En directo
Helburu hartuta euskarazko kantagintzaren bueltako ikasgune eta bilgune izatea eta euskarazko kantagintza aztertu eta hura sustatzeko baliabideak eskaintzea, uztailaren 11 eta 12an ‘Kanterri, kantatzen duen herria’ jardunaldiak antolatu dituzte Oiartzungo Udalaren, Kantagiltza Elkartearen eta Ahotsenearen artean. Bertan, hizlari lanetan jardungo dira Fermin Etxegoien idazle eta kazetaria, Anari Alberdi musikaria, Itxaro Borda idazlea, Ihintza Orbegozo musika kritikaria, Imanol Epelde musikari eta irakaslea eta Jon Maia bertsolaria.
Ekimenaren bueltan, Anari Alberdi NAIZ Irratiko Kultur Harian programan izan da. «Kantatzen duen herria berdin-berdin hilko da, baina bahintzat kantatuan arituta», esan du jardunaldiaren izenaz galdetuta. Berak, horiek euskaraz sortzearen eta kantatzearen transmisioaren inguruan kokatzen ditu. Azaldu duenez, bere atalari hesi bat jartzeko asmoz, hiru atal aipatuko ditu: Zer kantatu, zertarako eta zergatik. «Nire ibilbidearen bidez hitz egingo dut, eta baita ibilbide horren zehar kantatuko dut, gitarra eramango dudalako. Nire ideia da nire ibilbidearen momentu desberdinetan zeintzuk izan diren erantzunak aztertzea, ikusteko ea aldatu diren edo ez».
Anari 1980ko hamarkadatik dabil musikan murgilduta eta etapa desberdinetatik pasatu da ordutik. Orain galderak egiten dizkio bere buruari, musika egitean kontzienteago izanik, baina beti ez da horrela izan. Izan ere, hasieran nahiko argi zuen zer kantatu. «Hasten zarenean beti dago momentu bat imitaziozkoa dena, ikasteko entzuten duzuna imitatzen duzulako, eta denborarekin zuretik gehiago jartzen zoaz era inkontzienteago batean. Nik kantak egingo ditut eta abestuko dut ateratzen zaidanari buruz. Baina azken urteetan kontzienteagoa naiz zeri kantatu nahi diodan. Askotan intuizio bat da; gero eta gehiago galdetzen diot nire buruari zer kantatu nahi dudan eta nola», aipatu du irratian.
Bere kasuan musika ez da etxean jasotako zerbait, musikari askok diotena; etxean ez zuen musika askorik entzun. Txikitan formakuntza akademikoarekin hasi zen, solfeo eta pianoan, baina azkar baztertu zituen. Gero rockarekin hasi zen, talde batean bateria jotzen. Taldean zegoela, esperimentatzeko, abesten hasi zen. Gasteizen ikasten ari zela, bateriarekin ezin zuenez jarraitu, gitarra merke bat erosi eta kantuak sortzen hasi zen. «Abesti anglosaxoiekin sartu nintzen musikan. Mikel Laboa berandu ezagutu nuen», aitortu du.
Musikan, orokorrean, sortzeko prozesua aldatu egin dela uste du. «Hasieran abestiak melodiatik eta produkzio musikaletik egiten ziren, eta orain hitzetatik hasten da dena. Nik melodiak alde batetik eta hizkiak bestetik egiten ditut. Lehen diskoan abestiak banan banan egiten nituen, gaur bat, hemendik hilabete batera beste bat… orain denak batera egiten ditut», esan du, argituz fronte desberdinak bezala baino, zatitan banatzen duen frente handi bat bezala ekiten diola lanari; abesti erraldoi bat sortzen du, gero kanta desberdinetan banatzen dela. Horri esker, disko bakoitzeko abestiek badute harremana.
Letra ona eta txarrei galdetuta, esan du gai horrek jardunaldi oso baterako emango lukeela, baina finean, uste du ez dagoela letra on eta txarrik, abestiarentzat aproposak direnak baizik. «Iruditzen zait Euskal Herrian tradizio handiegia dagoela letra ona letra poetikoarekin lotzeko, eta iruditzen zait badaudela talde asko letra onak dituztenak egiten duten musika estiloarentzat. Letra ona da transmititu nahi denarekin eta musikarekin ondo enkajatzen duena. Poema bat oso letra ona izan daiteke abesti batentzat, baina beste batean oso gaizki funtzionatu», iritzi du.
Zentzu horretan, aipatu du esaldi bat errepikatu eta errepikatu daitekeela, absurdoa ere izan daitekeela, baina abestiaren logikarekin bat badator, letra ona izango dela. «Niretzat, doinua, interpretazioa eta letraren arteko hirukia da abesti bat», azpimarratu du. Bere kantetan aplikatuz, ‘Luizia’ kanta ondoen josita dagoena uste du, «beti bilatzen dudana, eta oso zaila dena». Oiartzungo jardunaldian hau ondo azalduko duela iragarri du.
Bestalde, kontatu du kantautoreen artean sentitzen duela banda bat dela, eta banden artean kantautore. Hori dela eta, neska bati entzun zion definizioa gustatzen zaiola esan du: «bandautore». Agian ez duelako ez batean eta ez bestean guztiz enkajatzen, ez du presiorik sentitzen sortzerako garaian. «Abesti molde desberdinak ditut; nire buruari permititu diot abesti sinpleago batzuk ere egitea», adierazi du.