En directo

Naiz Irratia

«Osakidetzako tripetatik diote profesionalek gauzak gaizki egiten ari direla»

Osakidetzako krisian elkarrizketa behar dela aldarrikatu du EH Bilduk, Gotzone Sagarduiren kudeaketak tentsioa eragin duela baieztatzearekin bat. Nerea Kortajarena koalizioaren Gasteizko parlamentuko bozeramaileak egoeraren irakurketa eskeini du Naiz Irratian.

Audio_placeholder

«Osakidetzako tripetatik diote profesionalek gauzak gaizki egiten ari direla»

Loading player...
Nerea Kortajarena
Nerea Kortajarena (Naiz Irratia)

Denen ahotan dira Donostialdeko ESIan izan diren kargugabetze, dimisio eta osasun profesionalen protestak, baina nahikoak al dira Lakuako osasun sailburu Gotzone Sagarduik eman dituen azalpenak? «Gutxi eman ditu, apenas», dio Nerea Kortajarena EH Bilduren Gasteizko parlamentuko bozeramaileak.

Parlamentuan Sagarduiren agerraldiak emango duenaren zain, herritarrei gertatzen ari denaren inguruko informazioa zor zaiela aldarrikatu du. Edonola, EH Bilduk argi du elementu bat: osasun sistema publikoaren kudeaketa ez da egokia, «gauzak gaizki egiten ari dira, hori diote aspalditik Osakidetzako tripetatik profesionalek, Osakidetza ZIUn dago»

Pandemian izandako gabezien eta Lehen Arretan izandako arazoen ostean iragarri zuen pasa den ekainean Gotzone Sagardui sailburuak osasun sistema publikoa erabiltzeko kultura berri bat. Askok murrizketekin lotu zuten baieztapena, ezetz erantzun zuen exekutiboak baina azken hilabeteetan Bidasoan nahiz Basurton gertaturikoak, eta izan diren murrizketa ezberdinek erakusten dute, Kortajarenaren esanetan, arazoa larria dela Osakidetzan.

«Elkar aitortza», ezinbestekoa elkarrizketarako

Onartu du irtenbidea ez dela erraza, baina bidea hasteko elkarrizketa gakoa dela baieztatu du, eta horretarako borondate gutxi nabari dio Lakuari. Hala, «orain arte egon ez den elkarrizketa» eskatu du, nabarmenduz profesionalek eurek salatu dutela erabakiak «goitik behera» hartzen direla. Zentzu honetan, Kortajarenak gogoratu du sindikatuak aspaldi altxa zirela Osakidetzako Mahai Sektorialetik, «gobernantza eredu bertikala» salatzearekin batera. Lakua bera ari da orain elkarrizketa aldarrikatzen baina EH Bilduko ordezkariak ohartarazi du horretarako «nahia» egon behar dela eta elkarrizketa batean ezinbestekoa dela «elkar aitortza».

Larriena emaitza da, Osasun Sailetik hartzen diren erabaki asko norabide okerrekoak direla ohartarazi baitu Kortajarenak, «erabaki asko zentzugabeak dira, irizpide teknikoen eta osasun arloko profesionalen irizpideen aurkakoak». Guztiak jarduteko era bati erantzuten diola uste du, arazoak ukatuz eta ardura besteei egotziz, «hemen badago modus operandi bat; arazoak pizten direnean txikiagotzea edo ukatzea, autokritikarik ez egitea eta errua beti besteei egoztea».

Kortajarenak azpimarratu du 2022. urtean honetan Sagarduiren kudeaketak «suak» piztu dituela han eta hemen eta baieztatu du iragarri zuen kultura aldaketa «gauzatzeko ahaleginak» jarri duela Osakidetza «polemikaren erdigunean».

Jaurlaritza Logoa