En directo

Euskaraz hitz egiteko ohitura dutenak eta ez dutenak, eskutik hartuta

«Euskara praktikatzeko guneak» sortzea du helburu Mintzapraktika egitasmoak. Abian da 2022/2023 ikasturtean izena emateko epea. Antolatzaileen azalpenak eta bidelagun eta bidelari baten testigantzak bildu ditugu.

Audio_placeholder

Euskaraz hitz egiteko ohitura dutenak eta ez dutenak, eskutik hartuta

Loading player...
Maite Agirre Topaguneko Mintzapraktika egitasmoen koordinatzailea, goian, eta Josu Perez bidelaria, Arantxa Ugartetxea bidelaguna eta Aitziber Gurutzeaga Donostiako Mintzalagun egitasmoaren arduraduna, behean
Maite Agirre Topaguneko Mintzapraktika egitasmoen koordinatzailea, goian, eta Josu Perez bidelaria, Arantxa Ugartetxea bidelaguna eta Aitziber Gurutzeaga Donostiako Mintzalagun egitasmoaren arduraduna, behean (Naiz Irratia)

Euskararen ezagutza eta erabilera ez doaz erritmo berean, ez duela hiru hamarkada, ezta orain ere. Ezagutza erabilera baina handiagoa da eta erronka da euskara dakienak euskaraz hitz egitea, baita euskara ikasleak nahiz euskaraz bizitzeko ohiturarik ez duenak ere. Baina euskara ikasten ari denak edo euskara «herdoilduta» duenak maiz ez du praktikarako aukerarik, lekurik. Hala hausnartu zuten duela 30 urte Donostiako euskaltzaleek, Aitziber Gurutzeaga Donostian Mintzalagun egitasmoaren arduradun denak azaldu duen moduan, «euskaltegietan ikasle pila ari zen euskara ikasten, baina euskaltegitik kanpo ezagutza hori praktikan jartzeko zailtasunak zituzten».

Egoera honetan, Bagera euskaltzaleen talde sortu berriak euskaldunak eta euskara ikasleak elkartu eta praktikarako aukera berriak jarri zituen martxan. «Sei bikoterekin» ekin zioten bideari eta gaur egun 7000 dira Euskal Herri luze zabalean Mintzalagun egitasmoan parte hartzen duten lagunak Maite Agirre Topaguneko Mintzapraktika egitasmoen koordinatzaileak zehaztu duenez. Baieztatu du jende askok ez duela aukerarik bere inguruan egunerokotasunean euskaraz aritzeko.

Mintzalagun egitasmoan parte hartzera deitzen duen kartela
Mintzalagun egitasmoan parte hartzera deitzen duen kartela ((Topagunea))

«1000 talde elkartzen dira astero»

Funtzionamendua sinplea da, astean ordu betez elkartzen dira hasieran ezezagunak baina berehala ezagun eta baita lagun ere bihurtzen diren pertsonak euskaraz hitz egiteko. Batzuk bidelagunak dira, euskaldunak, besteak bidelariak, euskaraz ikasten ari direnak edo euskaraz hitz egiteko ohitura galduta duenak. Helburua argia da, «euskara praktikatzeko guneak eta uneak sortzea, astean ordu betez euskara praktikatzeko aukera eskaintzea». Talde batzuk tabernetan elkartzen dira, beste batzuk pasratzera joaten dira, bada mendira joaten denik ere, «talde bakoitzak erabakitzen du asteko ordu horretan zer egin». Emaitza itzela da, une honetan «1000 talde elkartzen dira astero gure herrietan».

Hazten jarraitu nahi du dinamikak, ikasturte honetarako hautatu duten leloak erakusten duen moduan, ‘Zurekin euskaraz egin nahi dugu’. «Badago jende bat euskaraz aritzeko prest baina jende gehiago behar du erabilera hori martxan jartzeko, dei bat da jendeak egitasmoan parte hartzeko», azaldu du Gurutzeagak. Bigarren leloa motibagarria da, ‘Probatu ez duenak ez daki zer den hau’, egitasmoa guztientzat positiboa dela nabarmenduz.

Josu Perez euskara ikaslea, «oso eskertuta»

Hala baieztatu du Arantxa Ugartetxea bidelagunak, «esperientzia zoragarria da». Plazera da beretzat euskara ikasleak edo euskara «herdoilduta» dutenak «askatzen» ikustea. Baieztatu du taldeetan «konfiantza sortzen dela», beldurrak alde batera uzten direla eta berdin dela «ondo ez hitz egitea». Agirrek berretsi du Ugartetxeak azaldutakoa, «talde txikiak dira, lagun giroa sortzen da, segurtasuna eta konfidantza, akatsak egiteko beldurrik gabe, modu informalean, hori da arrakastaren gakoetako bat».

Hala dela baieztatu du Josu Perez euskara ikasleak, «azken finean eroriz ikasten da, beharrezkoa da akatsak egitea eta mintzalaguna horretarako gune onena da». Gaineratu du ez dela inoiz «epaitua» sentitzen eta hori oso garrantzitsua dela euskaldun berrientzat beldurra galtzeko. Perezen taldea astelehenero elkartzen da eta oso eskertuta dago egitasmo honetan parte hartuz euskara praktikatzeko aukera ematen dieten lagunekin, «ezin dut esplikatu zein lan egiten duten gure alde, oso eskertuta nago, beraien denbora ematen diete pertsona ezezagunei».

Agirrek erantzun dio bera ere, bidelaguna izaki, oso eskertuta sentitzen dela, «ematen du gu ematera goazela baina nik asko jaso dut eta euskaraz bizitzeko modu ezberdinak ezagutu ditut». Sareen garrantzia ere aipatu du, izan ere bakoitzak duen euskarazko sarea zabaldu egiten da egitasmo honekin eta nahigabe euskaldun berriak euskarazko sareetan txertatzen dituzte.

Gurutzeagatik egitasmoan parte hartzeko deia luzatu du, gogoratuz oso garrantzitsua dela gero eta pertsona gehiagok euskara erabiltzea eta bide horretan euskaldun berriei edo euskara ahaztuta dutenei lagunduz areagotu egiten dela hizkuntzaren erabilera. Topagunearekin edo edozein euskaltegirekin harremanetan jarriz lortuko du interesa duenak Mintzapraktika egitasmoaren inguruko informazioa.

Jaurlaritza Logoa