen ihes egiterik lortu, horregatik diogu amestua, guk amestu dugulak ihes egiten zuela kartzelatik.
Beste zulo bat.
G.L.: Hori da, eta hortik hegan egiten du.
Erritmoz bitxia dela esan duzu Ibon, baina minimalista ere bada ‘Ezin menderatu’.
I.S.: Bai eta hori da bilatu duguna. Konposatzerako orduan gehitu baino, askotan kendu egin dugu. Erritmo txukun bat genuen eta horren gainean gauzak nola egin ikusterakoan gutxitu egiten genuen.
G.L.: Bai eta diozunaren harira, errepikan ere ez dugu halako leherketarik egiten. Jarraitu egiten dugu konstantzia batean.
Bizitzaren agintea hartu ezin duenaren kezkak dira?
G.L.: Bizitzan badira guk kontrolpean eduki ezin ditugun gauzak eta letra eta kantu iluna horregatik atera dira. Horrela izan da garaia, horrela tokatu zaigu guri eta horren isla geratuko da kantuetan.
Badirudi zerbait sinplea dela, baina arte bat dago gitarren akopleetan ere.
I.S.: Beti esaten dugu gitarraren riffaren inguruan, baina Txusek zukua beste toki batetik ateratzen die kantuei. Soinuekin eta beste atmosfera batzuk sortzen ditu eta kantuak handitu egiten ditu gisa horretara. Soinu horiek ematen diote beste ukitu bat.
G.L.: Guk pitiklinak egitea deitzen diogu horri.
Materiala aipatu duzula, zenbat tinbal erabili dituzu hemen Ibon?
I.S.: Bada basekoa dago eta gero aereo bat errepiikan. Lehen esan dut materiala hautatzen ibili naizela denbora luzez, baina materiala bera hautatzen baino, afinazioetan eta pasa nuen denbora asko eta Txapek ere bere ukitua eman zion gero estudioan eta oso pozik geratu gara.
Zu, Gorka, oinarrizko elementuetan geratu zarela iruditu zait.
G.L.: Nik nire betiko anpliarekin eta baxuarekin nahi nuen jo, eta pedal aldetik preamp bat soilik erabili izan dut. Baina beran grabatu genuenez, nire anpliaren burukoa erabili neun baina pantaila Iñigo Irazokiren txiki bat zen eta askotan ez dirudi baina soinu oso polita ateratzen dute. Gaztetxeetan anpli handia ekiporik gabe jotzeko bikaina izaten da, baina askotan ez dago bolumenaren beharrik.
Bestelako zulo batzuk aipa ditzagun. Kontzertuak noiz datoz?
I.S.: Uda ostean badatoz zita batzuk, baina ezin ditugu esan non eta noiz diren, ulertuko duzue zergatik. Orain arte egin ditugunekin oso pozik geratu gara eta oso gogotsu gaude berrietarako, ezta Gorka?
G.L.: Bai, asmo onak ditugu.
Diskoa eskuratzeko moduak zeintzuk dira?
I.S.: Gasteizko Vinylora eta Bad Recordsen edota kontzertuetan, Baina norbaitek nahi badu, idatzi dezala eta saiatuko gara eskura ematen.
G.L.: Bada, Parralen eta Hala Bedi tabernetan ere eskura daiteke.
Mila esker gurekin izatearren, eta segi egurra ematen.
Eskerrik asko!