En directo

«Multinazional bati ahalmen guztiak ematen dizkiote gure lurrak kentzeko»

Magnak Erdizen eraiki nahi duen meatzeari buruzko galdeketa egingo dute Baztanen azaroaren 20an. Iruritako alkate Pello Iriartek salatu du udalez gaindiko plan sektorial gisa tramitatu nahi dutela egitasmoa, «gure gainetik pasatzeko».

Audio_placeholder

«Multinazional bati ahalmen guztiak ematen dizkiote gure lurrak kentzeko»

Loading player...
Baztango alkateak, azaroaren 20an egingo duten herri-galdeketa aurkezten.
Baztango alkateak, azaroaren 20an egingo duten herri-galdeketa aurkezten. (Idoia Zabaleta | FOKU)

Baztango alkateek agerraldia egin zuten pasa den asteburuan jakinarazteko Erdizeko bazkaleku komunalean Magna multinazionalari meatze bat irekitzeko baimena ematearen inguruko galdeketa egingo dutela azaroaren 20an.

Magnak proiektua udalez gaindiko plan sektorial gisa tramitatzeko eskatu dio Nafarroako Gobernuari eta Parlamentua horren alde agertu da Navarra Suma, PSN eta Geroa Bairen aldeko botoekin. Proiektuaren inguruan herritarrek duten iritzia jasotzeaz gain, azaroaren 20ko galdeketarekin egitasmoa Baztango instituzioak alboratuz egin nahi dutela salatuko dute, Pello Iriarte Iruritako alkateak NAIZ Irratian azaldu duenez. Baieztatu du sei mende daramatzala Baztango Batzar Nagusiak bertako lurrak kudeatzen eta orain hitza kendu dietela.

Bigarren saiakera izango da honakoa, aurrez egin nahi zuten galdeketarako ez zutelako baimenik jaso, ez espainiar Gobernuaren eta ezta Nafarroako Gobernuaren aldetik ere. Euren arau propioak erabiliko dituzte galdeketa egiteko.
Iriartek irmoki salatu du Baztango erakundeen boterea multinazional bati eman nahi diotela. Meategia eraiki nahi duten eremua babesturiko natur gunea da baina horretaz gain nekazari askoren lan eremua ere bada, bertara eramaten baitituzte animaliak. Gogora ekarri duenez, mendeak daramatzate eremua bazkaleku gisa erabiltzen.

Duela 16 urte ere saiatu zen Magna multinazionala Erdizen meategi bat eraikitzen, besteak beste enplegua sortuko zuela iragarriz baina herritarrek irmo adierazi zuten euren aurkako iritzia. Oraingoan, ordea, baztandarrak aintzat hartu gabe eta «gure gainetik pasatzeko» proiektua udalez gaindiko plan sektorial gisa tramitatuz eraman nahi dute aurrera.

Jaurlaritza Logoa