En directo
«Bakarrik egitea baino, kolektiboan egitea ezinbestekoa izango dugu»
Ernaik antolatutako gazte martxaren harira, «Borrokak egiten gaitu aske» mahai ingurua egin dute Elizondon larunbat honetan. Proiektu politikoaren beharra nabarmendu dute zapalkuntzei aurre egiteko. Honen inguruan hitz egiten aritu da Ane Alava Ernaiko bozeramailea NAIZ Irratian.
ELKARRIZKETA ANE ALAVA
Zer moduz doa gazte martxa?
Momentuz, oso pozik gaude jendearen harrerarekin eta parte-hartzearekin. Izugarrizko ilusioa nabaritzen da giroan. Hala ere, azpimarratzekoa da atzo bost eraso salatu behar izan genituela, eta beraz, gazte martxa nahi beste ospatu ezin dugula. Baina, tira, gainontzeko guztia aurrera doa, egitaraua aurrera doa eta gogo handiz helduko diogu arratsaldeari.
Jende ugari bildu zarete egun hauetan, espero zenuten hemen sortu den elkartasuna?
Egia esan, jendetza bildu da. Guk kalkulatzen genuen milaka gazte batzea, baina milaka gazte baino askoz gehiago batu gara; eta ez soilik kuantitatiboki zenbatuta, baizik eta kualitatiboki gazte martxa hau asko ematen ari da bai komunitate independentista indartu eta biderkatze aldera, elkar ezagutu eta berriz ere kaleak eta espazio publikoak okupatzeko. Bere horretan, gazte martxak badituen helburuak, proiektu politikoa landu, hausnartu eta makinatzeko balio izaten ari da.
Mahai inguruari «Borrokak egiten gaitu aske» izena jarri diozue. Zein baldintza dago borrokarako, eta horren harira, zein irakurketa egiten duzue?
Alde batetik, testuinguru aldakorra aipatu beharra dago. Egungo koiunturak aldatuz doaz. Gizartea likido gisa definitu izan dugu, baina gaseosoa dela ere esan dezakegu, egun batetik bestera erreferenteak agertu eta desagertu egiten direlako. Bestetik, krisi anizkoitza aipatu nahiko nuke. Jada ez gara krisi inmobiliario batean bizi 2008koa izan zen bezala. Bizi dugun krisia ez da soilik ekonomikoa: osasun krisia, zibilizazioarena, baloreen krisia, ekologikoa... eta guztiak elkar loturik eragiten ari zaio gazteriari. Horrek eragiten du jada prekarietate prozesuan zegoen gazteriaren prekarietate egoera azkartzea eta areagotzea, etorkizuna irudikatu ezinik eta nolabaiteko etsipenean jausteko arriskuan.
Aipatu duzue mahai inguruan, ez hainbeste norbanakoari begira, baina bai modu kolektiboan pentsatuta, Ernai gazte antolakundean ikusten duzuela beste mundu bat posible dela.
Mahai inguruan azpimarratu nahi izan dugu ez dagokigula borrokatzea soilik gure behar pertsonaletatik eta gure ezinegon egoerari irtenbidea emateko, baizik eta benetan sinesten dugulako hau ez dela guztia eta hau ez dela izan behar duguna eta badaukagula asko esateko, eraikitzeko, borrokatzeko, eta lehiatzeko. Hori, bakarrik egitea baino kolektiboan eta kolektiboaren indarrean egitea ezinbestekoa izango dugu.
Proiektu politikoa ortzi-muga izatearen garrantzia izatea aipatu duzue.
Ezinegon eta horrelako inpass egoeran, Ernaiko militanteok badakigu nora jo, zer nahi dugun eta nondik jarraitu borrokatzen. Heldulekurik eta espektatibarik ez badugu ere, benetan sinesten badugu beste zer edo zer sortu dezakegula, eta hori irudikatuz eta horretarako bidea marraztuz, aurrera egitea bidean errazagoa izango zaigu. Horregatik esan dugu, kurtso honetan zehar militantzia guretzat ere izan dela helduleku.
Eta nola egiten da guzti horren lanketa?
Alde batetik, proiektu politikoa bera gure bizitzako esparru guztietara hedatuz. Hori egiten da, kuadrilarekin hitz eginez, bakoitzak bere subjektibitatetik hitz eginda ere; proiektu politikoaren lanketa esplizitua egin, topagunea den toki batean adibidez, baina baita, herrietatik alternatibak sortuz eta pixkanaka Estatu gabe baina Estatua eraikitzen lanean egonez.
Nazio eraikuntza ere aipatu duzue, eta nazio eraikuntza horretan gazteek paper garrantzitsua betetzen duzuela azpimarratu duzue.
Alde batetik, gazteriak duen errebelde izatearen eta ez konformatzearen grin horretatik gazteok benetan nahi dugun hori eraikitzeko gaitasuna daukagu eta horregatik dagokigu ere ardura hartzea eta sortuak dauden mugimenduetan parte hartzea, hauek hauspotuz eta mugimendu berriak sortuz, herriarekin eta herriarentzat.
Horren harira, aipatu duzue nazio eraikuntza hori egunetik egunera eraikitzen dela, askotan su txikian. Zein borroka azpimarratuko zenituzke? Mahai inguruan, gaztetxeen mugimendua eta neska gazte taldearen olatuari buruz aritu zarete berriketan.
Mahai inguruan aipatu den beste baten inguruan ere hitz egin nahiko nuke, zaintza sareena, hain zuzen ere. Horrek ekarri du Gobernuak pandemiari irtenbide oker bat ematen ari zitzaion momentuan herritarrak batu eta, gazteok motor izanda, gure beharrei erantzungo zion zerbait sortzea. Euskal Herrian hedatu eta berriz ere berrindartu behar ditugun soin komunitarioa eta auzolanerako gogoa berreskuratu ditugu, eta hori ere bada Estatua egitea, nazioa egitea, identitatea sortzea eta, nola ez, aberastasunaren banaketa. Erakustea nola sistema jakean sartzen denean eta kapitalismoaren porrota irudikatzear dagoenean, herritarrok badaukagula gaitasuna horri aurre egiteko eta alternatiba errealak eta materialak planteatzeko.
Azkenik, zergatik uste duzue dela garrantzitsua horrelako elkarguneak gazteentzat sortzea?
Alde batetik, gure arteko harremana egiteko antolatu dugu hau, izan ere, bi urte daramagu horrelako formatu bat izan gabe. Pandemian zehar kaletik bota gaituzte, gazteok kriminalizatuak izan gara elkar zaintzeagatik eta elkarrekin batzeagatik. Honen ondoren, ezinbestekoa genuen horrelako momentu bat sortzea, non gazteok lehen lerroa hartu, eta kalea eta Baztan osoa okupatuko genuen, geure neurrira eraikiz, egin eta biziz lau egunetan. Horregatik ere sortu dugu hau dena.