En directo

«Erabakitzeko eskubidearen eztabaida berraktibatzeko unea da»

Gure Eskuk formalki eskatu dio EAEko Parlamentuari erabakitzeko eskubidea lege bihurtuko duen eztabaida berriro martxan jar dezala. Amalur Alvarez bozeramaileak NAIZ Irratian aldarrikatu du herritarrek etorkizun politikoaz eztabaidatu dezaten «tresna legalak» nahi dituztela.

Audio_placeholder

«Erabakitzeko eskubidearen eztabaida berraktibatzeko unea da»

Loading player...
Amalur Alvarez
Amalur Alvarez (Naiz Irratia)

Bederatzi urteko ibilbidea du jada Gure Eskuk eta «borondate argi bat adierazi du ekintzaz ekintza, dinamika ezberdinetan», Amalur Alvarez bozeramaileak NAIZ Irratian nabarmendu duenez. Erabakitzeko eskubidearen aldeko ia 22.000 sinadura bildu dituzte ikasturte honetan eta abenduan bilera publikoak egin zituzten Gasteizko parlamentuko taldeekin. Orain legebiltzarrean entregatu dituzte aipaturiko sinadurak «eskaera sendo bat» egiteko. «Erabakitzeko eskubidearen eztabaida berraktibatzeko eta bertan herritarroi dagokigun lekua emateko unea da», adierazi du.

Gure Eskuk argi du eztabaida ez dela soilik instituzio publikoetan egin behar baina «maila politiko eta instituzionala garrantzitsua da, ikusita legealdi honetan ez aurrera ez atzera egon garela». Instituzioetan du fokua jarrita Gure Eskuk, baina batez ere kalean, gizartean, «aldaketak beti behetik» sortzen direlako, «herritarrek bultzatuta».

«Tresna legalak»

Instituzioei dagokienean eskaera argia egiten diete, «gure marko juridikoaz eta etorkizun politikoaz eztabaidatu nahi dugu eta horretarako berme eta tresna legalak behar dira». Alvarezen esanetan, instituzioei dagokie «eztabaida serio eta egituratu» baten baitan «prozesu hori martxan jartzeko tresnak herritarren eskura jartzea».

Parlamentuko hiru taldek, EAJ, EH Bildu eta Elkarrekin-Podemosek, Gure Eskuren eskaera babesten dutela nabarmendu du bozeramaileak eta Ganberako Mahaiari eskaeraren izapidetzeari bide emateko eskatu diotela. «Badago konpromiso bat gaiari heltzeko udazkenetik aurrera, espero hala izatea, hitzetatik ekintzetara pasatzea tokatzen da, gertutik jarraituko ditugu urratsak», baieztatu du Gure Eskuko bozeramaileak.

Parlamentuan eztabaida berraktibatzea funtsezkotzat dute, baina «herritarrei protagonismo berezia emanda». Alvarezek adierazi du Parlamentuak badituela tresnak horretarako eta adibide gisa aipatu du hezkuntza ponentzian agerraldi asko egin direla. «Gai honi seriotasunez heltzeko unea da, Parlamentuak baditu tresnak. Guri eskatzea dagokigu eta beraiei gure esku jartzea».

Pirineotako Bidearekin «oso ilusionatuta»

Herritarren aktibazioari dagokionean, uztailaren 2an Pirineotan egingo den ekimenarekin «oso ilusionatuta gaude» baieztatu du Alvarezek. «Azken momentuko olatua» ari dira ikusten, egunez egunez izen emateak gora baitoaz. «Nabaritzen ari gara babes eta gogo handia berriro gai honi heltzeko», baieztatu du Gure Eskuko bozeramaileak.

Jaurlaritza Logoa