En directo

Naiz Irratia

Uxue Barkos: «Administrazio publikoan euskara meritu bat ez izatea erokeria bat da»

Nafarroako administrazio publikorako sarbidean euskararen balioa zehaztuko duen dekretu berria kritikatu du Uxue Barkos Geroa Baiko bozeramaileak. Funtsezkoa Euskararen Legea aldatzea dela nabarmendu du, baina Parlamentuan ez dagoela nahikoa gehiengo horretarako.

Audio_placeholder

Uxue Barkos: «Administrazio publikoan euskara meritu bat ez izatea erokeria bat da»

Loading player...
Uxue Barkos Geroa Baiko bozeramailea, Nafarroako Parlamentuan. (Iñigo URIZ / FOKU)
Uxue Barkos Geroa Baiko bozeramailea, Nafarroako Parlamentuan. (Iñigo URIZ / FOKU)

Nafarroako aktualitate politikoari begira jarri gara Uxue Barkos Geroa Baiko bozeramailearekin. Euskara hartu dugu lehenik hizpide. Izan ere, Maria Chiviteren gobernuak erabaki du eremu ez euskaldunean, administrazio publikoan, euskarak ez duela baliorik izango, ez dela meritu gisa aintzat hartuko. Barkos ez dago ados arau berriarekin, «euskara ez da meritu bat, aldiz ingelera edo frantsesa bai, hau erokeria bat da gure ustez».

Funtsezkoa Nafarroa hiru zonaldetan banatzen duen Euskararen Legea aldatzea dela uste du, baina gaur gaurkoz horretarako gehingorik ez dagoela ohartarazi du. Ondorioz, «tristea da XXI. mendean horrela egotea», baina «borrokan jarraitzea besterik ez da gelditzen», Barkosen esanetan.

Gobernu espainoleko lan erreformaren alde bozkatzeko PSOE eta UPNren arteko akordioaz ere galdetu diogu noski. Barkosek kritikatu egin du estatu mailako akordioek Nafarroan eragina izatea eta auzi honek PSN eta Geroa Bairen arteko konfidantza hautsi egin duela baieztatu du, «konfidantza horiek berriro josteko aurrerapusuak eman beharko ditugu datozen hilabeteetan».

Nafarroako torturatuak

Nafarroako torturatuen elkartea aurkeztu berritan, indar polizialen biktimek aitortza handiagoa behar ote duten galdetuta, Barkosek erantzun du «legeak» ematen dituen aukerak probestu behar direla, instituzioak inplikatu egin behar direla «halako kasuak argitzeko» eta publikoki «biktimen duintasuna» onartu behar dutela.

Jaurlaritza Logoa