En directo

Peli Lekuona
NAIZ Irratia. Haria 1eko gidaria

Montse Zelaia: «Preskribatua dago, baina biktimak izaten jarraitzen dugu»

Menesiarren Jose Done eskolan, zuzendari izandako Felipe Gutierrezen idatzizko barkamena onartuko du soilik Montse Zelaiak. Bere sexu-abusuen biktima da, herriko bizilagun asko moduan. «Barkamen eta errekonozimendu publikoa» eskatzen du.

Audio_placeholder

Montse Zelaia: «Preskribatua dago, baina biktimak izaten jarraitzen dugu»

Loading player...
Montse Zelaia, Bermeoko portuan.
Montse Zelaia, Bermeoko portuan. (NAIZ Irratia)

Montse Zelaiak ez du parte hartuko Bilboko Elizbarrutiak antolaturiko sexu-abusuen biktimen barkamen ekitaldi erlijiosoan. Eskaturiko barkamen idatziaren zain jarraitzen du. «Ez gara joango. Oraindik ez dute ezer egin. Deitu gaituzte, baina ez daukat ezer egiteko haiekin, eurak gurekin ezer egin ez duten moduan», nabarmendu du.

Zelaia Bermeoko Jose Done eskolako zuzendari izandako Felipe Gutierrezen gehiegikerien biktima da. Zazpi urterekin egin zion eraso. Eskolara «pozik» joan arren, erasoaren ostean «aski» esan zuen. «Ez nituen normal ikusten bere posturak, eta egiten ziguna. Egun batean ostikada bat eman eta etxera ihes egin nuen». Erasoak ama hil ostean hasi ziren. Eskola partikularren aitzakiapean, burutzen ziren sexu-gehiegikeriak. Ahizpak «pozik joan eta triste itzultzen zela» nabaritzen zuen. Montsek erasoen berri eman zuelarik, ahizpa irakaslearengana joan zen. Felipe Gutierrezek «atentzio bila» zegoela adierazi zien. «Maitasun falta» zuela ere esan zien. 

Sexu-abusuen berri eman arren, kexu da erantzun faltaz. Herriko biktima kopurua nabarmena dela zehaztu du. «Hemen asko daude, mutilak, neskak eta edozein adinekoak». Bermeoko eskola zaharretik abusuak burutu izan ditu Gutierrezek. Montse Zelaiak dio bera baino zaharragoek ere jasan zituztela erasoak. Etxean gertatutakoaren berri eman ostean, abusuen zurrumurruak zabaldu ziren. Honela, eskola husten hasi zela aipatu du, erasotzailearengandik ihes egin ahal izateko. «Bera zen eskolako nagusia. Berak ateratzen zituen umeak klaseetatik. Zuzendaria, ikasketa burua eta jabea zen. Nahi zuena egiten zuen».

Barkamenaren bide luzea

Herriko hainbat sexu-abusu publiko egin ostean, Carlos Capellan menesiarren buruarekin bildu ziren. Montse Zelaiak dio, «barkamen eta errekonozimendu» bideo bat eskatu zutela. «Ezinezkoa» zela, erantzun zieten, erasotzailearen osasun egoera argudiatuz. «Gutierrez non dagoen jakin nahi izan dugu, oraindik eskoletako sarrerak eta irteerak ematen jarraitzen zuela dakigulako. Hemen eta beste lekuetan egindakoak ezagututa, azalpen guztiak eskatu genizkion Carlos Capellani».

Zelaiaren ustetan, menesiarrei afera «handi» gelditu zaie. Horren ondorioz heldu zen, Isabel Llauger, harreman instituzionalen adituaren kontratazioa. Berarekin izandako bilera batean sortu zen Felipe Gutierrez ikusteko aukera. «Bat-batean, ikusi nahi ote genuen galdetu zigun. Mutututa eta urduri gelditu nintzen», azaldu du bermeotarrak. Llaugerrek bideo bat berarekin ala bilkuran zeuden guztiekin ikusteko aukera proposatu zien. Guztiak lekuko izateko, bertan erakustea eskatu zuten bilkuran zeuden biktimek. Bideoa ikusita harreman instituzionaletako adituak iritzia eskatu zien. Ez zen biktimek eskaturikoa izan. «Errekonozimendu eta barkamen publikoa eskatzen nabil, baina ez guretzat bakarrik. Badakizu zenbat biktima dauden Bermeon? Mordo bat». Bideoa eskuratzeko aukera ukatu zieten, «datuen babesa» argudiatuz. Haurra zela, zer nolako babesa izan zuen erantzun zuen Zelaiak. «Aztoratua» irten zen bileratik.

Bideoa eskuratzeko zailtasunaren ondorioz, Isabel Llaugerri eskuz idatzitako mezu bat eskatu zioten, «egindakoak onartuz eta Bermeoko Jose Done eskolako biktima guztiei barkamena eskatuz». Hau ere ezinezkoa izan zen. Beste behin, legeak argudiatu ziren. «Non ote gauden galdetu nuen? Atera dezatela ze legek dioen Felipek ezin duela barkamena eskatu paper batean. Dena gezurra da. Lehen tapatu egiten zuten, orain baltsamatu». Joseba Segura, Bilboko apezpikuak ere «normaltzat» jo du eskaturikoa. Montse Zelaiak azaldu du bideoa eskuratzearen zailtasunetako bat menesiarren «sekta» izaera dela. «Ez badute nahi, ez dute egingo. Bideoa badago, Felipe horretara bultzatu dutelako da».

Gutuna eskatu ostean, ez dute «ezer» eskuratu. Zelaiak argi du bukaeraraino iritsiko dela, Vatikanoraino behar izanez gero. «Aita santuarengana iristea nahi dut, ea zer dioen eskuz idatzitako barkamen gutuna eskuratzeko eskubideaz. Hori bakarrik eskatzen dugu». Vatikanoak sexu erasoei buruzko ikerketa zabalik du. Horren bitartez, Felipe Gutierrezen datuak eskuratu ahal izan dituzte, baina ez barkamena. Menesiarrak jokoan du instrukzioko kanporaketa, zuzenbide kanonikoaren baitan.

Preskripzioa oztopo

Espainiar Estatuko fiskaltzak sexu-erasoei buruzko informazioa eskatu zien elizbarruti guztiei. Gauzak egin arren, Montse Zelaiak ez du argi ikusten baliagarria izango ote den. «Urte asko dira. Preskribatua dago», azaldu du.

Honenbestez, barkamen gutuna da Zelaia eta gainerako biktimek eskuratu dezaketena. «Guztiz desengainatuak» sentitzen dira.

 

Jaurlaritza Logoa