En directo

NAIZ Irratia

Etxebarrieta (Jaizkibel): «Bada garaia honi amaiera eman eta festa beste modu batean ospatzeko»

Loratzen izeneko jaialdiarekin Jaizkibel Konpainiak mende laurdena ospatuko du. Jaia nola datorren jakiteko eta 25 urteotan egindako ibilbide zail zein arrakastatsuaren errepasoa egiteko, Naiz Irratiarekin hitz egiteko tartetxoa hartu dute konpainiako kide Oihana Etxebarrietak eta Ane Lekuonak.

Audio_placeholder

Etxebarrieta (Jaizkibel): «Bada garaia honi amaiera eman eta festa beste modu batean ospatzeko»

Loading player...
Mende laurdena ospatzeko Jaizkibel Konpainiak egun osoko egitaraua antolatu du urriaren 22rako.
Mende laurdena ospatzeko Jaizkibel Konpainiak egun osoko egitaraua antolatu du urriaren 22rako. (NAIZ)

Aurtengo irailaren 8an bete zituen ofizialki 25 urte Alarde parekide baten alde egiten duten Jaizkibel Konpainiak. Era guztietako irain eta oztopoei aurre eginez, berdintasunaren aldeko aldarria zabaldu dute 25 urteotan Hondarribian, bertako udalak etengabe alarde parekide baten eskariari muzin egin badio ere. Herritar askoren babesa ez zaie falta ordea, izugarri hazi baita konpainia sortu zenetik.

Etorkizunari begira, orain arteko ibilbidea ospatuko dute larunbat honetan, Loratzen izena daraman jaialdian. «Bada garaia honi amaiera eman eta festa beste modu batean ospatzeko», adierazi du Oihana Etxebarrietak Naiz Irratian.

Mende laurdeneko atzera begirakoa eginda, konpainiak beti izan duen «aurrera jarraitzeko gogoa» nabarmendu du Ane Lekuona Jaizkibeleko kideak eta gogo hori «25 urte hauetan etsi ez duten emakume eta gizonen lanak» hauspotu duela gaineratu.

Bide horretan, Etxebarrietaren ustez, «ezinbestekoa» izan du konpainia berdinzaleak «egoera gogorretan» eman zaion «babesa», izan konpainia barruan sortutakoa nahiz herritarren partetik, kulturaren esparruko hainbat lagunena edo Mugimendu Feministaren aldetik jasotakoa.

Falta izan duten babesa, aldiz, instituzioena izan da, «udaletxetik hasita Jaurlaritzaraino», Etxebarrietaren hitzetan. Baina modu bortitzagoan, esan du, Jaizkibelen kontra aritu diren «gertuko» herritar horiena. Konpainiako kanpitainaren hitzetan, «horrek ere eragin du 25 urtez luzatzea egun dugun egoera».

Plastiko beltzak, irainak...

Urte gogorrak izan dira Jaizkibeleko kideentzat, mota askotako mespretxuak jasan izan baituzte betiko alardearen defendatzaile batzuen partetik. Plastiko beltzak, irainak edo bizkar emateak ohikoak izan dira. Horrek sortutako mina alde batera uzten saiatzen direla esan du Etxebarrietak, «herritar guztientzako festa» baten mesedetan. «Guk ez dugu sinesten ustezko beste alde hori diskriminatuko duen egoera batean, guk sinesten dugu denok batera ospatuko dugun festa batean», gaineratu du.

Edonola ere, aurtengo alardean inoiz baino jende gehiagok desfilatu du Jaizkibelekin eta inoiz baino jende gutxiagok eman dio bizkarra konpainiari. «Gauzak aldatzen ari dira. Jaizkibelek egun duen babesa agertzen da, eta bada arrazoi bat aurrera jarraitzeko eta ikusteko bide onetik goazela».

«Aurten plastiko beltzik gabe desfilatu dugu, gure musika eta herritarren txaloak entzuten, ospatzen... zoragarria izan da. Baina segregazioak jarraitzen du, ez da egoera normalizatu bat oraindik», ohartarazi du Oihana Etxebarrietak.

Ospatzeko eguna

Loratzen jaialdiaren gastuei aurre egiteko finantzaketa kolektiboko kanpaina bat martxan jarri zuen Jaizkibelek, ez zuelako nahikoa babes ekonomiko jaso Emakunde bezalako instituzio publikoen aldetik. Hala ere, kanpaina «martxan jarri bezain laster» Hondarribiako nahiz kanpoko lagunek behar zuten babesa eman zieten eta ospatzeko baliatuko dute larunbata.

Jaialdiaren bitartez babesa eman duten horiei aitortza egin nahi diete, eta, horrekin batera, aldarrikatu nahi dute herria beraiena ere badela, Lekuonak azpimarratu dutenez.

Loratzen jaialdia ibilbide historiko batekin hasiko da, ondotik Herri Bazkaria egingo dute eta gero ekitaldi nagusiaren txanda izango da. «Ekitaldian aukera izango dugu eskerrak emateko, ez bakarrik soldaduei, baizik askotan isilduak izan diren pertsona guzti horiei», esan du Lekuonak. Musikarekin amaituko da jaialdia: The Iiingles, Anari, Pinpilinpussies eta Merina Gris taldeekin.

Jaurlaritza Logoa