En directo

NAIZ irratia

Etxekalte, Amooma, Kyxo, Mirua eta Ihana Iriondo azaroko ‘Beste Bat’ saioetan

Aldaketekin abiatu da ‘Beste Bat’ saioen denboraldia. Egunero, iluntzeko 23:00etan zabalduko da saioa, eta lau talde beharrean bostek hartuko dute parte. Azaroa honetan, Etxekalte, Amooma, Kyxo, Mirua eta Ihana Iriondo arituko dira.

Azaroako BESTE BAT saioetako bandak
Azaroako BESTE BAT saioetako bandak (NAIZ irratia)

Bueltan datoz NAIZ irratiko ‘Beste Bat’ saioak, aldaketekin gainera. Azaro honetatik aurrera bost izango dira saioetan parte hartuko duten musikari eta bandak, eta ez lau. Astelehenetik ostiralera, egunero, saio bat aditzeko aukera egongo da, baina ez bazkalostean orain arte moduan, baizik eta iluntzeko 23:00etan. Ondoren, podcast plataformetan zabalduko dira saioak. Aldatuko ez dena, saioaren filosofia izango da. Euskal musika banda berriak ezagutzeko para izango dira ‘Beste Bat’ saioak, baita musika talde bakoitzaren erreferentzia eta azukre koxkorrak ere. Azaro honetan, Etxekale, Amooma, Kyxo, Mirua eta Ihana Iriondo arituko dira hurrenez hurren saioa egiten.

Etxekalte talde bermeotarrak diskoa kaleratu zuten pasa den maiatzean, ‘Nor da norbera’ (Elkar). Beraien ibilbideko bigarren lan luzea. Iker Etxebarria, Unai Irisarri, Jonan Juarez eta Iñaki Olondo dira taldekideak eta rock musika jorratzen dute, modu finean. Astelehenetan ezagutaraziko dituzte haien kantu kuttunak ‘Beste Bat’ saioan.

 

Astearteak Amooma talde bizkaitarraren txanda izango dira.  2018. urtean Bilbon sortutako soul eta funk musika taldea da Amooma. Oholtza bete egiten du taldeak, baita fisikoki ere, 10 musikarik osatzen dute taldea. Disko bakarra kaleratu dute, autoekoizpenean aurrera atera dutena, ‘Soul Biscuit’ (2022).

Asteazkenetan Mirua talde tolosarrak hartuko du lekukoa. Maitane Iruiñek, Malentxo Zeberiok eta Mattin Zeberiok hirukoteak osatzen dute banda. Lehen biek ahotsa jartzen diote kantuei eta Mattin Zeberio ukitu elektronikoez arduratzen da. Popa eta elektronika uztartzen dute eta pasa den irailean kaleratu zuten azken kantua: Txin-txin. Tolosarrek egin dute dagoeneko lehendabiziko Beste Bat saioa. Hemen entzun dezakezue.

Ostegunetan, Kyxo. Urnietan, lagun artean sortutako taldea da Kyxo. Lifecorea eta sintetizadoreak maite dituzte, baita hitz jokoak ere bai. Donostiako Daba Daba aretoan eman zuten beraien lehen kontzertua, 2020an. Geroztik, ez dira geldirik egon. Disko bakarra dute ‘Agoor’, lau kantuz osatua. Diskoa aurkezten izan ziren Musikharia saioan. Disko berria kaleratu ez badute ere, kantu berriak atera dituzte, ‘Burbuila’, ‘Aita zenbat urterekin ezkonduko naiz’, edo berriki Jon Basagurenekin egindako ‘Magia’.

Gasteiztik emango dio amaiera asteari. Etxe honetan ongi ezagutzen dugun Ihana Iriondok egingo du 'Beste Bat' saioa ostiraletan. Musikari egoiliarra izanen da Iriondo ‘Beste Bat’ saioetan, denboraldi osoan egingo baititu saioak. Musikharia saiotik ere pasatutakoa da Iriondo, eta bertan aurkeztu zituen ‘Nola izango da’ kantua eta bideoklipa.

Jaurlaritza Logoa