En directo
Asteazkenero legez gerturatu dira NAIZ Irratira Izortze Santin eta Koldo Gartzia zientzialariak. Aitortu dute «geroz eta zailagoa» dela pandemiaren egoera eta aztarna jarraitzea, kasu guztiak ez direlako zenbatzen eta positibo guztiak ez direlako jakinarazten. Izan ere, datu ofizialen arabera, Araba, Bizkaia eta Gipuzkoan heriotza kopuruak jaitsi egin ziren pasa den astean, baina kontrara, erietxeratu behar izan zituztenak igo. Nafarroan ere zertxobait jaitsi dira kutsatzeak, eta ospitaleratze kopurua aurreko asteko berberak dira. Gainera, zortzi hildako izan dira.
Datuei begira esan du Santinek «pozgarria» dela heriotzak jaitsi izana, nabarmen txikiagoak direla orain urtebetekoekin alderatuta, eta oso deigarria zaiola, esaterako, denbora guzti honetan aldaera berrien informaziorik zabaldu ez izana: «Zuek uste duzue ez direla aldaera berriak sortu? Bai, sortu dira, baina gaitasun gutxiago ere badugu horiei jarraipena egiteko».
Tximu baztanga, birologoen haserrea
Covid-aren pandemiatik burua erabat altxa ez dugunean, tximu baztangaren agerraldi bat ere izan dugu gurean. Momentuz 7 dira atzemandako kasuak Hego Euskal Herrian, guztiak ere arin tratatu direnak.
Kontua da harrabotsa sortu duela agerpen honek; agerpen berak baino, Europan edo AEBetan egin zaion jarraipen estuak. Izan ere, Afrikan gaixotasun endemikoa da, baina ez zaio orain bezain beste arretarik jarri inoiz; Gartziak eman du datu esanguratsua: «Maiatzaren 15ean Britainia Handiko lehen kasua ezagutu zenetik, birusaren 60 sekuentzia atera dituzte; aldiz, aurreko urte guztietan Afrikan ez zituzten 24 sekuentzia besterik atera. Hiru astetan aurreko urteetan baino informazio askoz gehiago atera dute, birusa benetan arazoa den lekuan ikertu beharrean». Honek erantzun argia du Gartziak eta Santinek diotenez: «Ez da bakarrik kolonialismoaren eragina, kapitalismoaren eraginez ikusten ditugu horrelako injustiziak».
Aharrausi egitea, kutsagarri?
Edonori galdetuta, baiezkoa emango lioke erantzunari: aharrausi egitea kutsagarria da. Bada, Gartziak azaldu digu horren ikerketa egin berri dutela. Lo-esna trantsizioetan gertatzen den fenomeno bat omen da, garuneko tenperaturarekin zerikusia duena. Hala egiaztatu dute ikerketa horretan: aharrausi egitean, garuneko tenperatura jeitsi egiten dela, eta aharrausiaren iraupena garuneko tamainaren eta konplexutasunaren araberakoa dela.
Galdera da ia kutsakorra den aharrausi egitea, eta erantzun ezberdinak daude horretarako: Gartziak azaldu du batzuek enpatia ariketa batekin lotzen dutela; aldiz, azken ikerketa honetan proposatu dutena da atentzioarekin zerikusia izan dezakeela.
Antza, orain 400 milioi urte atzeman zuten lehedabizikoz aharrausia arrain hortzdunetan, eta ordutik barreiatu da gainerako bizidunongan.