En directo
Bideojokoen munduak geroz eta indar zein hedapen handiagoak dauzka, hori ez da inolako misterioa. Baina, zenbat jokatzen dute Euskal Herriko gazteek eta nerabeek? Galdera horri erantzuna eman diote Udalerri Euskaldunetako Mankomunitateak argitaratutako gazteen ikus-entzunezkoen kontsumoari buruzko ikerketan: udalerri euskaldunetako ikasleen gehiengoak bideojokoen ohiko erabiltzaileak dira.
Horren inguruan hausnartu dugu azken saioan. Are gehiago, bestelako datuetan ere sakondu dugu. Generoari buruzko informazioa jaso dugu: gizonezko gehienak bideojokoetan dabiltzan bitartean, emakumezkoen eta ikasle ez binarioen ia erdia ohiko bideojokalaria da.
Euskara ere ardatzetako bat izan da, noski: % 3,5ek baino ez du euskaraz jokatzen. Oso kopuru urria, bai; eskerrak Game Erauntsia hori aldatzeko baliabideak eskaintzera datorren. Asteon gure euskarazko bideojokoen zerrenda goitik behera eraberritu dugu: diseinu berria, iragazkiak eta itzulpen proiektuak inplementatu ditugu. Modu horretara, euskarazko jokoen eskaintza ezagutzea inoiz baino errazagoa da edozeinentzat.
Zerrenda honek ez luke ezertarako balio gure hizkuntzan jokatzeko titulurik gabe, ordea. Alor horretan ere berri onak jaso ditugu: orain arte ihes egin diguten euskarazko lau bideojoko ezagutuko ditugu irratsaioan. Life Light, Project Souls, Field Defense eta Coliseum Jump dira, eta doan joka daitezke!
Gainera, Bergarako Udalak ZTB jardunaldien baitan Maijoku Elkartearekin eta Game Erauntsia Elkartearekin antolatutako ekimenak aurkezteari ekin diogu. Hasteko, Wolfram 2022 LoL Txapelketa prestatu dugu: izen ematea gure webgunean irekita dago, araudiarekin batera.
Bigarrenik, Bergara bloketan, Minecraft eraikuntza proiektua abiarazi dugu: kasu honetan ere informazio guztia Game Erauntsiaren webgunean dago. LoLeko eta Minecrafteko ekimenei bukaera emateko, azaroaren 5ean Bergarako Zabalotegi aretoan batuko gara.
Bukatzeko, Azaroaren 8an Utopia? Euskaraz bideojoketan aritzea ez behintzat! hitzaldia eskainiko dugu Bergarako seminarioan.
Aste honetako analisian superheroiak izan dira nagusi. Araknidoak, batez ere: Marvel-ekoen Spider-Man bideojokoan sakondu dugu. Peter Parker gaztearen azken abenturak inoizko onenak izan dira, eta Manhattanetik ziztu bizian zintzilikatzen aritzea sekulako esperientzia da.