En directo
Zer da Arterra Bizizmodu?
L.G.: Arterra da komunitate intentzional bat eta elkarbizitzeaz gain arlo ezberdinetan amankomunean ditugun helburuak lantzen ditugu, hala nola, ekonomiari, ekologiari, kulturari eta gizarteari begira. Gure txokotik hasita gizartearen eta munduaren eraldaketa bilatzen dugu.
Zerk bultzatu zintuzten halako komunitate intentzional baten barte izatera?
BG: Niretzat garrantzitsua da nire idealak eta eguneroko bizitza lotzea.
Artiedako hotel zahartu batean kokatzen da zuen komunitatea. Nolako funtzionamendua du?
L.G: Hau aurrez bainuetxe bat zen Irunberri eta Agoitz artean kokatua. Bainuetxea itxi zenean sortu zen beste proiektu bati bide emateko ideia. Oso aproposa zen, zeren eraikina bertan zegoen, landa eremua baita ere… eta hori oso baliagarria egin zitzaigun.
Gure komunitatea handituz joan da, hasiera batean hainbat familia etorri ginen, 25 lagun inguru, eta poliki-poliki joan gara familia handitzen. Gaur egun proiektuaren parte izateko modu ezberdinak ditugu: bagaude Arterran bizi garena, bagaude, baita ere, boluntario etortzen diren kideak, babesa ematen dutenak…
Denek dena elkarrekin egitearen iruditeria sortzen da halako proiektuetan. Errealitatean hala da? Nola antolatzen zarete?
L.G.: Etxebizitzari begira, eraikin handi batean gaude baina baokitzak bere espazio pribatu edo intimoa du, alegia, etxebizitza bana dugu. Bestalde, espazio amankomun ugari ditugu: jantokia, sukaldea, tailerra, aretoak…
Ekoaldea gisa funtzionatzen duzue eta zuen aurkezpenean diozue “ez da soilik beste mundu bat posible dela, baizik eta beharrezkoa dela”. Nondik ulertzen duzue premia hori?
B.G. Batez ere baloreengatik. Harremanak orokorrean ulertuta, pertsonen arteko harremanak, inguruarekin dugunak, bizilagunekin… horrek denak beste beste formatu bat behar du eta hori praktikara eramaten dugu hemen.
Burujabetzak lantzen dituzue. Zer burujabetza mailatan zabiltzate?
B.G: Elikagai mordoa ekoizten dugu bertan, gure kontsumoaren erdia, gutxi gora-behera; kontsumo talde bat dugu, energiari begira modulu fotovoltaikoak jartzen ari gara, berokuntzarako biomasa erabiltzen dugu…
L.G: Eta gure biogas propioa ere badugu! Garagardoaren ekoizpenaren bidez lortzen den gasa erabiltzen dugu sukaldean.
Soziokrazia saiakera bat omen da zuena.
B.G: Arterrako oinarri bat da soziokrazia da eta bilatzen duena da boterea partekatzea.
L.G: Bilatzen dena da batak bestearengan konfidantza delegatzea edo legitimatzea. Ez gara asanbladan biltzen, ez ditugu erabakiak denon artean hartzen, talde ezberdinetan batzen gara eta talde bakoitzak baditu gai batzuk lantzeko. Talde horrek hartzen ditu erabakiak proposamenen bitartez eta gainontzeko taldeek, ez bada astakeria bat proiektuarentzat, onartu egiten dute.
Gertatzen da, azalpena emanda ere, oinarrizko galderara itzultzea eta horixe performatuko dugu: Zergatik bizi komunitatean? eta zergatik bizi komunitatean landa eremuan?
B.G: Zergatik bizi komunitatean? eta zergatik ez? Niretzat errazagoa delako. Zailtasunak ditu ikasteko eta zenbait egoera gainditzeko baina bueltan gauza asko etortzen dira. Niretzat komunitate koherentea errazagoa da landan; sinpleagoa da. Harremanak estuagoak eta askeagoak direla ere esango nuke.
L.G: Nik uste aukera gehiago ematen dituela taldean bizitzeak. Egia da momentu latzak eta gogorrak bizitzen direla, batez ere, emozionalki baina oso aberasgarria da eta ez dago konparatzerik. Harremanei dagokionez ere esango nuke osasungarriagoa dela gatazkei nahitaez egin behar zaielako aurre eta barne-lanketa derrigorra delako.
Arterra Bizimoduko eraikina erosteko prozesua martxan.
Hamar urteko amets handien, lan askoren, malko batzuen eta, batez ere, barre askoren ondoren, azkenean, proiektu gisa urte hauetan euren etxea izan dena erosteko abenturari ekin diote.
Horretarako, erabilera-lagapeneko etxebizitza-kooperatiba bat eratzeko prozesua abiatu dute. Horrela, jabetza kooperatibarena izango da, eta bertan bizi direnek espazioa erabili ahal izango dute botako dituztenaren mamurik gabe. Jakina, jabetza ez saltzeko konpromisoa hartu dute, beraz, eraikina eta bertako aktibitateak espekulazio-merkatutik kanpo mantenduko dira eta kooperatibak kudeatuko du.
Fiare irabazi-asmorik gabeko banku kooperatiboarekin hipoteka baten bidez ari dira egiten erosketa, horrelako proiektu sozial eta birsortzaileen aldeko apustua egiten duen bankuarekin. Hipotekaren kuotak pertsonen erabilera-kuoten parte izango dira, eta, ondorioz, nolabait esateko, «alokairuan» bizitzen jarraituko dute, baina kooperatiba izango da hartzailea. Horrek esan nahi du hipoteka ordainduta dagoenean kuota horiek berriro inbertitu ahal izango direla espazioa hobetzeko eta antzeko beste ekimen batzuetan inbertitzeko.
Halabaina, hipoteka batek baturaren zati bat baino ez du estaltzen ( % 80). Gainerakoa proiektua osatzen duten pertsonen eta hurbilekoen dohaintzen eta maileguen bidez estaliko dute.
Hori dela eta, elkarlanerako deia luzatu dute Arterra Bizimodukoek aldaketa sozialean lagun dezagun. Entzule, guri ere gonbita luzatu digute nahi duguna eman edo mailega dezagun, edozein kopuru lagungarria baita eta, aitortu dutenez, trantsizio ekosozialean aitzindari izaten jarraitzeko indarra emango baitie.
Dohaintza bat egin nahi izatekotan, sartu www.arterrabizimodu.org atarian eta bertan aurkituko dituzu argibide guztiak.