En directo

Entrevista
Xabier Irujo
Historialaria

«Ankerkeria baten ostean beti dator gezurra, Francok agindu zuen eta dokumentatua dago»

85 urte igaro dira Gernikako bonbardaketaz. Xabier Irujo historialariak eta Nevadako Unibertsitateko euskal ikasketen zentroko zuzendariak hamar urtez ikertu du erasoa, ‘Gernika, 26 de abril de 1937’ liburuan jasoaz erasoari buruzko xehetasunak.

 

Audio_placeholder

«Ankerkeria baten ostean beti dator gezurra, Francok agindu zuen eta dokumentatua dago»

Loading player...
Xabier Irujo ‘Gernika. Genealogy of Lie’ liburuaren aurkezpenean
Xabier Irujo ‘Gernika. Genealogy of Lie’ liburuaren aurkezpenean (Maialen Andres | FOKU)

Lehen galdera tranpatia da, baina egin beharrekoa. Gernikako bonbardaketa gerra esperimentua ala babesgunea zen helburu taktiko bat ahultzeko erasoa izan zen?

Gernikako bonbardaketa gauza asko izan zen baina zeozer izan ez bazen hori da bonbardaketa taktikoa. Bi gauza izan zituen nagusiki: gerra esperimentu bat eta izua zabaltzeko bonbardaketa bat. Izu bonbardaketaren helburua zen Jaurlaritzaren tropak uzkurtzea eta frontea kolpe bakarrean suntsitzea. Geroago, historian askotan gertatu da. Adibidez, Dorre Bikien atentatuan bezala, izu bonbardaketa hauek beti dute helburu pertsona asko hil, posible bada zibilak, eta hondamen handia sortzea. Hori dugu Gernika. Eraikuntza guztien %85a deuseztatu zituen bonbardaketak. Bestetik, esperimentu baten katea da. Durango eta Eibarren pausoz pauso aurrera eraman zuten esperimentu baten urratsa da.

Bonbardaketa nork agindu zuen?

Bonbardaketa guztiak agindu zituen Francok. Ezin zuen beste modu batean izan. Francoren botereak horretan zuen oinarria. Berak, Molak eta beste jeneralen arteko botere nahi horretan, bakoitzak bazituen aldeko kartak. Francorenak ziren aleman hegazkineriaren buru zela. Hugo Sperrle zen Kondor legioaren komandantea eta Francorekin zuzenean bakarrik hitz egiten zuen. Euskal frontean, hiru hegazkineriak Fuerza Aérea Nacional, Aviazione Legionaria eta Kondor legioa Francorekin lotuak zeuden, eta berak agintzen zituen bonbardatze guztiak. 1936ko uztailaren 22tik hasita, 1937ko abuztuaren 17 arte, 1600 bonbardaketa operazio katalogatu ditut. Horrek esan nahi du bi mila bonbardaketatik gora egin zirela, bakoitza Francoren agintean.

Hermann Göring, Luftwaffeko buruaren arduradunaren helburua zen hegazkinak gerretarako baliagarriak zirela frogatzea. Nola lotzen da hau Francoren bonbardaketa aginduarekin?

Francok gerra irabazi nahi zuen eta Göringek frogatu nahi zuen hurrengo gerra airean borrokatuko zela, hegazkineria izango zela erremintarik hoberena. Orduan, Alemanen ikuspegitik aplikazio gunea da. Francoren aldetik, gerra irabazi nahi zuen eta Errepublikak baino hegazkin gehiago behar zituen. Horregatik, hegazkinak eta pilotuak ekarri zituen Alemania eta Italiatik.

Gernikako bonbardatzea da horren logika: Hiru ordu eta erdiz, toki bat bonba-azpian eta metrailatua izan eta gero, infanteriako tropek ia borrokatu gabe hartu dezakete toki hori. Horrela izan zen Euskal frontea egunez egun, euria egiten ez zuen bitartean behintzat. Egiten zutena zen lehenengo lerroko lubakiak, gudarienak, etengabe bonbardatu, goizeko 8.00etatik arratsaldeko 6.00ak arte, eta gero arratsaldean infanteriako tropek aurrera egiten zuten eta normalean erresistentzia gutxi aurkitzen zuten. Hala eta guztiz ere, erresistentzia handia izan zen. Hau da, kontutan izan behar dugu adibidez Eibarren frontea zazpi hilabetez edo gehiago egon zela eta ez zen milimetro bat mugitu. Hain zuzen ere, udaberriko kanpainan matxinatuek kilometro erdi bat aurreratu zuten eguneko. Hori oso gutxi da. Erresistentzia topatu zuten. Richthofenek askotan bere egunkarian idatzi zuen, oso haserre zegoela, eta Bilbo erraustu nahi duela.

Horretarako gakoa den egun bat dugu: apirilak 20a, Hitlerren urtebetetze eguna. Hasieran esaten zen egun horretan Bilboren erorketa oparitu nahi ziotela. Baina matxinatuek hau zail ikusi zutenez, oparia Gernikaren bonbardaketa izan behar zuen?

Bai, hala izan behar zen. Hain zuzen ere, hiru aste eta gero ez zutenez Gernika hartu, Göringen arerioak hasi ziren esaten Bilbo ez zutela hartuko, oso gaizki ari zirela, ez zegoela koordinaziorik… Haiek bazekiten oso harreman txarra zutela Condor legioak italiarrekin edo Emilio Molarekin. Francorekin beti izan zuten harreman ona baina ez beste batzuekin.

Hau esaten denean, bonbardaketa bat urtebetetze-opari bat izango dela, harrigarria ematen du. Baina Bigarren Mundu Gerran, horrela izan zen beti. Alemaniaren bonbardatzerik handienak, zabalenak, zapaltzaileenak ia beti apirilaren 19an edo 20an izan ziren. Hala izan zen Norbegiako konkista egin zenean, Londresko bonbardaketan edo Atenasen. Hainbesterako da, non aliatuek Berlin apirilak 20an bonbardatu zuten lehen aldiz. Hau Hitlerren urtebetetzeko atal bat da bakarrik. Bere urtebetetzeko opariak itzelak ziren.

Aire erasoen emendatzearekin, Jaurlaritzari defentsa zaildu zitzaion. Agirrek Companys berari hegazkinak eskatu zizkion, baina eskaera egin zion Sobietar Batasunari?

Egia esan, eskaera egunero guztiei egin zien, baina gerra hegazkinak oso garestiak ziren. Jaurlaritzak ez zuen dirurik apenas janaria ekartzeko. Errepublikar Gobernuari egunero egin zioten eskaera. Hauek ez zuten eman. Aitzakia ezberdinak eman zituzten. Steerek esan bezala, Errepublikak ez zion Agirreri hegazkinik eman, beldur zirelako. Nolabait, erabaki politikoa izan zen. Ez zuten nahi Eusko Jaurlaritza bat hegazkinekin. Hegazkinak beti egon ziren errepublikako gobernuaren agintearen pean.

Gernika 59 hegazkinek bonbardatu zuten, baina apirilean eta maiatzean matxinatuek izango zituzten gutxi gorabehera 200 bat hegazkin. Eta Errepublikak Hego Euskal Herrian, kasu honetan Bizkaian, zortzi zituen. Hori zen aldea. Babesik gabe zeuden. Baita ere, behin baino gehiagotan idatzi da Jaurlaritzak 30 bat ehiza-hegazkin izatekotan, horrekin Bilbo ez zela eroriko.

Bonbardaketa eguna, 1937ko apirilak 26a, astelehena zen, merkatu eguna. Ekialdeko errefuxiatu asko zeuden Gernikan, eta Jaurlaritzak bertara joateko deia egin zuen, Bilbon elikagaiak lortzea zaila zelako.

Gernikara zazpi tren heldu ziren. Ez dakigu zenbat pertsona iritsi ziren. Labauria alkateak esaten du gutxi gorabehera 12.000 pertsona. Alberto Onaindiak ere bai 12.000. Gutxi gorabehera 5.000-7000 lagun heldu ziren egun horretan Gernikara. Noski, nor iristen da Gernikara apirilaren 26an janari bila gerra garaian? Denak edo gehienak zibilak. Gehienak emakumezkoak, adin bateko pertsonak eta haurrak ziren. Hori da duguna Gernikan egon horretan, eta guztiak harrapatu zituen bonbardaketak.

Ondorioz, jakinda zibilak, adinekoak, haurrak egongo zirela, honek lotura du erasoaren egunaren hautaketarekin?

Bai, noski. Gernika erasotu zuten astelehenean, bazekitelako merkatu eguna zela. Adibidez, 19an ez zuten bonbardatu, Hitlerren urtebetetzean, eta bonbardatzea aste bat atzeratu zuten, ez egun bat edo bi. Bonbardaketa astelehenean izan behar zen, eta hori da izu hondaketaren logika. Biktima-heriotza kopuru handia gauzatu behar ditu. Hori da izu bonbardatze baten logika, eta baita ere hondamen-materiala oso-oso zabala izan behar du. Bi gauza horiek dira azken finean izu bonbardaketa batekin bilatzen direnak. Hori gertatu zen Gernikan.

Erasoari dagokionez, aipatzen da fase ezberdinetan egin zela. George Steerek «heriotzaren erritmoa» deitu zion. Nolakoak izan ziren hauek?

Denetatik dago, psikologia apur bat eta gero baita ere teknika. Fase hauek dira Wolfram Von Richthofenek apirilean Euskal Herrian esperimentatu zuen teknika. Esan bezala, Durangon hasi zen. Gero, berrikuntza batzuk gehitu zizkion Eibarko bonbardaketan; eta Gernikan esperimentua gauzatu zen.

Lehenengo fasea da jendea babeslekuetara deitzea. Haiek bazekiten, Gernika hondatu zezaketela iparraldetik, sorpresaz, modu errazean. Aldiz, ekialdetik egin zuten eraso, gehien ikusten zen tokitik. Hauek ekialdetik bonbardatu zuten, denbora sobera ematen alarmak jotzeko eta jendea babeslekuetara joateko. Inork ez zuen imajinatzen 40 – 46 tona bonba botako zirenik. Aterpe horiek ez dute ezertarako balio, tranpak bilakatuko dira. Adibidez, Andra Marin bakarrik 450 – 500 lagun hil ziren.

Haiek nahi zuten ahalik eta jende gehien mugitu. Horretarako bidali zuten hegazkin bat bueltaka. Alarmak jo zuten, eman zuten ordu laurden bat jendea babeslekuetara iristeko, eta orduan hasi zen bonbardaketa. Lehenengo fase honetako bigarren helburua Gernika urik gabe geratzea zen. Ur-depositua bonbardatu zuten, sua itzaltzeko urik ez izateko.

Bonbardaketa hau eta gero, 45 minutu itxaron zuten. Denbora hau suhiltzaile, mediku edo erizainek kalteturiko lekuetara iristeko eta laguntzen hasteko behar duten denbora da. Hor harrapatu nahi zituzten eta ez zuten nahi inor Gernikatik irtetea. Une hartan jarri zituzten martxan kateak (koordinaturik erasotzen duten hiru ehiza-hegazkin). Hamaika kate jarri zituzten. 32 -33 hegazkin hauek Gernikatik atera nahi zuten guztiak metrailatu zituzten, jende guztia hirigunean mantentzeko. Ondoren, iparraldetik erasotu zuten, sorpresaz, Ju-52 hegazkin pisutsuekin. 21 hegazkin, hiruko taldeetan, hirigunea bonbardatzen egon ziren. Lehenengo bonba leherkorrak bota zituzten, etxeak goitik behera lehertzeko. Babeslekuen azpian geldituriko pertsonak ihes ez egiteko, hondakinen gainean su-bonbak jaurti zituzten, hirugarren fasean.

Azken fasean, Gernika sutan zegoen. Jendeak ihes egin nahi zuen. Hortaz, beste ehun minutuz ehiztarien kateak bueltak ematen egon ziren Gernikan, jendea bertan mantentzeko, suzko eraztunaren barruan.

Azkenean, halako eraso bortitz batek zifra nabarmenak utzi zituen. Zenbat hildako eta zauritu eragin zituen bonbardaketa honek?

Hau galdera inportantea da, eta ongi da erantzutea oso zuhur. Badugu dokumentazioa hori erantzuteko. Guk ezin dugu erantzun nahi dugun kopurua, beste batzuk egiten duten bezala. Badugu Jaurlaritzak egindako txosten bat, non aipatzen du Gernikako bonbardaketaren ondorioz, 1.654 lagun baino gehiago hil zirela, baina bazekiten hildakoak askoz gehiago zirela. Ez zuten denborarik izan hondakinen azpian gelditu ziren gorpuak arakatzeko. Zenbaketa hori ez dago. Hauek dira gehienak ospitaletan hildako pertsonak.

38 lekuko ditugu garai hartan hitz egin zutenak, hau da, Gernikako bonbardaketan egon zirenak. Guztiek aipatzen dute gutxienez mila hildako egon zirela, Lekuko hauek dira ehuneko ehuna. Ez dago beste erreferentziarik, ez dago beste lekukotasunik, ez dago inor Gernikan egondakoa, hori baino gutxiago aipatzen duenik.

Francok agindu zuen Herrán txosten delako bat egiteko, eta horretan aipatzen dute bi kopuru ezberdin. 126 uste dut dela eta 45. Orduan ez dator bat. Baina, gainera, hori ez da dokumentu historiko bat. Ezin da erabili Francok agindutako txosten bat, justu gezurra esateko. Txosten horren helburua baita esatea Gernika “gorriek” erre zutela. Hortaz, hori ezin da erabili.

Galdera honen erantzuna da, bi milatik gora izan zirela hildakoak. Zergatik? Badugu Jaurlaritzaren dokumentua, 1654 hildakoena, alkatearena eta beste lekukoena. Andra Mariko aterpean hildakoekin, 1600 gehi 500 da bi milatik gora. Hau da erantzun bakarra, zientifikoki, historiografikoki eman dezakeguna. Beste erantzun guztiek, berdin zait 2.530 edo 317 ez dute historiografikoki inongo baliorik, ez dira irizpide bat, izan daitezke iritziak.

Beharbada halako hipotesiak garatzeko ere, Frankistek burutu zutena izan zen Gernikaren itxialdia ikerketarako. Baita ere, Kondor Legioko arduraduna nahiko obsesiboa zen ikerketa horiekin. Zer-nolako azterlanak egin zituzten?

Hor aztertu nahi zutena zen, alde batetik, babeslekuak. Richthofen oso kezkatua zegoen babeslekuekin. Durango eta Eibarren ikusi zuen babeslekuetan egondako hainbat pertsona salbu gelditu zirela. Hori saihestu nahi zuen. Baita ere, 250 kiloko bonba batek zoru mota ezberdinetan izandako efektua neurtu zuten. Zer horma erotzen ziren eta zeintzuk ez neurtu zuten, eta beste gauza asko. Hori dena idatzi jarri zuten eta dokumentua dugu. Horregatik dakigu hori gertatu zela. Eta gauza bera gertatu zen, beste toki guztietan. Richthofenen egunkariak dio Eibarrera bitan joan zela, apirilaren 25eko bonbardaketaren ondorioak neurtzeko. Gainera, Elorrio eta Elgetan egon zen. Esaten du bonbardaketaren efektuen analisi “xehatua” egin behar zela. Elkarrizketak egiten zituzten, galdetzeko ea zergatik bizirik jarraitzen zuten, hurrengoan hori ez gertatzeko.

Gernika hautatzeko arrazoi asko egon ziren, baina arrazoien arteko bat, garrantzitsuenetako bat izan zen. Gernika ez zela aurretik bonbardatua izan. Hortaz, Richthofenek bazekien zer egin zuten bere hegazkinek.

Gerora, Gernikako gezurra etorri zen. Bonbardaketa eta erasoaren egiletza gorriei, asturiarrei, gudariei, egotzi zien Frankismoak, baina hor matxinatuek ez zuten bonbardaketaren ardura bere gain hartu. Zergatik erabaki zuten gezurrera jotzea eta ez hartzea erantzukizuna?

Oso garbi dago bazekitela zer egin zuten. Ankerkeria baten atzetik beti dator gezurra. Konsubstantziala da, gehiegikeria eta krimenarekin. Francok agindu zuen, eta hori ere badakigu eta dokumentatua dago. Batzuk oraindik jarraitzen dut esaten Francok ez zekiela ezer bonbardatze honen inguruan edo beste erasoen inguruan ere. Ba Francok ez zuen bakarrik agintea eman, baizik eta gero, ordu gutxi batzuk eta gero, apirilaren 27ko goizeko 7.00ak baino lehen, gezurra esatea agindu zuen. Bi gezur izan ziren: Gernika Lekeitio bezala ez zela bonbardatua izan eta Gernika “gorriek” erre zutela. Hori bera esan zuten beste toki askotan. Gauza bera gertatu zen Mungian, Irunen eta Eibarren. Oraindik errepikatzen diren gauzak dira: “Eibar – Irun fue incendiada por los rojos en retirada”. Hori ez da egia. Ez dut esaten erre zituztela etxe batzuk. Irunen gertatu zen. Baina herria bera, suntsipen nagusia, hegazkinek suertatutakoa da.

Richthofen berak bere egunkarian esan zuen Eibar gorriek erre zutela, gezurra esaten bere buruari. Izugarria da. Berak koordinatu zuen bonbardaketa hori, Francok aginduta. Gainera, esaten du su-bonbak nahiko eskasak izan zirela, aurreko erasoek ez zutelako behar beste egur utzi. Hori berak idatzi zuen. Gezur horiek errepikatzen dira bonbardatzeak izukoak izan ziren herrietan.

Bukatzeko, aipatuko dugu Gernika batailoia izena edo Parisen Bigarren Mundu Gerran sartu zen lehen tanketetako batek Gernika izena zuela. Zergatik bilakatu zen Gernika sinbolo?

Gernika sinbolo bilakatu zen bonbardaketa eta gero. Askotan esaten da Piccasoren Gernikagatik dela, eta hori ez da horrela. Hasieratik, nolabait esateko, Gernika bonbardatu zutenean eta Piccasok bere koadroa Parisen zintzilikatu baino lehen milaka eta milaka artikulu argitaratu ziren mundu zabalean, Gernikari buruz. New York Timesek, adibidez, 63 artikulu argitaratu zituen, apirilaren 27tik hasita eta uztailaren 14 arte, gehienak orrialde nagusietan. Hortaz, Gernika bazen jada orduko sinbolo bat, eta horrexegatik Piccasok margotu zuen. Gerraren natura salatu nahi zuen. Gerora, Gernika ezaguna da Piccasoren lanagatik. Eta, noski, Gernika sinboloa bazen aurretik ere bai, Iparragirreren Gernikako Arbola edo Wordsworthen poemagatik, eta abar. Baina garai hartan zen demokraziaren, parlamentarismoaren, euskal eskubide politikoen ikurra. Eta bonbardaketa eta gero, Telesforo Monzonek esan zuen bezala, Gernikak utzi zion euskaldunen ikur izateari bakarrik, eta pasa zen nazioarteko ikurra izatera.

Jaurlaritza Logoa