En directo

Iker Gurrutxaga
NAIZ Irratia. MusikHaria saioko gidaria
Entrevista
Peio Artetxe
Kristonak taldeko baxu-jotzailea

«Ez dago ez pandemiarik ez gerrarik gu geldiaraziko gaituenik»

Izena aldatuta ere izana mantendu daitekeela gauza jakina da. Hautu hori egin dute Kristonak taldekoek, eboluzio natural gisara izen horren azpian kaleratu baitute ‘Ahobetehortz’ diskoa. Zortzi kantu eta bost kolaborazio dituen lana aurkezteko MusikHaria saioan izan da Peio Artetxe taldekidea.

Audio_placeholder

«Ez dago ez pandemiarik ez gerrarik gu geldiaraziko gaituenik»

Loading player...
Donostiako DOKA aretoan aurkeztu ostetik, Gasteizko Jimmy Jazzen izango dute urrengo kontzertua Kristonak taldekoek.
Donostiako DOKA aretoan aurkeztu ostetik, Gasteizko Jimmy Jazzen izango dute urrengo kontzertua Kristonak taldekoek. (GARAIFOT)

Zer moduz Peio?

Ondo, hemen harrapatu nauzu, beharreko deskantsuan, baina gustura zurekin tarte batez berriketan aritzeko.

Oionera ere iritsi da zuen oihartzuna?

Nire bitartez iritsi da, lankide eta abarren artean zabaldu dudalako. Jesusek apostuluak mundutik agindu zituen moduan, niri hona agindu naute taldekideek Kristonaken mezua zabaltzen eta kontzertu bat ere lotu dugu, hortaz ez dago txarto.

Nondik dator kristorekin halako fijazioa izatea?

Beti izan gara zirikatzaileak. Gure hasieratan Eskean moduan hasi ginen, baina rock talde bat izateko indarrik ez zuela uste genuen. Abizena jarri nahi izan genion proiektuari eta esan genuen «baina zer Kristo?» eta hor sortu zen Eskean Kristo. Pandemiak hausnarketarako tarte bat eman du eta berpizte moduko bat irudikatu nahi izan dugu, hortaz, Kristori eskean ibiltzetik Kristonak izatera pasa gara.

Eskean Kristoren agur kantua gainera izan zen inpass moduko bat.

Kantu hura kaleratzerako bagenekien izenez aldatuko genuela. Duela hiru urte Tesorero mendian bizia galdu zuen lagun bati egin genion omenaldia izan zen, gertaeraren bigarren urteurrenean, eta hortik aurrera etorri zen taldearen izen aldaketa eta gainerakoa.

Beste energia batekin eta beste estilo batzuk jorratuz zatozte. ‘Bizirik gaude’, esaterako, 70etan kokatuko nuke.

Kantu honen ildoa gure jatorrian kokatzen dugu. Talde rockeroa garela esan izan dugu beti, nahiz eta denetarik egin dugun hasieratik. Batzuetan rock & roll modernoagoa egin dugu eta besteetan zaharragoa. Adierazi nahi izan genuen kantu honekin taldekide berak garela, rock & rolla egiten jarraitzen dugula eta ez dagoela ez pandemiarik ez gerrarik gu geldiaraziko gaituenik. Mahai gainean kolpe bat eman nahi izan dugu, hemen gaudelako eta ez dugulako alde egiteko intentziorik.

Xabier Leteri keinu bat ere badago, «ukazioa legetzat hartu» esaldia zuena bihurtu baituzue.

Pello izaten da letren egilea eta guk ere egin behar izaten dugu lan potente bat letrak deszifratzeko.

Oso indartsu hasten da diskoa, baina ‘Boilurra’ kantu akustiko berezi batekin ixten da.

Norberak hartu dezake boilur hori nahi duen moduan. Diskoa indartsu hasten da eta esan duzun moduan lasai, goibel samar, bukatzen da, gure penak erakusten. Pandemia guztia kantuak egiten pasa dugu eta denetariko kantuak agertu dira, batzuk haserrea erakusten dute, besteek poza eta honek tristura. Hortaz, honekin gure alde intimoago bat aurkeztu nahi izan genuen, kantu zimelago batekin.

Izan daiteke zuen boilurra musika bere ere, ezta?Arratia inguruan izio garesti samarrak gogoko dituzuela jakin dut-eta.

Boilur itzela daukagu Arratian bai, material musikal askorekin. Musika bera garestia izaten da, baina gure konposaketa eta buruhauste guztietako ideiak Santurun, gure erretegian, sortzen dira. Orain dela pare bat urte utzita zegoen erretegi bat erosi genuen eta Kristonaken egoitza bihurtu genuen, goiz, arrats eta gau konposaketa lanetan aritzeko.

Berriz ere abestiari helduz, honetan sekulako bibratoa du ahotsean Pellok. Metalaren eragina da edo berez egiten du?

Metal taldeak beti gustatu izan zaizkio, Judas Priest eta abar. Baina berezkoa dela esango nuke, bai bibratoa eta baita ‘falseteak’ ere, propio egiten duen zerbait dira. Hori guztia, gainera, bereizgarria da guretzat, entzun orduko bere ahotsari eta sama zarratuari esker abestiak gureak direla nabaritzen delako.

Bigarren single moduan ‘Argizagiak argitzen dizu’ kantua aurkeztu zenuten, moldaketa bat dena. Niko Etxarten kantatzeko moldeetan dabil Pello. Nolatan bururatzen zaizue hau?

Ia mundu guztia da jakitun, baina ez dago elkarrizketarik Kristonak taldeak Niko Etxart aipatzen ez duenik. Lehen diskoarekin ezagutu genuen eta sekulako harremana sortu zen gure artean. Duela urte batzuk Nikori egindako omenaldi batean hartu genuen parte eta bertan abestu zuten ‘Argizagiak argitzen dizu’ hainbat zuberotarrek; idilikoa izan zen, gaztelu batean zelako eta abar. Bada, konposatzen ari ginela, jabetu nintzen letra ondo ezkontzen zela eginda genuen abesti bati, eta melodia-eta ez dira inondik inora originalarekin zerikusia dutenak, baina ondo geratzen zen. The Cult taldearen edota glam rockaren bueltan egindako kantua da.

Niko ez da glam itxurakoa, baina jorratu du musika hori ere.

Zuk diozun moduan ez du itxura hori, folk edo americana itxurako abeslarien estetika gehiago izan du, baina abesteko moduan eta dituen oihu eta abarrek badute izaera glam bat. Nik uste dut genero asko nahastu dituela eta aitzindaria izan dela askotan Niko bera ere.

‘Moogie Boogie’ kantuan izan duzue kolaboratzen, hard rock kutsua duen kantuan.

Rock & roll klasiko batetik abiatu ginen, The Flamin' Groovies taldea asko entzun dugu eta nabari da, baina The Rolling Stones ere hor dago. Beti saiatu gara abestiak gure esparrura eramaten, rock zikinago batetara eramaten dugu, baina kantu hau nahikoa garbia zenez, gitarreroagoa egiten saiatu gara eta nahasketa horrekin gure estiloko zerbait lortu dugula uste dut.

Niko ingelesez abesten ere jarri duzue.

Abestu ez, baina oihu pare batetan bai egiten duela ingelesez. Proposatu genion eta pozarren egin zuen kolaborazioa, nahieran abesteko esan genion, bere estiloan zegoelako. Behin abestu eta gero hasi zen bere zarata eta oihuak eginaz.

Hasieratik zenuten argi kolaborazio disko bat izango zela edo garatzen joan den ideia izan da?

Disko honen istorioa luzea da. Pandemia aurretik hasi ginen guztia egiten baina dena bertan behera geratu zen harik eta Elkar estudioan sartu ginen arte duela urtebete. Collage antzeko bat egiten hasi ginen eta pixkanaka hasi ginen kolaborazioen kontuarekin, Nikorena zen argi genuen bakarra. Modaren trenera igo gara akaso eta erreferentzia moduan C. Tanganaren ‘El madrileño’ hartu genuen eta kolaborazio disko bat egitea pentsatu genuen une horretan.

Zuek ere C. Tanganaren moduan erreferente klasiko asko batu dituzue. Niko, Roberto Moso, Aiora Renteria…

Saiatu gara halako zerbait egiten, erreferente klasikoen bila joan gara. Normalean ez ditugu modan dauden musikariak sartzen gure abestietan. Lehendabizi kantari ongi doakion norbaitengan pentsatu izan dugu eta gero erreferentzia klasiko bat bada, bikain. Horrela sortu ziren lau kolaborazioak eta ‘Hauxe da mementua’ kantuan Roberto Mosorena garbi zegoen.

Kantu honek badu ‘british’ ukitu bat, gitarraren riffetan eta baxuaren linean ikusten da hori.

Zaramaren munduan ere bagaude, baina arrazoi duzu. Beste disko batzuetan amerikarrago edo eskandinabiarragoa izan da guztia, oraingoan britainiarragoa da, melodikoagoa… Baxua ere melodikoagoa da, ez da bonboarekin konpasean joan eta ez gara groove indartsu bat bilatzen saiatu. Horrek guztiak ukitu ‘british’-ago bat eman diola esango nuke, bai.

Eta atzetik datorren ‘Ontziak sutan’ kantuan hasieratik intentzionalitate bat ikusten da shakerrarekin eta disonantziarekin. Batez ere shakerrak Aiora eta Zea Maysekin lotura izan dezakeelako-edo diot hau.

Hau izan da kolaborazio guztiak proposatzerakoan hasieratik denok nork egingo zuen argi geneukan bakarra. Adostasuna izan genuen hasieratik, Zea Maysen kantu baten itxura hori ere baduelako guretzako kantuak. Aiorarengan pentsatu aurretik sortuta zegoen, kolaboraziorik izango zuenik ere ez genekien, baina ez zitzaigun askorik kostatu erabakitzen.

Galtzailaren kronika batetik ironiara goaz ‘Gora Euskal Herria ataskatuta!’ kantuan. Baina kolaborazioa aipatu behar, Jose Mari, Bizardunak taldekoa, izan duzue ondoan. Utzi zutenetik kolaboratu du inoiz abestiren batean?

Pertsona zirikatzaile bat behar genuen kantu honetarako, gainera americana estiloko kantu bat zen eta Bizardunak etorri zitzaigun burura, erreferente izan direlako hor. Haritz Artola izan da akaso irudi eta erakusleihoan egon dena, baina Jose Mari eta biak bat zirela argi geneukan. Hortaz, nahi genuen nolabait ere Jose Mari kobazulotik ateratzea. Berak ere esan zigun ez ote genuen nahi Artolarekin egin, ea ziur ote ginen berarekin egin nahi genuela, ez zekiela kantatzen eta guzti esan zigun. Baina abesten jarri zen unean, argi geneukan bikain zetorrela abesti honetarako. Kontatu zigun Bizardunak utzi ostean kobazuloan dabilela lagun artean musika egiten eta hor poz-pozik dabilela. Eta, bukatzeko, kantuaren izenburuko esaldia Jose Marik esanda askoz ere indar gehiago hartzen duela uste genuen, argi eta garbi.

Kontzertuak noiz dituzue?

DOKAn eman dugu orain gutxi bat eta martxoaren 16an, ostegunarekin, gure Durangoko Nevadah taldeko lagunekin Gasteizko Jimmy Jazzen izango gara. Gero etorriko dira beste batzuk eta joango gara guzti horiek ere kontatzen.

Ez dakidana da bertan ‘Akarrusin’ gehiegi egongo den edo ez Gasteizkoan. Matxismoari kritika bat edota pribilegioen inguruan, ironiatik, ari zaretela iruditzen zait abesti horretan.

Noski, ironia asko dago. Berdintasunaren alde gauza asko ditugu egiteko, noski baietz. Gainera, abestia disko estilora bideratu dugu, nahita, normalean lizun samarrak izaten direlako abesti horren hitzak eta antimorboa bilatu dugu aipatutakoa agerian uzteko.

Victor Sanchezen bidez ezagutu duzue Olana Liss?

Bada bai, uneko kontua izan zen. Abestiari gospel ukitu bat falta zitzaion eta Olana etorri zen estudiora, moldatu genuen abestia ingelesera eta horrela geratu da. Harry Stylesen musikaren kutsua ere hartu du horrela.

Diskoa dagoeneko binilo formatoan ere baduzue dagoeneko.

Bai, aurreko kontzerturako iritsi ziren eta Elkar dendetan ere eskuratzeko moduan daude.

Bada, zorte on eta bira on!

Mila esker, plazer bat izan da.

Jaurlaritza Logoa