En directo
«Disko hau zahartzen ez, baina kantu berriak konposatu eta grabatzen gabiltza buru-belarri azkenaldian», esan digu taldeko abeslari eta teklatu-jotzaileak. Diskoa ahal zen moduan grabatu dute, uneko mugikortasunaren arabera, eta gero materialaren eskasiak biniloa nahi zuten garaian ez edukitzea ekarri zien, hala, diskoa esperotakoa baino beranduxeago kaleratu behar izan du Uger taldeak. Diskoak «lan handia» eman diela esan du Gagok, baina ez da harritzekoa, kantuek iraupen luzea dutelako orokorrean eta horiek landuz gustura geratu arteko bidea izaten da askotan gogorrena: «Askotan gertatzen zaigu gure artean ere oreka hori bilatzen galdu egiten garela askotan. Baina kantuak naturalki horrela ateratzen dira eta batzuetan gehiago luzatu behar dugula ere pentsatu izan dugu. Kutsu politiko bat ere badu kantu luzeak egitearenak, momentu txikiak kontsumitu beharrean bizi gara eta bost minutu kantu bat entzuten ematea ez da hainbeste denbora, eta hainbesterainoko bada entzun beste zerbait».
Gizarte kontuetako langilea da Gago eta kantuen hitzetan hori islatu dela esan digu: «Kanturen batean besteren batean baino gehiago, baina laneko egunerokoan ikusten ditudan egoera eta kaka askoren aurrean oihu egin behar izaten da eta kanturen batean hori egin dut. Bizi dugun miseria horrekin bizikidetza egin beha da eta kontraesanetan erortzen gara maiz».
Soinu berezia eta kantu luzeak
Kontsumo azkarraren garaiotan pista luzeen alde eta biniloaren alde egin dute, eta horrek akaso ekarri ditzake albo-ondorio batzuk, baina Uger taldearen edozein kanturen zatitxo bat entzun orduko, identifikagarria da haien soinua. «Nik esango nuke denbora asko eman dugula bakoitzak bere soinua topatzeko. Nahiz eta Uger taldeak ez duen ibilbide luzea oraindik, taldekideok urte luzez gabiltza musikaren munduan. Bakoitzak bazekien zer soinu mota nahi zuen, eta, ez bazekien, bazeukan ahalmena bilatzen jakiteko. Jendeak esaten dizkigu halako erreferentzia batzuk etortzen zaizkiola burura, esaterako nire abesteko era eta Ekizak Willis Drummonden duena alderatu dizkidate. Baina lokalean ikusita zenbat denbora pasatzen duen bakoitzak nahi duen soinu hori bilatzeko, esango nuke bakoitzak lortu duela nahi zuen hori», azaldu digu Gagok.
Baxua eta batera metronomo moduan jarri eta haren gainean entzuten dira gainerako geruzak, denak elkarren artean nahastuta. «Sortzeko modua eta sinplifikatu egin dira disko honetan. Batez ere baxua eta bateriaren arteko lanketatik sortu dira kantuak, beren artean nola moldatu hobeto ikusteko, baina soinu aldetik ere bai, ze frekuentziatan mugitu ahal diren jakiteko, besteei ere beren esparrua uzteko. Dena da puzzle bat bezalakoa eta jende gehiena ziurrenik ez da ohartzen hortaz, baina guretzat oso garrantzitsua izan da. Ez soilik zer soinu gustuko dugun, baizik eta zein soinuetan egon gaitezen gustura gu geu, entzule moduan eta jotzen ere bai, zerbait desberdina proposatu nahi izan diogu bakoitzak taldeko soinuari. Nahasteko momentuan zaila izan da eta kostatu egin zaigu, baina bai, bateria eta baxua izan dira ohearen oinarria eta gero gainerakoak gainean jarri gara goxo-goxo», kontatu digu taldeko abeslariak.
Ahotsaren tratamendua oso berezia izan da diskoan eta lehor-lehor entzuten da, Gago armairu baten barruan abestuz ari balitz bezala. «Ez dakit zeintzuk filtro eta halako gauzak erabiliko zituen Borja Arbaiza gure teknikariak, baina bai siku samar gustatzen zaigula entzutea ahotsa. Horrez gainera, ahotsa beti beste instrumentu bat balitz bezala erabiltzea gustatu zaigu, gainerakoekin nahastu dadila. Ez zaigu gustatzen ahotsa lehen planoan egotea eta gainerakoa atzetik, guretzako nahastu egin behar du eta batzuetan esaten dena ulertzen ez bada ez du halako garrantzirik, nahiz eta letrek beren pisua duten», nabarmendu du Uger taldeko kideak.
70etako rock progresiboa
70etako musikaren eragin dezente duen taldea dela esan daiteke. «Ni betidanik ibili naiz musikaren bueltan, umetatik biolinarekin, gero baxuarekin, beste talderen batean bateria jotzen dut… Beno, nik eta taldekide guztiak ia denetarik jotzen dugu. Baina, horrez gainera, taldekideak musika kontsumitzaile amorratuak dira. Urik, bateria-jotzaileak, irratsaio propioa zeukan Fikerrekin; Borjak eta Azak ere beste hainbat talde izan dituzte… Erreferente bakarra esatea ezinezkoa litzateke, baina bai 60 eta 70etako musika asko entzuten dutela, batez ere Azak eta Urik eta haiei esker ezagutu ditut hainbat talde nik ere», adierazi digu Gagok.
Diskoari izena ematen dion kanturako, ‘Lehengo lepotik burua’ kanturako, Miren Narbaizaren ahotsa eta Joseba B. Lenoirren gitarrak izan dituzte alboan eta horrekin oso pozik agertu da Gago: «Bi pertsona zoragarri dira eta ni Napoka Iriaren fana ere banintzen. Elkarrekin oholtza partekatu genuen Komantxe konpartsan Aste Nagusian eta gero Kremlin aretoan ere bai, eta proposatu genien ea parte hartu nahi zuten diskoan eta baietz esan ziguten. Mirenekin abesteak sekulako ilusioa egiten zidan eta Josebak kantuaren azken minutuak gitarrarekin osatzea sekulakoa iruditzen zitzaigun, oso soinu bereizgarria duelako, eta oso pozik gaude gurekin parte hartzera animatu zirelako. Ea elkarrekin jotzeko aukerarik suertatzen den». Batzuetan dena galeraren inguruan ikusten dugula kontatu digute, kasu honetan herri bezala, baina diskoan orokorrean ere hortik, galeraren bidetik, jo dute Ugerrekoek, horren inguruan gogoeta egin dezagun. Bandcamp bidez eskuratu daiteke diskoa digitalean eta gero kontzertuan eta DDT Banaketak dendan eskuratu daiteke biniloa.
Datorren kontzertua ekainaren 17an emango dute, ostiralarekin, Zallako udaletxeko lorategian, Blakkat Mentxu eta Lukiek taldeekin batera. Bitartean, hartu patxada eta gozatu diskoaz.