En directo

Ainara Rodriguez-Amaia Zurutuza
Entrevista
Mertxe Aizpurua
EH Bilduren bozeramailea espainiar Kongresuan

«Asko ezin fakturak ordaindu eta energia enpresak onurak handituz, gauza asko aldatu behar da»

Espainiar Gobernuaren aurrekontuetan badago zer hobetu Mertxe Aizpurua EH Bilduren diputatuaren esanetan, eta bizi dugun egoera soziekonomikoan herritarrak babesteko neurriak hartzea ezinbestekotzat jo du. Euskal selekzioen aferan, «urrats bat» eman dela baina «sarraila guztiak itxita» daudela.

Audio_placeholder

«Asko ezin fakturak ordaindu eta energia enpresak onurak handituz, gauza asko aldatu behar da»

Loading player...
Mertxe Aizpurua, EH Bilduren bozeramailea Espainiako Kongresuan.
Mertxe Aizpurua, EH Bilduren bozeramailea Espainiako Kongresuan. (EH BILDU)

2023ko aurrekontuen tramitazioak segida du ostegun honetan espainiar Kongresuan, osoko zuzenketen eztabaidarekin. EH Bilduk ez aurkeztea erabaki du, «printzipioz jarrera ona» ikusi dutelako Sanchezen Gobernuan. Negoziatzen jarraitzen dute bi aldeek baina Mertxe Aizpurua diputatuak NAIZ Irratian berretsi du osoko zuzenketarik ez aurkezteak ez duela esan nahi Gobernuak EH Bilduren baietza duenik; «hainbat gai jorratu beharko ditugu baiezkoa nahi badute».

Gai sozialak dira EH Bilduk negoziatu nahi dituenak, «halabeharrez», Aizpuruak zehaztu duenez. Izan ere, bizi dugun egoera sozioekonomikoa ikusita eta itxura guztien arabera etorriko dena aintzat hartuta, «krisiari aurre egin behar zaio», aldarrikatu du diputatuak. Neurri sozialekin «gutxien dutenak» babestu behar direla nabarmendu du eta Gobernuaren aurrekontuetan jasotakoa baino gehiago egin daitekeela: «Badago gauzak hobetzeko esparru zabal bat». Aizpuruaren esanetan, «orokorrean nahiko aurrerakoiak» dira baina oraindik «tarte asko dago» eta «denak aprobetxatu behar dira». Izan ere, «herritar asko gero eta egoera okerragoan daude; ikusi beharko da krisiak zein eragin duen hurrengo hilabeteetan baina aurreikuspenak ez dira gozoak», ohartarazi du.

Azken boladan ezkutu sozial gisa kalifikatu diren hainbat neurri hartu dira, baina horietako zenbait iraungitzeke edo amaitzeke daude, baina Aizpuruak uste du «halabeharrez» egin beharko dela zerbait, bestela jende asko «kinka larrian» geratuko delako. Beste faktore garrantzitsu bat ere badago Aizpuruaren esanetan: «Herritar asko faktura energetikoak ordaindu ezinik daude jada, negua datorrenean ikusiko dugu gora doala hori, eta parean banketxe eta enpresa energentikoen irabaziak gehituz doaz». Egoera honetan, argi dio, «gauzak asko aldatu behar dira, gu horretan saiatuko gara, hori izango da gure asmoa». Neurriak hartu beste biderik ez dago Aizpuruaren esanetan, «bestela ikusiko duguna oso larria izango da».

Pilota eta surfeko euskal selekzioak, «urrats bat»

Espainiako Kirol Lege berriak pilota eta surfeko euskal selekzioei atea irekitzea «urrats bat da» EH Bilduko diputatuarentzat, «urrats bat bada, bide luze baten lehen pausoa, baina urrats bat, agian ez hain erraldoia, batzuek aurkeztu duten bezala, baina bada urrats bat; batzuetan lehen pausoa ematea ere garrantzitsua da gero beste batzuk emateko». Euskal selekzioen alde lanean aritu direnak zoriondu nahi izan ditu baina honakoa zehaztuta: «Hemen ez da ezer bukatu, ez dira ate guztiak ireki eta erabakiak nazioarteko federazioen esku jarraitzen du».

Galdetu du ea zergatik baimentzen diren pilota eta surfa eta ez beste kirolak. Gainera, ohartarazi du Kirol Legean egingo duten aldaketarekin aipaturiko bi selekzioak ahalbidetuko direla baina «badu lehen puntu bat nolabait ateak ixten dizkiena beste kirolei». Gogoratu du, halaber, nazioarteko federazioen estatutuek «galarazi» egiten dituztela euskal selekzioak «Espainiak bultzatu zuen aldaketa bategatik» eta ondorioz «sarraila guztiak itxita» daudela oraindik. Euskal selekzio guztien defentsan lanean jarraitzeko beharra aldarrikatu du EH Bilduko diputatuak. Gakoa «euskal herritarren nahia» dela baieztatu du, eta kalean zein instituzioetan lanean segi behar dela.

Jaurlaritza Logoa