Zuzenean

Elkarrizketa
Alberto Unamuno, Gaizka Muñoz eta Arkaitz Goikoetxea

Gernikarainoko bide odoltsua, 1937ko apirileko Munitibarren bonbardaketa

1937ko apirilak 26ko goizean, Condor legioak Munitibar bonbardatu zuen. Erasoaren 85. urteurrena gogoratuz, oroimenari herri bulkada eman diote. Bost oroimen-leku eta erasoaren testigantzak jasoko dituen liburua aurreikusi dute.  

Audio_placeholder

Gernikarainoko bide odoltsua, 1937ko apirileko Munitibarren bonbardaketa

Loading player...
Arkaitz Goikoetxea, Alberto Unamuno eta Gaizka Muñoz Munitibarreko plazan
Arkaitz Goikoetxea, Alberto Unamuno eta Gaizka Muñoz Munitibarreko plazan (NAIZ Irratia)

Egun beltza da apirilak 26a Bizkaian eta Euskal Herrian. Duela 85 urte gupidagabe erasotu zituzten airez Oiz menditik ipar mendebaldera dauden herriak. Goizean erasoturiko lehen herria Munitibar izan zen. Azkena, guztiok ezagutzen dugun Gernika, arratsaldez.

Orduan gertatutakoak berreskuratzek lanean ari den Ahaztuen oroimena ekimeneko kidea da Alberto Unamono: «frontea erortzen hasia zen eta gudari zein milizianoek atzera jotzeko deia jaso zuten». «Egoera lehertu zen erabat nazionalak Oiz mendira hurbiltzen hasi zirenean». Atzerakadaren berri izanez nazionalek airez erasotzea erabaki zuten. «Ez zieten eraso egin atzera bidean ziren tropei bakarrik; Munitibarko baserri gehienak bonben helburu izan ziren».

Munitibarren eraso egin zieten eraikinak
Munitibarren eraso egin zieten eraikinak

Aire erasoa hiru kolpetan burutu zen, goizeko bederatzietan hasita. «Txanda bakoitzean ikusten da etxeen gainetik pasatzen zirela eta euren helburua ahalik eta kalte gehiena egitea zela», zehaztu du Ahaztuen Oroimena elkarteko kideak. Lehergailuak jaurti ostean, ehiza-hegazkinek «mugitzen zen oro tirokatzen saiatzen ziren».

Eguerdiko erasoak bete-betean harrapatu zuen George Steer kazetaria. Markina-Xemein bidean, autoa utzi eta bonbek eragindako zulo batean babestu zen. «Bere teoria zen bonba bat erotzen den tokian ez dela beste bat eroriko eta bonba zuloak oso sakonak zirenez, ehiza-hegazkinek ez zutela gaitasunik haiengana tiro egiteko».

Aire erasoetan hogei bizilagun hil zituzten. Munitibarreko herritarrek ezin izan zituzten senideak hilerrian hobiratu. Salbuespena Justa Mendibe Arteach izan zen. Errebeldeak herrian sartu baino lehenago eraman zuten hilerrira. Gainontzekoak hegazkinek jaurtitako bonbek utzitako zuloetan hobiratu zituzten. Alberto Unamunoren esanetan, ez dago argi hobiratzeen zergatia. «Behar bada pentsatuko zuten gorriak edo separatistak zirela eta ez zutela merezi elizaren babesa. Nahiz eta herritar xumeak izan, eta segur aski fededunak».  

Memoria kolektiboa sortzeko guneak

85 urte igaro ostean, Munitibarrek gogoan izango ditu erasoan eraildako bizilagunak. Herritarrek bat egin dute, hobiak markatu eta memoria guneak sortzeko. Gaizka Muñoz bizilagunaren esanetan, bost memoria lekutan bertan hil edo ehortzitako bizilagunei buruzko informazioa seinalatuko da.

Lanketa hau isiltasunari aurre egiteko iritsi da. Arkaitz Goikoetxea alkateak dio, erasoaren transmisioa etxe barnean gelditu dela, memoria kolektiboa sortzeko aukerak mugatuz. «Pena da memoria kolektiboa sortu ez izana. Memoria lekuak horretara datoz, denon artean memoria kolektiboa landu eta sortzeko».

Jaurlaritza Logoa