Zuzenean

Elkarrizketa
Karmelo Landa

«Gernikako bonbardaketa Espainiako Estatu honen ekintza birfundazionala izan zen»

35 urte bete dira 'Gernikaren egiak' hitzaldiaz. Gernika batzordeak puntako historialariak bildu zituen, jendez lepo beteriko institutuan, bonbardaketaren gezurrak azaleratzeko. Karmelo Landa aurkezle lanetan egon zen solasaldian.

Audio_placeholder

«Gernikako bonbardaketa Espainiako Estatu honen ekintza birfundazionala izan zen»

Loading player...
Karmelo Landa Gernikako Pasialekun
Karmelo Landa Gernikako Pasialekun (NAIZ Irratia)

1987an 50 urte bete ziren Gernikako bonbardaketaz. Gernika Batzordeak 10 eguneko egitaraua antolatu zuen, eta “Gernikaren egiak” izeneko hitzaldian, Herbert Rutledg Southworth, Pierre Villar, Manuel Tuñon de Lara eta Jokin Apalategi historialariak batu zituzten. Karmelo landak aurkeztu zuen hitzaldia. Garai hartan, Gernikako Ikastolako irakaslea zen. Bonbardaketaren ukazioari aurre egitea zen helburuetako bat. «Hura izan zen kontu emate solemne bat. Oso zirraragarria izan zen. Han zeuden bonbardaketa jasandako batzuk. Jende uholdea etorri zen institutuko aretora».  

Jardunaldian «hunkigarria» izan zen. Tertulian eta galderak erantzunez hainbat orduz egon ostean, hitzaldia Andra Mariko babeslekua zegoen gunea bisitatuz bukatu zen. 1937an, bonbek aterpea ondoratu zuten bertan zeuden 450 pertsonei biziak ebatsiz. Karmelo Landak Pierre Villar historialaria «negarrez» ikusi zuen, gunera iritsi zirenean. «Historialariak dira. Azterketa objektiboa egiten dute, baina pertsonak dira. Bere begiekin ikustea urteetan modu zientifikoan aztertzen ari diren gai bat, eta Gernikan bertan ere. Inpaktu handikoa izan zen beraientzat ere».

Hitzaldia bertaratuen parte-hartzea eta adierazpen askatasunagatik nabarmendu zen. Ordura arte ez zen erreza bonbardaketaz hitz egitea. «Ez zegoen ezer esaterik garai hartan», dio Landak. «Nik uste, ez zen izan memoria ekintza bat bakarrik, baita ere garbiketa ekintza bat. Botatako zikinkeria guztia, hau da, biktimak, Gernika %80an suntsitu eta horren ondoren botatako gezur izugarria bota ondoren, garbiketarako beharra zegoen».

Erreparazio eta aitorpen terminoetan, Karmelo Landak nabarmendu du Alemaniak barkamena eskatu zuela. Ez da halakorik egon espainiar Estatuaren partetik. Historialariak dio, Espainiak Frankismoak idatzitako bertsioak «indarrean» jarraitzen duela. «Esanez ez zela bonbardaketarik egon, eta gudariek erre zutela Gernika; hori da azken bertsio ofiziala. Horren ondoren ezein Gobernu espainolek ez du aitorpenik egin, ez damurik agertu».

«Ispilu baten aurrean begiratu»
Balizko aitorpen edo erreparazioaz galdetuta, Karmelo Landak historialarien «zintzotasuna» balioan jarri du. Baita, egun bakoitzeko bizpahiru bonbardaketa egon zirela Bizkaian. «Herri ia guztietan egon ziren bonbardaketak. Hori zen benetako genozidio-txikizio proiektu bat».

«Gernikako bonbardaketa Estatu espainiar honen ekintza birfundazionala izan zen», ondorioztatzen du historialariak. «Kolpe militar odoltsu eta genozida baten bitartez finkatu zen Estatu espainiar hura. Bereziki erasokorra da langile mugimenduarekin, beste modelo soziopolitikoa planteatzen zutelako Errepublika barruan, eta batez ere nazioekin. “España una, grande y libre” da birfundazio hori. Hau da, hemen da nazio espainola bakarrik, “castellanoa”. Hori da naziotasuna eta ez dago beste naziotasunik. Horren oinarrian birfundatzen dute Estatu espainiarra, baina Estatu espainiar hori Franco hil ondoren ez da aldatzen. Egiten da itxura aldaketa bat, trantsizioa deiturikoa».

Jaurlaritza Logoa