Zuzenean

Iker Gurrutxaga
NAIZ Irratia. MusikHaria saioko gidaria
Elkarrizketa
Jon Gago
Uger taldeko abeslaria

«Astean bitan elkartzen gara eta aldaketa etengabean murgilduta gaude»

Uger taldea entzuten genuenean, alboko gelako armairutik abesten zigun mutilaz hitz egiten genuen. Bada, armairutik atera da Jon Gago eta beste soinu batekin datoz orain. Iaz ‘Lau-bat’ deituriko EPa kaleratu zuten, aurten gauza gehiago ere bai. MusikHaria saioan izan da taldeko abeslaria.

Audio_placeholder

«Astean bitan elkartzen gara eta aldaketa etengabean murgilduta gaude»

Loading player...
Sorkuntzarako gaitasun handia duen taldea da Uger. Azkenaldian, bertsio bat bestearen atzetik kaleratzen dabiltza.
Sorkuntzarako gaitasun handia duen taldea da Uger. Azkenaldian, bertsio bat bestearen atzetik kaleratzen dabiltza. (UGER)

Zer moduz zaude Jon?

Ondo, gustura, zuekin beti gustura.

Sekulakoa izaten ari da zuen emaria, ezta?

Lokalean inbertitzen dugun denbora gozatu eta aprobetxatu egiten dugu. ‘Lau-bat’ atera genuenetik ez gara geratu eta, azkenaldian, kontzertuak ematen baino konposatzen eta bestelakoak egiten ari gara.

Azken ‘Hirugarrengaiak / Hitz-mitz’ lanak zein du intentzioa?

Badugu gure barne ordena, baina hortik kanpora kosta egiten zaigu gauzak ordena logikoan proposatzea. Bi kantu hauek ‘Lau-bat’ grabatzen ginela konposatu eta diskotik kanpora geratu ziren. ‘Hirugarrengaiak’ DDTren ‘Hemen eta orain’ diskorako zegoen eginda berez, baina guk gure bertsioa grabatu eta ateratzea pentsatu genuen. Hortaz, EParen bueltan grabatuta genituenez, hilabete batzuetara, horiek kaleratzea erabaki genuen. Azak bazuen Ekai bere semearen argazkia, Fikerrek diseinutxo hori egin zuen eta atera genituen. Hortaz, intentzio berezirik ez esandakotik kanpora.

Rock energikoa badu zuen azken proposamenak baina desert rock ukitua ere badu bigarren zatiak.

Musika aldatzen doa testuingurua bera ere aldatzen den heinean. Ez dakit rockeroagoa den hau edo bestea, gu barruan gaudelako. Niri geldotu egin direla kantuak esango nuke, baina ganberro ukitua ere ez dugu galtzen.

Erdi tempoetara pasa zaretela, bai, hori nabari da. Amorruz kantatzen jarraitzen duzu, hori bai.

Bai, bai. Indarrez abesten dut beti eta ez dakit beste modu batetara egiten. Joy Division taldearen ‘Transmission’ kantuaren bertsioa egin dugu eta giro horretan kosta egiten zait abestea. Taldekoek esan zidaten ezetz, ondo zegoela eta aurrera egin nuen, baina kosta egiten zait. Erosoago nago ahotik haize indartsua botatzen dudanetan.

Bi kantu hauetan suaz, dena erretzeaz, hitz egiten da. Zer dira, egoerari egindako kantuak edota nondik dator guztia?

Jendeak abesti bat bezala hartzen dituela ere esan digu. Lehenengo abestiak amorrutik hitz egiten du, nahiz eta gero beste istorio bat baduen. Txaber, nirekin bizi den lagunari, barkamena eskatzeko, sentimendu hori bideratzeko, idatzitako kantua da. Denok biluzten gara izate horretan eta modu sano batean elkartzen gara. Eta egia da erretzearen kontua eta badaudela, baina ‘Hitz-mitz’ Fikerrek idatzi zuen. Bere bizipen desberdinetatik sortutako hitzak dira, berez elkarren arteko lotura berezirik ez dutenak. Sanjoan gaua dago tartean eta horrek sortzen du kantuaren testuingurua.

‘Lau-bat’ diskoa ‘Bost’ kantuarekin irekitzen da, bost abesti ditu eta azalean bost txori elektrizitate kable batean ikusi ditugu. Zer kontatu nahi da honekin guztiarekin?

Lan honen abesti asko jabetu ginen bazirela nolabait ere zenbakien munduarekin lotuta zeudenak. ‘Bost’ abestia bospasei esalditatik abiatu zuen Azak, gazteleraz, bost zentzumenetan zentratuta. Hori egiten ari ginen bitartean, diskoaren izena taldea definitzen zuen zerbait izan behar zela ari ginen hausnartzen. Eta edozein ideia eztabaidatzen dugunean, beti gertatzen zen lau ados egotea eta bat kontrara joaten dena. Gainera, aurreko diskoa grabatzen ari ginela, enara horiek gu bezala ikusi genituen estudio atarian eta argazkia egin genion. Hau da, lau eta bat zeuden. Bada, hori da abestiaren eta diskoaren tituluaren atzean dagoen guztia.

Armairutik irten zarela diot ahotsaren tratamendua aldatu delako, baina guztiaren erdigunean zaude orain, ez zaude banda baten aurrean abesten.

Hasieratik horrela sentitu naiz eta nik uste dut hori izan zela taldearen eskaera eta baita nik zerbait desberdina probatzeko ere. Nik ahotsaren melodia mezua plazaratzeko zerbait bezala ikusten nuen eta gainerakoa harentzako ohe bat bezala irudikatzen nuen. Ugerrekin ikasi nuen ezetz, ahotsa beste musika tresna bat dela eta gainerakoez inguratuta egon daitekeela. Eta letra ez bada ulertzen, ez da ezer gertatzen. Beste gauza batzuk bilatzen ditugulako.

Espazio autogestionatuek zuen taldean pisu handia izan dute. Lan hauek Txarraskan, Txirbilenean, La Rotan… eginda daude. Zuen musika ere doakotasunean eskaintzen duzue. Kultura beste modu batetara ulertzen du Uger taldeak.

Modu batean edo bestean toki desberdinetan ibili gara militatzen taldekideok. Bizkaiko okupazio mugimenduaren barruan asko ibili gara. Hortaz, ez da erosotasuna, baizik eta gure komunitatea hor daukagu. Gu bertan sortu gara eta gure entzule gehienak ere hor bueltan ibiltzen dira. Hortaz, nik badakit musika egiten jarraituko dugula izan horrela edo beste modu batean bizi guztian, baina gure izate komunitarioa hortik dator. Espazio horiek gabe, ez litzateke ulertuko, ez esparruengatik, baita bertako jendearengatik ere.

Aipatu ditugunetan mugimendu bizi samarra dago, baina pentsatzen dut geroz eta itoago ibiliko zaretela zuek ere.

Honi buruz Braulioko lagunekin hausnartu genuen. Geroz eta zailagoa da musika aldetik gauzak antolatzea modu libre batean eta geroz eta zailagoa da horrelako espazio autogestionatuak bilatzea ere. Mobilizatzea ere geroz eta zailagoa da eta estamentu publikoekin dauden harremanen aurrean ere ez da erraza gauzak aldatzea. Hortaz, bizirautea ez da erraza. Hala ere, gu horrelako espazioetan ohituta gaudenontzat, geroz eta zailagoa da kultura azaleratzeko tokiak topatzea, batez ere kultura lokala bada. Eta gure nahia hori da, lokaleroak izatea. Baina beno, okupazio mugimendua eta estamentu publikoak ondo eramatea ezinezkoa izan behar da, baina badirudi geroz eta gehiago kostatzen dela gune okupatuetara jendea erakartzea.

‘Los rosales’ kantua aurreko ‘Lehengo lepotik burua’ diskotik jarraikortasun gehien duena iruditzen zait.

Astean bitan elkartzen gara eta aldaketa etengabean murgilduta gaude, hortaz, ez dakit hori baloratzen.

Mezu politiko argia duen kantua iruditzen zait. Arantzez josita dagoen elementu ederra ukiezin bihurtzen zaigu, goitik begira daukagun zaindari horren erruz. Eta, zaindariak, gainera, gure artean haserre jarri gaitu.

Elementu hori izan daiteke gure bizitza, instagrama, edo nahi duzuna. Eta zaindariak gu jarri gaitu bere lana egiten, ukiezinak diren elementuak guk bihurtzen ditugu ukiezin, gure jarrerek, ez sistemak soilik.

Sistemak garaitu gaituela hein batean, ezta?

Urik egindako bi esalditatik abiatzen da eta bide horretara joan zen abestia.

Sonic Youth, Hüsker du, CAN, Joy Division, Nirvana, Anari… A zer nolako eraginak diren eta a zer nolako bertsioak egin dituzuen. Guztiekin EP bat osatuko duzue?

Ez dakit, ez dugu zehaztu. Hasiera batean entseatzen, konposatzen dugun bitartean, halako kantuekin jolasten hasten gara eta gero grabatu ere egiten ditugu. Ez dakit zer egingo dugun guztiekin, baina beno, ez dut ideia hori baztertuko.

Esan duzu konposatzen zabiltzatela kontzertuetan baino gehiago. Baina badator datarik?

Ez ditut zehazki gogoratzen denak, baina abenduan asteburu bat Blakkat Mentxu eta Terapiako lagunekin, enkarterriko jende onarekin, Lapurdi aldera joateko asmoa dugu, baina zehaztu gabe dugu erabat plana. Gero, horrez gainera, azaroaren 25ean akaso Erandioko Astika auzo okupatuan jotzekotan ere baginen, baina ez dakit aurreratu ez ote naizen.

Bada, jarrai ezazuela emari horrekin, gozatzen eta gozarazten. Eta autogestioko lan guzti horretan, oztopoak izan daitezela ahalik eta gutxien.

Mila esker zuri berriz ere aukera ematearren. Ondo ibili!

 

Jaurlaritza Logoa