En directo
Ekainean sartu gara, eta, E3 azokarik gabe geratu bagara ere, bideojokozaleentzako hilabete berezia izaten jarraituko du aurten. Izan ere, industriako enpresa handien zein garatzaile txikien aurkezpenek hilabetea berotzeko balioko dute. Ekitaldien zerrenda luzea daukagu aurten, eta horiek aipatu gura izan ditugu Game Erauntsian.
Xbox Games Showcase, Devolver Direct, Ubisoft Forward, PC Gaming Show, Summer Game Fest, Wholesome Direct… esandakoa, ez dira gutxi, eta bideojoko interesgarriak ezagutzera emateko balioko dute. Oraingoz, zoritxarrez, ez dakigu Nintendo-koen ezer: aurtengo udan ere Nintendo Direct ekimena ikusteko itxaropena mantentzen dugu, baina ea zer gertatzen den datozen egunotan.
Hauetako batzuk Game Erauntsiaren Twitch katetik zuzenean jarraitzeko aukera egongo da, gainera. Horren berri izateko gure Telegram taldera sar zaitez, edo, bestela, gure blogeko albisteak irakurri.
Aurkezpenokin batera hilabeteko estreinaldirik esanguratsuenak ezagutu ditugu gurean. Uda garaian sartzen hasita, urteko titulurik aipagarrienak bildu ditugu saioan: ekainean Street Fighter 6, Diablo IV edo Final Fantasy XVI kaleratuko dira, besteak beste.
PlayStation Showcase-ari buruz hitz egin genuen joan den astean, baina Sony-koek iragarpen bat gordeta utzi zuten; ez da harritzekoa, ez baita PlayStation 5-erako, PC-rako baizik. Ratchet & Clank: Rift Apart dibertigarria ordenagailuetan merkaturatuko dute uztail bukaeran: 2021eko plataforma jokoa era guztietako hobekuntzekin estreinatuko da Steam eta Epic Games Store saltokietan.
Beldurrezko jokoen saga klasiko baten itzuleraren berri izan dugu. Alone in the Dark mitikoa urte bukaeran berrabiaraziko dute THQ Nordic-eko arduradunek: Edward Carnby eta Emily Hartwood pertsonaiak David Harbour eta Jodie Comer aktoreen aurpegiarekin eta ahotsarekin ikusiko ditugu oraingoan, hurrenez hurren. Gainera, doako demoa argitaratu dute dagoeneko.