En directo
Horrenbeste urtez zain egon ondoren, azkenik iritsi da Hogwarts Legacy. Avalanche Software-k eta Warner Bros Games-ek sortutako bideojokoan ez dugu Harry Potter ikusiko; hori bai, bere unibertsoa horren erakargarria egiten dituzten elementu guztiak agertuko zaizkigu.
Premisa berritzailea dakar Hogwarts Legacyk: 1800. urtean girotzen denez, aspaldiko magia eta aztikeria ikastetxean ariko gara. Gure pertsonaia sortuta, eskolako lau etxeetako bat aukeratu beharko dugu: Gryffindor, Ravenclaw, Hufflepuff edo Slytherin taldeen artean hautatuko dugu joko hasieran.
Klaseetan parte hartzea, minijokoak bizitzea nahiz Hogsmeade herrixka bisitatzea dira jokoak proposatzen dituenak. Hala ere, istorio nagusiaren ardatza iratxoen iraultzaren da: horri lotuta, borroka mordoan parte hartuko dugu menperatu ditugun aztikeriak erabilita. Egia esan, era guztietako polemikek inguratu dute bideojokoa; hala ere, eskaintzen duenaren inguruan hitz egitea erabaki dugu oraingoan.
Albistegiari dagokionez, ez da asterik zirraragarriena izan bideojokoen jarraitzaileentzat. Dena den, kontutxo interesgarriak aipatu ditugu saioan: adibidez, arazoz jositako Dead Island 2-ren argitalpenari buruz aritu gara.
Team Fortress 2 izan da beste hizpideetako bat. Valve-n multijokalari titulua 2007an argitaratu zen, baina gaur egun munduko lanik jokatuenen artean jarraitzen du —Steam-en 8. postuan dago—. Horrenbeste erabiltzaile dituen arren, azken urteetan ez du eguneraketarik jaso: hori aldatu egingo dela adierazi dute arduradunek.
Bukatzeko, klasiko baten bertsio berria ekarri dugu saiora. The Legend of Zelda: A Link to the Past SNES kontsolako maisulanetako bat da. Zaleek hori hartu, eta hainbat plataformentzako port natiboa eratzea lortu dute sekulako lana egin ondoren.